NAIZ

Orio izan da igandean erabakiko den Espainiako Txapelketako kanporaketan azkarrena

Mirotzekin batera, Bermeo, Zierbena, Donostiarra eta Chapela arituko dira banderaren bila. B finalean, Pasai Donibane, Pedreña, Astillero, Castreña eta Castropol lehiatuko dira. Emakumeetan izena eman duten bostek jokatuko dute finala: Donostia Arraun, Hibaika, Tolosaldea, Zarautz eta Astillero.

Orioko trainerua, aurreko estropada batean.
Orioko trainerua, aurreko estropada batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Behin Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko Traineru Txapelketak lehiatuta, asteburu honetan Espainiakoaren txanda iritsi da, eta bertan euskaldun batzuek parte hartuko dute Castro Urdialeseko uretan.

Larunbat honetan kanporaketa jokatu da, gizonetan bakarrik –emakumeetan bost traineruk bakarrik parte hartuko dute eta zuzenean finalera pasa dira–, eta bertan Orio izan da azkarrena. Gorka Aranberri patroiak gidatzen duen ontzia Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak irabaztetik dator, eta uztailaren lehen asteburuan hasiko del Eusko Label Ligarako faboritoetako bat dela berresten dabil lehiaketaz lehiaketa.

Gaur, 'San Nikolas' trainerua lehen txandan gailendu da, 20.36.00 denborarekin, eta 16 segundo atera dizkio Bermeo Urdaibairi (20.52.98), igande honetan finalean arituko den bigarren traineruari alegia.

Bigarren txandan, azkarrenak Zierbena (20.53.69) eta Donostiarra (20.56.54) izan dira. Chapelak osatuko du igande honetan A finala (21.09.05).

B Finalean, aldiz, Pasai Donibane, Pedreña (21.44.25), Astillero (21.46.21), Castreña (22.12.33) eta Castropol asturiarra (22.21.28) arituko dira.

Espainiako Txapelketako lehen jardunaldi honetan beteranoen lehiaketa ere ospatu da, erlojupekoan, eta azkarrena Badok 13 euskalduna izan da. Samertolameu, Cabo da Cruz, Rianxo eta Chapelak fibalerako txartela ere eskuratu dute, eta kanpoan geratu da Getxo.

Lehen esan bezala, emakumezkoek –eta beterano mixtoek– ez dute kanporaketa lehiatu eta izena eman duten bost traineruek jokatuko dute finala. Emakumeetan Tolosaldea –Euskadiko txapeldunak–, Arraun Lagunak –Gipuzkoako txapeldunak–, Hibaika, Zarautz eta Astillero lehiatuko dira, eta beterano mixtoetan, Getxo, Iberia, Sestao, Plentzia eta Esteirana.