Urtzi Urrutikoetxea

Kaliforniako gobernadorea, demokraten itxaropena 2028rako

(Hector AMEZCUA | CONTACTO)

Kaliforniako gobernadorea ez da arrotza AEBko politikagintzan. Alderdi demokratako izar nagusietakoa, Presidentetzarako hautagai izateko faborito nagusietakoa izan da azken urteotan, eta Los Angelesen Donald Trumpen aurka erakutsitako jarrera irmoak kinieletan goian jarri du berriz ere.

San Frantziskoko familia ezagun batean sortua (urruneko ahaidetasuna dauka, esaterako, Nancy Pelosi Kongresuko presidente ohiaren familiarekin), Gavin Newsomek dislexia arazo handiak izan zituen eskolan. Egun ere sarritan aipatzen du ikasteko izan zituen zailtasunak, bizitzako erronka bezala.

Ikasketen ostean, ardoaren negozioan ibili zen, eta San Frantziskoko udalean hasi zen politikagintzan 1996an. Hiriko alkate hautatu zuten 2002an eta 2006an, eta Kaliforniako gobernadoreordea 2010ean. Bi legealdi egin ostean, estatuko gobernadorea da 2019tik. Pandemian, etxeratze agindua eta bestelako neurri zorrotz batzuk ezarri zituen, eta Trumpen Gobernuarekin lehen sesioak izan zituen horregatik. Era berean, Kaliforniako zenbait lege progresistarekin haserre, Elon Muskek San Frantziskoko badiatik Texasera eraman ditu enpresak azken urteotan.

Newsomek ez du ezkutatu Etxe Zuriagatik lehiatzeko interesa. Bere estatutik kanpo mitinak egin izan ditu eta telebista kate nazionaletako elkarrizketetan parte hartu ohi du (Fox kate eskuindarrean Joe Bidenen aldeko hitzartzerik interesgarrienetakoa izan zuen). Duela urtebeteko eztabaidan Bidenek hondoa jo eta gero, behar zenerako prest zegoela esan zuen. Azkenean Kamala Harris izendatu zuten, Newsom bezala San Frantziskokoa, baina 2028rako kinieletan jarraitzen du.

ZENTRORANTZ MUGIMENDUA

Historikoki jarrera progresistak mantendu izan ditu gai gehienetan, baina neurrietako batzuetan atzera egin du, eskaleen aurka esaterako. Era berean, demokraten LGTBQ+ aldeko jarreretan ñabardura egin du aurten: trans pertsonen eskubideen alde dagoela esan arren, emakumeen kiroletan biologikoki emakume direnek soilik parte hartu beharko luketela adierazi du berriki. Zentrorantz mugimendu horretan, AEBra legez kanpo sartu zirenen osasungintza eskubidea mugatzearen alde ere egin zuen maiatzean.

Adierazpen berri horiek kritika ugari ekarri dizkiote ezkerreko demokraten aldetik. Orain, Trumpen aurkako jarrera irmoak, gobernadorea atxilotzeko mehatxu eta guzti, berriz ere sektore progresisten mirespena ekarri diote.