Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Krisi politiko berria Bulgarian, euroa indarrean sartu bezperan

Bulgariako Gobernuak dimisioa eman du herrialdea eurogunean sartu baino hogei egun lehenago. Aurrekontu proiektuan jasotako zerga igoerak eragin zuen protesta, eta gero mobilizazioek oso gora egin dute gobernua botatzea lortzeraino. Ustelkeria aipatzen da sarri, baina egoera ekonomikoa oez da ona.

anifestari bat, Gobernuaren aurkako protesta batean Bulgariako bandera astintzen, abenduaren 10ean, Sofian
anifestari bat, Gobernuaren aurkako protesta batean Bulgariako bandera astintzen, abenduaren 10ean, Sofian (Dimitar KYOSEMARLIEV | AFP)

Bulgariako Gobernuak dimisioa eman du herrialdea eurogunean sartu baino hogei egun lehenago. Aurrekontu proiektuan jasotako zerga igoerak eragin zuen protesta, eta gero mobilizazioek oso gora egin dute gobernua botatzea lortzeraino. Ustelkeria aipatzen da sarri, baina Bulgariako egoera ekonomikoa ona izatetik urrun dago.

Bulgariako Gobernuak dimisioa eman zuen ostegunean, zenbait astetako protesten ostean. Lehen ministroak, Rosen Zheliazkovek, kargua uzteko telebistako hitzaldian hau esan zuen: «Herritarren ahotsa entzuten dugu. Haien eskaera Gobernuari uko egitea da (...) Gizarte-energia hori babestu eta bultzatu egin behar da». Dimisioarekin batera, Parlamentuak urtebete eskasean seigarren zentsura-mozioa bozkatu zuen.

Gobernuak GERB alderdi kontserbadorearen, Bulgariako Alderdi Sozialistaren eta ITN populistaren babesa zeukan. Orain, parlamentu oso zatikatuan, zalantzazkoa da koalizio berri bat osatu ahal izatea; beraz, litekeena da udaberrian hauteskundeak izatea; 2021etik zortzigarrenak izango lirateke.

Euroetan egin ziren lehenengo kontuek aurreikusten zuten zergak eta gizarte-kotizazioak handitzea, eta igoera horiek protestak eragin zituzten

Ezegonkortasun politikoaren arrazoi nagusia ustelkeria dela esaten da askotan, baina ezin da ahaztu Bulgaria euroa onartzear dagoela. Urtarrilaren 1ean bihurtuko da euroguneko 21. kidea. Bada, hain justu, 2026ko aurrekontuek eragin zituzten protestak. Izan ere, euroetan egin ziren lehenengo kontuek aurreikusten zuten zergak eta gizarte-kotizazioak handitzea, eta igoera horiek protestak eragin zituzten. Gobernuak proiektua erretiratu zuen, baina protestek jarraitu eta exekutiboa botatzea lortu dute.

Euroaren itzala 

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak joan den hilean aitortu zuen moneta aldaketak inflazioa handitu dezakeela «epe laburrean». Esperientzia nahikoa dago jakiteko inflazioa ez dela epe laburrera mugatuko. Ez da harritzekoa, beraz, Bulgariako herritarren %50 inguru moneta bakarraren aurka agertzea. Herritarren gaitzespen zabal hori ikusita, plataforma bat eratu zen euroari buruzko erreferenduma antolatzeko. Herrialdeko presidentea bera, Rumen Radev, izan zen bultzatzaileetako bat. Azkenean, Parlamentuak ukatu egin zuen aukera hori.

Tentsio politikoak gorabehera, «euroranzko orientazio estrategikoa mantendu egiten da», adierazi zuen Dimitar Radev Bulgariako Banku Nazionaleko gobernadoreak joan den astean. Izan ere, Europan prestaketekin jarraitzen dute. Abenduaren 11n, Europako Egonkortasun Mekanismoak (MEDE) Bulgaria erakunde horretan sartzea onartu zuen. Orain, Bulgariako erakundeei dagokie euroaren egonkortasuna zaintzeaz arduratzen den erakundean ofizialki sartzeko ituna berrestea, eta litekeena da hori 2026ko lehen seihilekoan gertatzea.

Ekonomia hauskorra 

Euroa testuinguru jakin batean txertatuko da. Oro har, Bulgariak kontu makroekonomikoak onbideratuta ditu. 2024an zor publikoa ez zen BPGaren %24ra iristen eta defizita %3koa zen; hala ere, bere ekonomia txikia eta menpekoa da. Alemaniako automobil-sektorea da bezero nagusia, eta, beraz, bertako herritarrak beldur dira Alemaniako industriaren egungo beherakadak gogor eragingo ez ote duen herrialdean. Ekonomialariek behin eta berriz diote kanpoko edozein talkak berehalako eragina izango duela Bulgarian eta milaka lanpostu galduko direla. Kolpe latza izango da hori egun Europar Batasuneko batez besteko soldata baxuena duen herrialdean; izan ere, 2023an 14.000 euroko zifra ozta-ozta gainditzen zuen urteko soldatak.

Kezka handiena da euroarekin subiranotasun ekonomikoa behin betiko galduko dela

Kezka handiena da euroarekin subiranotasun ekonomikoa behin betiko galduko dela. Bulgariak uko egingo dio nazio autodefentsarako azken tresnari: monetari. Izan ere, interes-tasak, inflazioaren eta langabeziaren aurkako borroka eta abar kanpoan erabakiko dira. Hori dela eta, politikari batzuek diote euroa ez dela integraziorako bidea, xurgapena baizik; herrialde txiki bat, Europako potentzia handien interesen arabera diseinatutako finantza-sistema batera bultzatuta.

Bulgariarrek badute arrazoirik euroaren barruan izango duten etorkizunaz arduratzeko, eta horrek beti handitzen du ezegonkortasun politikoa.