Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Zarautzen irribarrearen eta San Juanen malkoen artean 15 ehuneneko daude bakarrik

Zapatuan Astilleron bezala, Pasaiako Ikurriña ere Santurtzik eta Zarautzek eraman dute, baina batik bat ETE Ligako estropadan ez da harrokeriarik izan, San Juanek garaipena bertan izan duelako. Santurtzirengandik hurbilen sailkatu den aurkaria Lapurdi izan da, bigarren txanda aparta egin eta gero.

Nahikari Osa pozarren, Pasaiako ikurriña astintzen amaiera estua eta gero.
Nahikari Osa pozarren, Pasaiako ikurriña astintzen amaiera estua eta gero. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ez da askorik behar izan arrauneko emoziorik erpinenekoenak, dela zorionezko poza, dela etsipenak eragindako tristura, bistaratzeko. Hamabost ehunen baino ez dira izan Zarautzen eta San Juanen artean ETE Ligako denboraldiko bigarren estropadan. Pasai San Pedroko uretan ‘Enbata’ nagusitu da azken metroetan azkarrago eta indartsuago moldatzeagatik, baina ziabogetan Nahikari Osa eta taldekideak ez dira finegi aritu eta ‘Batelerak’ espero baino aukera handiagoekin izan dira etxe ondoan, baina «etsaiaren» uretan, garaipena lortzeko.

Baina «bideo finishak» ez du gupidarik, eta 15 ehuneneko aldeari eutsita, zarauztarrak pozarren garaipenarekin eta aldiz, a zer disgustua Laida Valderrama patroiak, malkoei ezin eutsi garaipena hatzen puntekin harramazkatu eta gero!

Aurrez aurreko lehenengo estropada izanagatik, ez da ohikoa izan: bi ziaboga eta hiru luze izan ditu Adinberri Banderak. Marea gorantz dela, ur bareetan Pasaiako badiako «tranpatxoak» ezkutuan direla, Zarautzen asteburu aparta borobildu du.

Hori bai, aurreneko ziabogan ‘Enbata’ aurrez egindako lana katramilatzeko kapaz izan da; hau da, luze joan da eta San Juanekin ETE Liga honetan egunero espero daitekeen buruz burukoa hasi du. ‘Batelerak’ harrobiko 14 ordezkarirekin itsasoratu da eta etxe inguruan aritu dela erakutsi gura izan du, eta akaso watio gutxiago izango ditu Zarautzek baino, baina burugogorrak dira eta era berean, ziabogak egiteko orduan oso lan fina egin du.

Azkenean, buruz buruko estua izan dute ETE Ligako bi traineru onenek eta Zarautzen aldeko azken palada hutsaren hurrengoa izan da denborari eta sentsazioei begiratuz gero. Tentsioa ere ez da txikia izan helmuga gainditu osteko minutuetan, azkenean epaileek ‘Enbata» garaile eman duten arte.

Bestetik, bigarren txandatik lan aparta egin du Deustuko ‘Tomaterak’ ezagun izan du Andrea Astudillo patroi izan duela eta Pasaiako badia inork ez bezala ezagutzen duela. Bezperan Astilleron ez bezala, maila aparta eman du, nahiz eta aurreneko biak 20 segundora izan dituen.

Aurreneko asteburuaren ostean, badirudi ETE Ligako estropadak biren arteko lehia izango direla, baina kontuz faborito argirik ematearekin, gaurko irribarrea biharko negar zotin bihurtu liteke-eta.

Adinberri Bandera - XII. Pasaiako Ikurriña

1- Zarautz 11:16.25

2- San Juan 11:16.40

3- Deusto 11:36.38

4- Kaiku 11:42.50

5- Ondarroa 11:42.84

6- Portugalete 11:48.18

7- Isuntza 11:50.93

8- Hernani 11:54.97

9- Camargo 12:20.93

ETE Liga

1- Zarautz 18 puntu

2- San Juan 16 p.

3- Kaiku 13 p.

4- Deusto 12 p.

5- Ondarroa 11 p.

6- Portugalete 7 p

7- Hernani 7 p.

8- Isuntza 4 p.

9- Camargo 2 p.

Santurtziren beste erakustaldi bat

KAE 1 Ligako estropadan, bestalde, ez da halako emoziorik izan Santurtzik larunbatean emandako erakustaldia errepikatu baitu domeka honetan ere. Denetarik gertatu da estropada honetan: Hondarribia Bk ziaboga baten hanka sartu du eta istriborretik ematen hasi da estutik hartu nahiaren nahian; Castreñak eta Pedreñak hiruna segundoko zigorra jaso dute arinegi irteteagatik; Lapurdik egundoko ezustekoa eman du bigarren txandatik abiatuta bigarren amaitzea lortuta; San Pedrok laugarren postua lortu du aurreneko txandan arituagatik; Santurtzik 18 urteko bi gazte plazaratu ditu asteburuko bigarren bandera lortzeko...

Zapatuan bezala domekan ere, Itsasoko Ama nagusi izan da, baina ez dute estropada batak bestearekin zerikusi handirik; ez bakarrik zapatuko estropada erlojuaren aurka izan zelako eta igandekoa buruz buruko lehia. Pasaiako badian olaturik ez da izan, ezta haize zakarregirik ere, egunak aurrera egin ahala marea gorantz eta haizea ere apur bat altxa bada ere. Nolanahi, ‘Soterak” erakustaldia eman du, aurreneko luzetik –eta bost egin behar izan dituzte– branka sartu ahal izan baitute.

Ohorezko txanda Santurtzik eramango zuela ia hasieratik nabarmen geratu da, baina Lapurdik hain lan ona egin du bigarren txandan! Hortxe izan da Itsasoko Amaren zalantzarik nabarmenena. Ezin esan Santurtzikoen garaipena ezbaian izan denik, baina egia da ere lapurtarren estropada, batez ere bigarren erdia, ikaragarria izan dela. Zentzu horretan, askoz erregulartasun handiagoa erakutsi du Santurtzik eta horri atera dio etekina, bezperatik domekara aldaketa asko egin badira ere ‘Soterako’ eskifaian.

San Pedrok ere, bezperan oso maila eskasa eman ondotik, askoz itxura txukunagoa eman du etxean. Aurreneko txandan abiatuta, sekulako maila eman eta laugarren denbora onena eman du, eta sakatu izan balute, eguago eman ahal izanaren traza ere eman du, baina noski, hori ezin da jakin erregulartasunik ez badago. Hala, meritua eman behar zaio Santurtziren garaipenari, baldintza ezberdinetan garaile izaten asmatu duelako.

II. Adinberri Bandera - XL. Pasaiako Ikurriña

1- Santurtzi 20:40.60

2- Lapurdi 20:47.43

3- Arkote 21:51.39

4- San Pedro 20:53.18

5- Zumaia 20:56.11

6- Zarautz 20:57.64

7- Pedreña 20:58.53

8- Astillero 21:04.19

9- Deusto 21:16.82

10- Camargo 21:28.31

11- Castreña 21:48.44

12- Hondarribia B 21:50.37

KAE 1 Liga

1- Santurtzi 24 puntu

2- Arkote 20 p.

3- Zumaia 19 p.

4- Lapurdi 17 p.

5- Zarautz 16 p.

6- San Pedro 13 p.

7- Astillero 13 p.

8- Pedreña 13 p.

9- Deusto 9 p.

10- Camargo 4 p.

11- Hondarribia B 4 p.

12- Castreña 4 p.