Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Claudia Florentinoren etorrerarekin ireki du Realak fitxaketen sasoia

Claudia Florentinok 2027ra arte sinatu du Realarekin. 27 urteko atzelari honek Valentzian jokatu ditu azken bi urteak eta aurretik, Real Madril eta Fundacion Albaceten aritu zen. Arturo Ruiz entrenatzaileak 18 jokalari ditu jada taldean.

Maider Castillo, Claudia Florentino eta Alex Uranga Anoetan.
Maider Castillo, Claudia Florentino eta Alex Uranga Anoetan. (Real Sociedad)

Realak bere proiektu berriaren eraikuntzaren lehen zatia itxi zuen Intza Egigurenen berritzearekin, orain fitxaketen txandari bide emateko. Defentsa indartuko duen –errefortzu gehien behar dituen lerroa, aurrelariarekin batera– eta taldeari esperientzia emango dion Claudia Florentinoren etorrerarekin ireki du. 2027ra arte sinatu du klub txuri-urdinarekin.

Florentino (Valentzia, 1998) Valentziako Akademian hezi zen; hamaika urterekin sartu eta zortzi denboraldi eman zituen bertan. Lehen Mailan debutatu bai baina oso minutu gutxi jokatu zituen Lehen Mailan eta Fundacion Albacetera alde egin zuen. Han hiru denboraldiz jokatu zuen eta ondoren, beste hiru eman zituen Reak Madrilen. 2023an Valentziara itzuli zen. Bi urte zail izan dira taldearentzat, iaz sufritu eta aurten 1. RFEFera jaitsi baita. Baina arlo pertsonalean, Florentinok bere mailarik onena lortu du eta konfiantza osoko jokalaria izan da denbora honetan Valentziaren aulkitik pasa diren hiru entrenatzaileentzat.

Jokalari polibalentea da baina erdiko atzelari bezala nabarmentzen da. Realak behar zuena, alegia; Lucia Rodriguezek erdian ere ondo jokatzeko gai dela erakutsi duen arren, Apari bakarri baitzuen postu horretarako, Vanegas, Etxezarreta eta Valleren irteeren ondoren. Valentziarrak, gainera, esperientzia emango dio oso gaztea den taldeari. Hamaika urte dira Lehen Mailan debuta egin zuenetik, eta, parte-hartze txikiagoko denboraldiak izan dituen arren, 160 partida jokatu ditu jada gorengo mailan.

Erregulartasuna eta lehiakortasuna

«Pozik nago emakumezkoen alde apostu handia egiten duen klub batekin sinatzeagatik. Ilusio eta gogo handia dut –esan du futbolariak–. Txikitatik atentzioa eman dit hemen futbolean dagoen kulturak, nola bizi den, zaletasunak...».

«Izaera, nortasuna, grina, intentsitate handia eman nahi» du Florentinok. «Taldeko jokalaria naiz eta taldeari asko ematea espero dut».

Taldearen helburuei dagokienez, «aurreko emaitzak hobetzea, jardunaldi guztietan lehiakorrak izatea, erregulartasuna izatea, jarritako helburuen alde azkeneraino borrokatzea...» aipatu ditu. Eta «batez ere, erregularrak izatea eta partida guztiak lehiatzea, aurkaria edozein dela ere».

Zaleei ere mezua bidali die, jokalariek eta taldeak «haien laguntza asko nabaritzen» dela nabarmenduz. «Jokalariek eta taldeek zaleen babesa sentitzen dutenean, sinergia oso polita sortzen da. Topikoa dirudi, baina elkarrekin eskutik helduta, denok gara indartsuagoak».

Florentinoren etorrerarekin, Arturo Ruizek dagoeneko 18 jokalari ditu taldean, baina posizioen araberako banaketa ez da orekatua. Klubak lerro guztiak indartu nahi ditu baina ahalegin handienak eraso puntara bideratzen ari da.