Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Antton Valverde Lamsfus
Kantaria, Adarra Sariaren irabazlea

«Beti nabil musika sortzen, sari honen bultzadarekin are gehiago»

Antton Valverde Lamsfusek jasoko du larunbat honetan Adarra Saria, eskertuta eta pozarren, donostiarra delako. Urduri dago, kantatu aitzinetik ere urduri sentitzen da. Gauzak ongi egiteko gogoa duen seinale. 19.30ean izanen da ekitaldia, Victoria Eugenia Antzokian, eta segidan kontzertua emanen du.

Antton Valverde Lamsfus.
Antton Valverde Lamsfus. (Jon URBE | FOKU)

Antton Valverde Lamsfusek (Donostia, 1943) Adarra Saria jasoko du larunbat honetan, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan. Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra emanen dio Eneko Goia alkateak, eta jarraian, eskerrak ematearekin batera, kontzertua eskainiko du ibilbide oparoko kantariak. Egun batzuk lehenago elkartu ginen berarekin, egun eguzkitsu batean. Ekitaldia eginen den antzoki ondoko zuhaizpe batean aritu ginen solasean.

Hainbat poeta omendu dituzu beren letrak musikatuz. Orain zure txanda da. Zu ari zara aitorpena jasotzen. Nola sentitzen zara?

Egia esan, oso kontent. Ni donostiarra naiz, eta Donostiako Hiriak halako sari bat ematea gustatzen zait. Onartzen dut poz handiz. Musikan jarraituko dut, sari honek ematen duen bultzadarekin are gehiago. Gainera, gaur egungo poetekin ere ari naiz gauza berriak asmatu nahian. Proiektua sortuko da, sortzen baldin bada, lana pixka bat pilatzen denean, horri forma emanez.

Apunte batzuk baditut hartuta Juan Kruz Igerabideren testuenak, Karlos Linazasororenak ere bai. Gauza berri batzuk jada bukatuta ditut, Miren Agur Meaberen kanta bat eta Gerardo Markuletaren beste bat. Beti ari naiz zerbait egiten, gozatzen. Ez da lana, gustatzen zaidalako egiten dut.

 

«Oskarbikoekin hasi nintzenean jende askok deitzen zidan kantatzeko, batez ere Iparraldean.  Jendea ezagutzea eta lagunak egitea eskertu behar diot kantagintzari»

 

Ez naiz sekula izan zarata asko ateratzen duen musikaria eta pertsona. Hala ere askok esaten didate nire musika entzuten dutela eta gustatzen zaiela. Azken urte hauetan sari batzuk ere jaso ditut. Sinetsi beharko dut! [dio barrez]. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide egin naute, Oarsoaldea Saria eman didate, eta orain Adarra Saria.

Musikagintzak eman dizun onena Euskal Herri osoan ibiltzea eta jendea ezagutzea izan dela adierazi duzu.

Bai. Hasieran ere banenbilen batetik bestera, baina gehienbat gero Oskarbikoekin hasi nintzenean jende askok deitzen zidan kantatzera joateko, batez ere Iparraldean. Xuberoko ez dakit zenbat tokitara joan ginen kantatzera eta horrek aukera eman zidan ondo ezagutzeko. Lekuak, herriak eta jendea. Lagun asko egin nituen. Hori eskertu behar diot kantagintzari.

Adarra Saria jaso eta gero kantaldia eskainiko duzu.

Autoreak eta kronologia irizpide hartuta aukeratu ditut kantak. Beren kantak aurkeztera etorriko dira Miren Agur Meabe eta Tere Irastortza. Hori asko estimatzen diet. Eskatu nien eta biek esan zuten baietz. Musika laguntzak ere edukiko ditut. Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua). Urte dezentetan ibili gara denak. Azkeneko hauetan jada ez horrenbeste, batez ere jaialdi gutxi dagoelako, niretzako behintzat. Baina banabil. Berriki Laukizen egon naiz, Lauaxetaren herrian, han omenaldia eskaini ziotelako. Deitu ninduten han egoteko eta kanta pare bat kantatu nituen. Oso berezia izan zen, Laukizen asko maite naute.

 

«Apunte batzuk hartuak ditut  Igerabideren testu batzuenak, Linazasororenakere bai. Gauza berri batzuk jada bukatuta ditut, Miren Agur Meaberen kanta bat eta Gerardo Markuletaren beste bat. Beti ari naiz zerbait egiten, gozatzen»



Kantagintzan hasi zinenean musika erabat politikoa zen.

Esklusiboki. Ni ere politikagatik hasi nintzen kantatzen, laguntzeko. Nire laguntzeko era bakarra musikaren bidez zerbait ematea zen. Kantagintzan segitzea erabaki nuen Beran jaialdi bat ikusi nuelako, 1969an. Xabier Lete, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi zeuden, gustatu zitzaidan eta batez ere iruditu zitzaidan oso gauza inportantea zela. Musika banekienez pentsatu nuen neronek ere egin nezakeela horrelako zerbait.

Uzteko erabakia ere hartu zenuen une batean.

Nire ogibidea ez da musika izan. Oso zaila da musikatik bizitzea eta grafika enpresa batean lan egin dut bizitza osoan [Gráficas Valverden]. 1978an kantatzeari utzi nionean ez zen horregatik izan. Xabierrek [Lete] eta biok erabaki genuen geldiune bat egitea kantatzeko giroa jasanezina zelako. Jaialdietan ezin zen gauza dezenterik egin, dena ziren garrasiak eta etenaldiak eta beti bazen ETAk edo Guardia Zibilak hildako norbait. Gauzak pixka bat baretu arte gelditzea erabaki genuen. Lauzpabost urte egon ginen kantatu gabe. Giroa baretu ez dakit, baina kantaldietako egoera behintzat hobetu zen.

Orain zer motibazio dituzu?

Inertzia [Barrez].

Hori bakarrik?

Ez! Oso gustura aritzen naiz poetak irakurtzen eta musika berriak sortzen. Baina inertziaz pixka bat ere bai. Gelditzea ez da hain erraza. Pianoa jotzen sei urterekin hasi nintzen, pentsa! Eta beti jarraitu dut, gehiago edo gutxiago.

Baina kantagintzari hasiera gitarrarekin eman zenion.

Bai, eta urte askoz ibili ginen gitarrarekin bakarrik. Behin pianoarekin hasiz gero gitarra alde batera gelditu zen.

Adarra Saria eman dizun epaimahaiak hori baloratu du, hain zuzen, pianoa esparru modernoagoetara eraman izana. Horretan aitzindaria izan zinen.

Euskal Herrian behintzat bai. Ni hasi nintzen arte inork ez zuen pianoa jotzen jaialdietan. Pianoa jotzea eta kantatzea batera egitea ez da oso erraza.

Sarian txalotu duten bertze gauza bat eragina izan da. Poeta pila musikatu dituzu.

Ni poesia egiteko gauza ez izatearen ondorio da hori. Behin saiatu naiz eta oso gaizki. Horrek behartzen nau beti beste poetengana jotzera, konbentzitzen nauena aurkitzeko.

 

«Konpainia eta laguntza izugarria eduki dut urte askoan Xabier Leterekin. Hura hilez geroztik gabe gelditu naiz, baina, nahiz eta bera ez den poeta, laguntza intelektuala aurkitu dut Anjel Lertxundirengan»



Klasikoak hautatzen dituzu batzuetan: Lizardi, Lauaxeta, Gandiaga, Lete, Artze... Garaikideak bertzeetan: Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Tere Irastortza, Itxaro Borda... Klasikoen artean zein dira zure kutunak?

Lizardi, Lauaxeta eta, dudarik gabe, Xabier Lete.

Laguna.

Laguna, eta gainera asko maite nuena eta dudana oraindik ere. Oso harreman estua genuen. Konfiantza handia genuen. Bagenekizkien batak bestearen pentsaerak eta ez genuen eztabaidarik edukitzen elkarren artean. Ni musika laguntzaile ibiltzen nintzen eta oholtza gainean hark zeraman iniziatiba. Konpainia eta laguntza izugarria eduki dut urte askoan Xabier Leterekin. Hura hilez geroztik gabe gelditu naiz, baina, nahiz eta bera ez den poeta, laguntza intelektuala aurkitu dut Anjel Lertxundirengan. Elkarrekin kolaboratu dugu.

Artista familia batetik zatoz. Aita, Antonio Valverde, margolaria zen, eta arreba bat eta anaia ere bai. Nola irudikatu behar dut zure haurtzaroa?

Haurra nintzela erabateko artista giroa zegoen etxean. Ni margotzen ez nintzen aritzen, pintzelak hartu eta ez nuen ezer egiten. Baina Rosa arrebak eta Javier anaiak bai. Beti zegoen musika jarrita. Aitak eta amak jartzen zuten, eta bestela aitaren arreba batek, Maria Josefak. Guridiren ikasle eta Madrileko Organo Katedraren jarraitzaile izan zen izeba. Hori zela eta musikari eta pintore ugari ezagutu nituen. Aita idazle ere izan zen eta lagunak zituen idazleen artean.

 

Antton Valverde Lamsfus, Adarra Saria jasoko duen Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. (Jon URBE/FOKU)



Zein da zure sortzeko modua?

Gehienetan edo beti testutik abiatzen naiz. Musika gero dator. Beti edukitzen dut libururen bat esku artean eta gustatzen zaidan testuren bat aurkitzen dudanean pianoan jartzen naiz, apunteren bat hartzen dut, eta musika sortzen denean batzuetan hiru nota nahikoa izaten dira melodiari hasiera emateko. Batzuetan konpas bat aski izaten da zentzua emateko eta estiloa hartzeko. Edozer gauza gerta daiteke musika sortzeko unean. Batzuetan ateratzen da zerbait eta askotan ez. Esan dezagun gehienetan ez dela ateratzen. Baina horrek ez dio axola, hurrengoan aterako da.

 

«Egin dudan diskorik inportanteena nik uste Lauaxetarena izan zela, 1978koa. Horrek lagundu zuen Lauaxetaren poesia eta bizitza ezagutarazten, nahiz eta lehenagotik ere askok ezagutu eta maite zuen»



Diskografia zabala duzu. Arrakastatsuenak «Lauaxeta» (1978) eta azkena, «Gaua, ausentziaren itzala» (2020), dira agian.

Inportanteena nik uste Lauaxetarena izan zela. Horrek lagundu zuen Lauaxetaren poesia eta bizitza ezagutarazten, nahiz eta lehenagotik ere askok ezagutu eta maite zuen.

Omenaldi gisakoak egiten dituzu azkenean, disko oso bat poeta bati eskainiz.

Poeta bati ez, obra bati. Hurrengoa Lizardirena izan zen, ‘Urte giroak ene begian’ obraren inguruan. Gero bildumak egin ditut.

Baduzu kantu bereziren bat?

Esango nuke kanta hunkigarrienetakoa Lauaxetaren ‘Azken oihua’ dela. Oso zaila da zuzenean emateko eta irratian jartzeko oso luzea delako, ia 20 minutukoa. Giro berezi bat behar du. Lizardiren ‘Amonaren hileta’ ere nabarmenduko nuke, aspaldian egin nuena.

Lizardi etxean ezagutu zenuen, ezta?

Bai. Nire aitak Brahmsen musika jartzen zuen magnetofoi batean eta nire amari eskatzen zion irakur zezala Lizardiren poesia musika horrekin. Horrela ikasi zuen euskaraz. Bi gurasoak errenteriarrak ziren eta amak oso ondo egiten zuen euskaraz, baina aitak 40 urte ingururekin ikasi zuen. Gero euskaltzaina izatera ailegatu zen. Horrek meritu handia du.