NAIZ

Japoniako ordezkaritza bat Gipuzkoan izan da, bertako energia komunitateen eredua ezagutzeko

Japoniako ordezkaritza bat Gipuzkoan izan da, bertako energia komunitateen eredua ezagutzeko asmoz. Naturklima fundazioa bisitatu dute

Japoniako ordezkaritza eta Gipuzkoako Aldundikoa Naturklima fundazioaren egoitzan.
Japoniako ordezkaritza eta Gipuzkoako Aldundikoa Naturklima fundazioaren egoitzan. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Japan Community Power Association (JCPA) erakundeko ordezkaritza bat Gipuzkoan izan da, bertako energia komunitateei buruzko ezagutzak trukatzeko eta trantsizio energetiko globalean aurrera egiteko, Aldundiak berri eman duenez.

Zehazki, Naturklima Gipuzkoako Klima Klima Fundazioa bisitatu dute, lurraldean sustatutako «energia komunitateen eredu aitzindaria» bertatik bertara ezagutzeko. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Monica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak egin diote harrera japoniar ordezkaritzari eta Gipuzkoako eredua azaldu diote, «herritarren parte-hartzean, sorrera banatuan eta erakundeen bultzadan oinarritua».

Gipuzkoak dagoeneko 67 energia komunitate aktibo ditu 59 udalerritan, 10.000 familia baino gehiagori zerbitzua ematen dietenak. «Trantsizio energetikoan dagoen Europako lurralde aurreratuenetako bat» da, Aldundiaren arabera.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak nabarmendu duenez, energia komunitateen ereduak «erakusten du trantsizio energetikoa tokitik eta herritarren parte-hartzearekin egin daitekeela; beste lurralde batzuetara zabaltzea, Japoniara adibidez, funtsezkoa da deskarbonizazio globala bizkortzeko».

Gipuzkoako eredua, bere esanetan,  «energia modu lokalean, garbian eta kolektiboan sortu, partekatu eta kudeatzeko modu berri bat da, teknologiatik haratago doan aldaketa bat, kultura energetikoa ere eraldatzen duena, herritarrei protagonismoa emanez».

JCPA Japoniako enpresak, erakundeak eta adituak biltzen dituen erakundea da, energia berriztagarrien sorkuntzan eta kudeaketan herritarren parte-hartzea sustatzen duten energia komunitate jasangarrien proiektuak garatzen dituztenak.

Bisitan, ordezkaritzak Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoa (OTC) ere ezagutu du. Bulego horretatik koordinatzen eta monitorizatzen da lurraldeko energia komunitateen jarduera, eta aholkularitza teknikoa eta estrategikoa ematen zaie tokiko agenteei.

Japoniako ordezkaritza JCPAko eta Energia Politika Jasangarrien Institutuko (ISEP) zuzendari, aholkulari eta adituek osatzen dute, eta topaketak programatu ditu EAEko hainbat erakunde eta enpresarekin, hala nola Energiaren Euskal Erakundearekin, Kreanekin, Iberdrolarekin eta Goienerrekin. Energia komunitateen eta energia berriztagarrien inguruko esperientziak trukatzea eta nazioarteko lankidetza indartzea da helburua.