
‘Euskal Herria askatasun haizea’ lelopean manifestazio antifaxista nazionala antolatuko du EH Bilduk azaroaren 22an Bilbon, Casilla eta Udaletxearen artean.
Horrela iragarri du EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkari Arkaitz Rodriguezek ‘Lauaxeta’ fusilatu zuteneko urteurrena dela eta Donostian egindako agerraldian. Bertan, uda osoan zehar indarrean egongo den kanpaina aurkeztu du. Azaroaren 22ko manifestazioa izango da kanpaina horren itxiera.
Urteurren hirukoitza eta testuingurua
Rodriguezek gogoratu duenez, 2025eko azken txanpan esanahi politiko handiko hiru urteurren emango dira: Txiki eta Otaegiren fusilamenduen, Francoren heriotzaren eta Juan Carlos Borboikoaren koroatzearen 50 urte beteko dira.
Urteurren hirukoitz hau testuinguru berezian emango dela gaineratu du Rodriguezek. Alde batetik, Donald Trumpen agintaldi berriak hauspo nabarmena eman dio internazioanl erreakzionarioari mundu mailan. Honekin batera, Estatu espainol eta frantsesean ere bloke erreakzionarioa indartzen ari dira, aurki gobernuetara heltzeko aukerekin. Bitartean, Euskal Herriaren nazio aitortzaren eta estatus politikoaren gaineko eztabaida zabalik dago.
«Hego Euskal Herriaren kasuan, estatus politiko berri baten gaineko balizko adostasun batean parte hartzera deituak leudekeen indar politiko guztiak ere bat datoz esaterakoan balizko adostasun hori saiatzeko eta, kasuan, legokiokeen prozesu politiko-instituzionala abian jartzeko unea orain dela», gaineratu du.
Nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzea
Gauzak horrel, kanpaina antifaxistari ekingo dio EH Bilduk. Ekimenaren lehen helburua Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzea da. «Espainiako Estatuaren lurralde-ereduaren zein EAEren eta Nafarroa Garaiaren estatus politikoen eztabaida zabalik dagoen honetan, Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa dela eta, nazioa den heinean, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea zor zaiola aldarrikatuko dugu. Halaber, aldarrikatuko dugu, abagune politiko, ekonomiko eta sozial honetan, euskal herritarrok albait burujabetza handiena eskuratu beharra dugula, herri gisa ditugun erronka kolosalei arrakastaz aurre egin ahal izateko eta, oro har, langile eta herri sektoreen aterpe izango den proiektu nazional justu, demokratiko eta berdinzale bat eraiki ahal izateko», azaldu du Rodriguezek.
Bigarren helburua «abagune honetan, duela 50 urte frankismoak ‘lotuta eta ondo lotuta’ utzi zuen hori askatzeko premia eta aukera dagoela mahai gaineratzea, baita, horretarako, Txikik eta Otaegik sustatu zuten ‘askatasun haizea’ hauspotzen jarraitu beharra dagoela azpimarratzea ere» da.
«Espainiako Trantsizio Demokratikoa ‘transakzio’ hutsa izan zen. Ez zen apurketa demokratikorik izan. 78ko Erregimenak frankismoaren zutoinak –Espainiaren lurralde-batasuna, monarkia, kapitalismoa, frankisten inpunitatea- bere egin eta bere horretan mantendu zituen. Bezperako frankistak biharamuneko ‘betiko demokratak’ bilakatu ziren. Eta, horrenbestez, frankismoak estatu-aparatu ezberdinetan gotortuta iraun zuen, Brouarden eta Muguruzaren erailketek, besteak beste, garbi erakutsi zuten bezala. Bada, 50 urte geroago argi eta garbi esan beharra dago: ez dago bloke erreakzionarioa estrukturalki gelditzerik, frankismoarekin behingoz apurtu eta Espainiako Estatuaren demokratizazio sakona egin gabe; eta ez dago Estatuaren demokratizazio sakona egiterik, Euskal Herriaren zein gainerako herrien nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortu eta errespetatu gabe», salatu du.
Faxismoaren kontrako borroka gogoratu
Hirugarren helburua faxismoaren biktimei omenaldi nazioanal egitea, erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea. Horrela, faxismoaren biktima guztiak omendu dira: Francoren estatu-kolpe faxistaren eta ondorengo errepresio frankistaren 17.000 biktima, Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kideak, Santi Brouard, Josu Muguruza eta Estatu terrorismoaren gainerako biktimak.
Honekin batera, kanpaina eta manifestazio berrespen nazional eta antifaxistako ekintza masiboa izango dira. «Duela 50 urte Euskal Herria erresistentzia-foku antifaxista izan zen. Gaur egun ere, faxismoa eta autoritarismoa mundu osoan hedatzen ari diren honetan, Euskal Herriak erresistentzia-foku antifaxista izaten jarraituko du. Demokraziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokaren lehen lerroan jarraitu eta tinko eutsiko dio utopiaren banderari: askapen nazional eta sozialarenari, libre eta berdinen Euskal Errepublika baten aldekoari, eta, oro har, mundu aske, eta bidezkoago baten aldekoari», azaldu du.
«Ez dago askatasun haizearen nazioa geldituko duenik. Frankismoari aurre egiteko gauza izan ginen. Egungoa baino egoera makurragoei aurre egiteko gauza izan gara. Eta, zalantza izpirik gabe, Trump, Bolsonaro, Milei, Orban, Meloni, Le Pen, Abascal eta enparauek ordezkatzen duten bloke erreakzionarioari zein parez pare ditugun erronkei aurre egiteko gauza izango gara. Atzo, gaur eta beti: Euskal Herria antifaxista! Atzo, gaur eta beti: Euskal Herria askatasun haizea!», aldarrikatu du Rodriguezek.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales
