
1937ko ekainaren 25ean Lauaxeta poeta, idazle eta kazetari abertzalea fusilatu zuten frankistek Gasteizko Santa Isabel kanposantutik gertu, apiriletik edo maiatzetik espetxeratuta egon ondoren, 32 urte zituela. Asteazken honetan, hilketaren 88. urteurrena baliatuz, ‘Esteban Urkiaga, Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia’ liburua aurkeztu du Jon Kortazar idazle eta literatur ikertzaileak.
Bilboko Rekalde Aretoan izan da aurkezpena, Carmen Elvira Pamiela argitaletxeko kidea, eta Nestor Atxikallende Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko buruaren parte hartzearekin.

Kortazarrek liburu honetan bildu ditu azken urteotan Lauaxetari buruz idatzi dituen artikuluak. Batzuk argitaratuak izan dira toki eta hizkuntza desberdinetan; izan ere, azken urteetan Bartzelonan, Lisboan, Vienan eta Europako beste hainbat hiri garrantzitsuetako unibertsitatetan eman ditu hitzaldiak. Artikulu asko zabalpen handirik ez duten aldizkari akademikoetan eman ditu ezagutzera. Beste batzuk, aldiz, oraindik ez dute plaza ikusi.
«Etxeratze garaia deituko diot liburu honi. Urrun esandakoak eta argitaratuak gurera ekarri nahi ditut liburu honekin, Horregatik bildu ditut hemen Lauaxetari buruz egindako sei lan», adierazi du Kortazarrek.
«Mundua aldatu, abertzaletasunaren bidetik»
Lehenago ere idatzi du Kortazarrek Lauaxetari buruz, baina batez ere bere poesia eta bere pentsakizuna izan ditu mintzagai. «Uste dut nahiko deskribaturik utzi dudala Lauaxetaren poesiaren estetika bideak, Europako lirikari begira egindako ahaleginak, postsinbolismoaren eragina, Espainiako poetek utzitako aztarna, euskal poetekin egindako lana, Bere teoria poetikoa eta egindako lanaren bidea deskribatua geratu dela uste dut. Horrelako puntuetara helduz gero, beharrezkoa metodologia aldatzea, eta liburu honetan bilduriko lanak ikuspegi aldaketaren emaitza dira», azaldu du.
Sail bi ditu liburuak. Lehen ataleko hiru kapituluetan landu ditu izenburuan diren hiru gai nagusiak. Lauaxetaren poesia artearekin eta ideologiarekin lotzen saiatu da. «Lan honek Kulturaren Historia hartu nahi luke kontuan eta ikusi nola zabaltzen diren espresio molde desberdinak arte desberdinetan, kasu honetan, Musikan eta Literaturan, eta enbor desberdinean nola gauzatu diren ideia berberak», dio Kortazarrek.
Era berean, poeta modernisten taldean oso ezaguna zen oinarri ideologikoari eman dio garrantzia idazleak: «Modernistek, postsinbolistek, literatura eta poesia aldatu nahi zuten, baina azken helburua mundua aldatzea zen. Lauaxetaren kasuan abertzaletasunaren bidetik aldatu nahi zuen munduan».

Bigarren atalean gizarteak Lauaxetaren bizitzaz eta lanaz egin duen harrera aztertu du Kortazarrek «santu kulturalen» teoriari jarraikiz. Horrela bere bizitzaren irudia, Mungiako Udalak 2005ean eginiko omenaldia eta bere liburuek kaleetan duten agerpena aztertu ditu, «gaur egun poetak gizartean duen itzala marrazteko asmoz».
Liburua Lauaxetaren irudi ezezagunekin eta garaiko argazkiekin horniturik dago.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

