
Denboraldiko Eusko Label eta Euskotren ligak noiz hasiko zain –uztailaren lehen asteburuan hasiko dira–, zenbait txapelketa garrantzitsu ospatu dira azken asteetan. Gipuzkoa eta Bizkaiko Txapelketak, eta Euskadikoa behin igarota, asteburu honetan Espainiakoaren txanda zen. Eta bertan, Castro Urdialeseko uretan, Oriok, gizonetan, eta Arraun Lagunakek, emakumeetan, ez dute hutsik egin.
Mirotzak azkarrenak izan ziren larunbatean, kanporaketako estropadan, eta igande honetan berretsi dute euren nagusitasuna. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabaztetik zetozen, eta Espainiakoa ere etxera eramango dute bueltan.
Oriok talde indartsua osatu du denboraldi honetarako eta horren buru da Gorka Aranberri patroia. Egon den toki guztietan, garaile atera da zarauztarra, eta aurten oso kontuan hartzeko trainerua izango da Orio.
Igande honetako A finalean, 19.57.29ko denbora lortuz, bost segundoko aldeagatik irabazi diote Bizkaiko txapeldun den Zierbenari, bigarren, 14 segundogatik hirugarren izan den Donostiarrari, 20 segundogatik Bermeo Urdaibairi eta 54 segundogatik Chapelari.
B finalean, Pasai Donibane nagusitasunez izan da azkarrena (20.29.40). Arroxen atzetik geratu dira Pedreña, Astillero, Castropol eta Castreña.
Emakumeetan, Arraun Lagunakek abantaila bera behar izan du gailentzeko. 10.35.25eko denborarekin, bost segundoko alde atera dio Tolosaldeari, bigarren. Era honetan, donostiarrek arantza kendu ahal izan dute, Euskadiko Txapelketan Tolosaldeak eraman baitzuen bandera etxera lehia estu baten ostean.
Hibaikak hirugarren denborarekin konformatu behar izan du (10.53.99), Astillero laugarren izan da (11.03.49) eta Zarautzek itxi du sailkapena, 11.05.58ko denborarekin.
Beteranoen txapelketan, Samertolameuk (10.08.32) oso gutxigatik kendu egin dio bandera Badok 13 ontzi euskaldunari (10.10.06). Cabo izan da hirugarren, Chapela laugarren eta Rianxo bosgarren.
Azkenik, beterano mistoetan, Esteirana izan da txapelduna (11:05,02). Plentziako Baltza bigarren izan da, 26 segundora, Iberiak hirugarren amaitu du, Sestaoko ontzia laugarren izan da eta Getxoko Arriluzek bosgarren amaitu du.

Aizarotz, demostración palpable de que hay fórmulas para contrarrestar el despoblamiento rural

«Que Iruñea apueste por la dignidad colectiva ante el genocidio israelí es algo grandioso»

La renovación de Nico Williams, una operación «a lo bajini»

«Matxirulo, zure parranda bukatu da», autodefentsa feministarako deia Iruñean
