NAIZ

EAEn goi mailako kirol lehiaketak antolatzen laguntzeko 300.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak

Iaz baino 100.000 euro gehiago eskainiko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kirol ekitaldientzat, baldin eta «nazioarteko eremua eta izaera» badute. 2024an 29 kirol ekitaldik izan zituzten aipatu diru laguntzak, tartean Zegama-Aizkorri mendi maratoia edota Zornotzako Nazioarteko Krosa, adibidez.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiak 2024ko goi mailako kirol lehiaketa delako Lakuaren diru laguntzak jasotzen ditu.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiak 2024ko goi mailako kirol lehiaketa delako Lakuaren diru laguntzak jasotzen ditu. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Lakuako gobernuak 300.000 euro banatuko ditu aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan goi mailako kirol lehiaketak antolatzeko diru laguntzetan, iaz baino 100.000 euro gehiago, hain zuzen, astearte honetako gobernu bileran onetsitako deialdiaren arabera.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren arabera, goi mailako kirol lehiaketatzat onartuko dira «nazioarteko eremua eta izaera» duten lehiaketak, eta deialditik kanpo geratuko dira, aldiz, «kirol erakusketa edo ikuskizunak», baita halaber «nazioarteko izaerarik ez dutenak».

Diru laguntza eskatzeko epea hilabete batekoa izango da. Aipatu deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik jarriko da martxan, bestalde.

2024ko deialdiari errepasoa eginez, orotara goi mailako 29 kirol ekitaldik jaso zituzten Lakuatik bidalitako aipatu diru laguntza hauek. Besteak beste, Zornotzako Nazioarteko Krosa, Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Karrantzako zein Igorreko nazioarteko ziklokrosak, Eibarko Hiria Txirrindularitzako Sari Nagusia, emakumeen Araba World Tennis Tour lehiaketa, Durango-Durango Emakumeen txirrindularitza Saria edota Ordiziako Klasikoa.