NAIZ

Anton Abadiaren biografia euskaratu eta berrargitaratu dute

Iñigo Sagarzazu Altunak Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografia berrargitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean. Euskara eta frantsesera ekarri dute ikerlari hondarribiarrak geografo, hizkuntzalari eta euskaltzale handiaren inguruan idatzi zuen liburua.

Iñigo Sagarzazu Altunak Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografiaren aurkezpena.
Iñigo Sagarzazu Altunak Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografiaren aurkezpena. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Iñigo Sagarzazu Altunak (Hondarribia, 1963-2004) Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografia berrargitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean, Abadia Sariaren 25. edizioa ospatzeko antolatutako egitarauaren barnean. Euskarara eta frantsesera ekarri duten obra astelehen honetan aurkeztu dute.

‘Abbadie. El sabio y su tiempo’ izenburupean argitaratu zuen 1997an Iñigo Sagarzazuk Abadiaren biografia, gaztelaniaz, hamar urtez ikertzen jardun ondoren. Fikziozko ikus-entzunezko bat prestatzen ere luze aritu zen. Lan hura 1988an filmatu zen, Abadia jauregian bertan, Hendaian, baina hainbat arazo tarteko zirela, amaitu gabe geratu zen.

2004. urtean hil zen Sagarzazu eta liburuaren maketa zein irudiak galdu egin ziren. Berreskuratzen lan nekeza egin ondoren, baina, 2019an berrargitaratu zen, edizio txiki batean. Orain, Aldundiak eta Elkar argitaletxeak lankidetzan berrargitaratu dute aurreko edizioak agortuta egonik, «Abadia gogoangarriaren biografia honen kalitatearen aitortza» egin asmo dutelako. Aipatu bezala, euskaraz eta frantsesez ere argitaratu dute lehen aldiz.

Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak aipatu duenez, 25. edizio honetan, sariari berari garrantzia instituzional handiagoa emateaz gain, Anton Abadiaren historia eta hark egindakoak «berreskuratu eta ezagutarazi» nahi izan ditu Aldundiak.

«Bere bizitza ibilbidean egindako lana XXI. mendera ekarri nahi genuen, berrikuntza eta euskara, tradizioak eta esploratu gabeko muga berriak, uztartu zituelako. Gaur egun, bizi-bizi, esku artean ditugun tresna eta balio berak baliatzen zituelako hein handi batean, hizkuntza biziberritzeko ahaleginean», gaineratu du Mendizabalek.

Helburu horrekin «bete-betean» bat egiten du astelehen honetan aurkeztutako biografiaren berrargitalpenak, Mendizabalen iritziz. Gaineratu duenez, «ezkutuan gera zitekeen pertsonaia bat iraunarazi du”»Hondarribiako ikerlariaren lan ederrak eta, horregatik, aitortza eta esker on hitzak izan ditu Iñigo zenaren memorian. Baita haren familiarentzat ere, liburua «bizirik» mantentzeko urtetan zehar egindako ahaleginagatik.

«Honako hau Abadiaren biografia zorrotz, gaurkotu eta oso-oso erakargarria da. Denboraren poderioz, jakintsu haren irudia pixka bat zurrunduta geratu da, nahitaez. Iñigo Sagarzazuk, aldiz, hezur eta haragizko Abadiarengana hurbiltzen gaitu. Seguruena hori da liburu honen sekretuaren giltzarria», nabarmendu du Martin Ansok.

Sagarzazuren lanaren euskarazko itzulpena Zuriñe Barrerek egin du eta frantsesezkoa, berriz, Celine Escorrouk, biak ere Tisa etxeko itzultzaileak.

Abadia Sariaren 25. edizioa

Anton Abadia (1810-1897) geografoa, astronomoa, hizkuntzalaria, etnografoa eta beste hainbat alorretako aditua izan zen. Hain zuen jakin-min handia, ezen diziplina gutxi egin zitzaizkion arrotz. Izan ere, usadio zaharreko jakintsua izan zen.

«Urrutikoa interesatu zitzaion, eta Niloko iturburuak aurkitzea izan zuen bizitzaren ardatz, baina hurbilekoa inolaz ere ahaztu gabe; horren lekuko da euskara sustatzeko egin zuen funtsezko lana. Denboraren poderioz, haren lorpen zientifikoek distira galdu dute, baina haren biografia harrigarria da. Hendaian eraikiarazi zuen jauregia bezain harrigarria», azaldu du Aldundiak ohar batean.

Aurtengo edizioarekin 25.a izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Abadia Sariak, zeinak 1996an martxan jarri zenetik aitortu duen euskara biziberritzearen aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna. Mugarri horrekin bat, foru erakundeak aitortza honen garrantzia instituzionala «areagotzeko erabakia» hartu du, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta aitortzari oihartzun handiagoa emanez.

25. edizioa ospatzeko, gainera, programazio eta ekintza bereziak antolatu ditu aurten Aldundiak, euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezagun.

Egitarau hori borobiltzeko, ekainaren 19an Eibarren egingo den ekitaldi batean Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, «aisia eta dibertimenduaren» euskarari egin dion eta egiten dion ekarpen berritzaileagatik.