Aktualitateko erredaktorea

Bi haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, komitiba judiziala joan ez den arren

Aurora, Angel eta bere 2 eta 3 urteko seme-alabak etxegabetu dituzte astelehen honetan Bilboko Zurbaranbarri auzoan. Indarkeria matxistaren biktima da emakumea, eta zaurgarritasun izaera aitortua dua, baina epaitegiak ez du aintzat hartu. Arratsaldean manifestazioa burutu dute.

Ertzainek etxerako sarbidea inguratu dute, jendea hurbildu ez dadin.
Ertzainek etxerako sarbidea inguratu dute, jendea hurbildu ez dadin. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bi eta hiru urteko bi haur dituen familia bat etxegabetzeko operazioa goizetik jarri dute abian Bilboko Zurbaranbarri auzoan. Ertzainak goizean joan dira, kalea moztu dute eta sarrailagilea eta epaitegiko idazkaria eguerdi aldera iritsiko zirela espero bazen ere, azkenean ez dira agertu. Hala ere, polizikide batek aitortu die manifestariei irregulartasun bat izan arren, burutuko zutela etxegabetzea.

Gauzak horrela, udaltzainak eraikinera sartu dira eta mazo-kolpez bota egin dute etxeko atea. Etxegabetzea salatzeko, auzoko zenbait eragilek deituta, manifestazioa egingo dute 19:00etan, Zurbaranbarriko Iturriondo plazatik.

Goizeko 10:30ak aldera, ertzainek sei furgoi aldera portaleko atarian utzi dituzte. Zurbaranbarriko Lezamako Bide Zaharra moztu egin dute, eta etxeko sarbidea inguratu dute, jendea hurbildu ez dadin. Aurora, Angel eta bere 2 eta 3 urteko haurrek sei hilabete zeramatzaten hutsik zegoen pisu batean, eta etxetik botatzeko asmoarekin etorri dira hogei bat ertzain eta udaltzain.

Etxegabetzea eragozteko eta familiari elkartasuna adierazteko, dozenaka lagun bertaratu dira etxearen aurrean AZET etxebizitza sindikatuak eta auzoko zenbait eragilek deituta. Ertzaintzak, aldiz, hurbildu diren auzokideak mehatxatu eta hortik kentzeko esan die. Gauzak horrela, manifestariak kalearen bi aldeetan kokatu dira. Ordurako, gero eta lagun gehiago bilduak ziren protestatzera eta familiari babesa adieraztera, «Ez, ez, kaleratzerik ez!» eta «etxegabetzea gelditu» oihukatuz.

Komitiba judiziala 12.00etan heltzekoa zen eta itxaropentsu mantendu dira AZET sindikatuko kideak negoziatzeko asmoz. Haatik, ohi ez den bezala, idazkari judiziala ez da agertu. Sindikatuko kide batek aitortu duenez, udaltzain batek onartu die «egoera irregularra» izan arren, etxegabetzea burutuko zutela.

«Bizkaiko Probintzia Auzitegiak familia zaurgarria dela adierazten duen helegite bat onartu du, baina idazkari judiziala ez denez agertu, ez dugu aukerarik izan familiaren eskubideak defendatzeko», irmoki salatu du etxegabetzeko prozedura Peio Almagro AZET Etxebizitza sindikatuko kideak.

13.00ak aldera, udaltzainak eraikinera sartu direnean, tentsio uneak izan dira. Izan ere, etxebizitzaren ezkaratzearen aurrean hamar lagun eseri dira eta udaltzainak atarira joan dira bertan zeudenak erditik kentzeko. Haien aurka oldartu dira ertzainak: kolpatu eta arrastaka eraman dituzte banan-banan, hauek identifikatuz. Dena den, sindikatuko kideek aipatu dute ez dela atxiloturik egon. 

Udaltzainek familia kaleratzeko agindua zutela argudiatuta, aurrera egin dute etxegabetzearekin. Barrura sartu dira poliziak, etxean zeudenak ateratzera. Pisura igo direnean, eta atea irekitzen ez zuten ikusirik, udaltzainek mazo-kolpez bota dute atea. 14.30etan, barruan zeuden AZET sindikatuko azken kideak kaleratu dituzte eta etxegabetzea burutu dute. «Botere judizialek ez dute bizitzaz ulertzen, eta badakigu nola funtzionatzen duen justiziak pertsona eta kolektibo pobreentzat. Helegite bat jarrita eta onartuta egon arren, familia hau kalera doa», kritikatu du Almagrok etxegabetzea gauzatu ondoren. Horrez gain, Bilboko Udalak ez duela «alternatiba duinik» gaitzetsi du.

Sindikatuak jakinarazi duenez, etxegabetu duten emakumea, Aurora, indarkeria matxistaren biktima da eta zerbitzu sozialek zaurgarritasun izaera onartu zioten. «Hala ere, Bilboko 5. Instrukzio Epaitegiak bizkortu egin du etxegabetzearen prozesua», azaldu du Ana Crespo AZET Etxebizitza sindikatuko kideak. Crespok azaldu duenez, familiak sei hilabete zeramatzan auzoan, eta «guztiz integraturik» zeuden. «Haurrak datorren ikasturtean Zurbaranbarriko eskolan hastekotan ziren», gaineratu du Crespok.

Etxegabetzea salatzeko manifestazioa

Etxegabetzea salatzeko, Kaixo konpartsa, Pituxka talde feminista, Zurbaranbarriko jai batzordea, Uribarri Prest plataforma soziala eta AZET etxebizitza sindikatuak deituta, manifestazioa egin dute 19:00etan, Zurbaranbarriko Iturriondo plazatik abiatuta. «Familiarentzako alternatiba bat» eta «etxebizitza ezin dela negozio izan» aldarrikatu dute.

«Erakunde publikoen eta sistema judizialaren jarrera ikusita, antolatzea eta borrokan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen etxegabetzeak ekiditeko», adierazi du Peio Almagro AZET Etxebizitza sindikatuko kideak.