Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bakarrik dauden adin txikiko migranteekin etorkizuna nola eraiki

UIK-k ikastaroa antolatu du jendartean geroz eta gehiago entzunagatik ere oso korapilatsua izaten jarraitzen duen auzi bati heltzeko: Bakarrik dauden adin txikiko migranteak. Eskarmentutik etorkizunera begira jarri dira ostiral honetan sektorean diharduten erakunde desberdinetako profesionalak.

Zabala, Garcia, Cabrera eta Usubiaga, Bizkaia Aretoan.
Zabala, Garcia, Cabrera eta Usubiaga, Bizkaia Aretoan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Bakarrik dauden adin txikiko migranteak... eta etorkizuna nola eraikiko dugun’ jarri diote UIK-k Bilboko Bizkaia Aretoan antolatu duen ikastaroari eta lerroburuak ezin hobeto laburbildu du ostiral honetan egin duten esperientzien mahaia. Agintzariko Unai Zabala, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Babesa Programaren Cadizeko arduraduna den Regla Garcia eta Peñascal Kooperatibako Koldo Usubiaga aritu dira, nor bere bizipenetatik, aurrera begirako bidea marrazten. Frontera Líquida Consultoreseko Jose Carlos Cabrerak egin ditu moderatzaile lanak.

Agintzarik egiten duen lanaz aritu da Zabala, baita zeregina burutzeko duten moduaz ere. Horrela, mintzaldia hasi du egiteko eran jarri beharreko arreta azpimarratuz. Profesionalek nork bere burua zalantzan jarri behar dutela azaldu du, ezin baita pentsatu inor neutroa denik integratzaile, hezitzaile edo langile sozial izateagatik.

Halaber, adierazi du hainbat arazori aurrea hartzen saiatzen direla. Izan ere, babesgabetasun egoeran amaitzeko arriskua duten pertsonekin egiten dute lan, hain zuzen, ez daitezen egoera horretara heldu. Era berean, azaldu du ezinbestekoa dela lan honetan aritzeko ikuspegi antiarrazista izatea, artatzen dituztenen laurdena delako pertsona migrantea edo jatorri atzerritarra duena.

Zeregina behar bezala burutzen dutela ziurtatzeko Agintzarin hartzen dituzten neurrien berri ere eman du Zabalak. Besteak beste, talde arteko komisioa egiten dute, badaukate barne erabilerarako Gida Antiarrazista eta normalean atomizatuta egoten den informazioa jasotzeko programa ere badaukate.

Horrez gain, sektorean dituzten erronkak nabarmendu ditu, lehenik eta behin, aurrean zuen jendarteari erreferentzia eginez: «Haiek (bakarrik dauden adin txikiko migranteak) ez daude espazio hauetan, eta egon behar dute». Gizarte kohesionatu bat eraikitzera bidean ezinbesteko baldintza gisa aurkeztu du perspektibaren zeharkakotasuna.

Fase desfasatuak

Regla Garciaren txanda izan da, ondoren. Cadizen egiten du lan eta harrera sistemaren gabezien inguruan mintzatu da, besteak beste. Azaldu du faseka antolatuta dagoela sistema, baina faseek elkar zapaltzen dutela eta ez daukatela migranteak beti behar bezala artatzeko aukerarik.

Halaber, azaldu du ez dagoela baliabide espezifikorik, besteak beste, emakumeentzat. Adierazi du makina bat direla behartutako ezkontzetatik, pertsona salerosketatik edota indarkeria matxistatik ihesi heltzen diren emakumeak, asko, ume bat izatera behartu dituztenak eta berarekiko arbuioa ere sentitzen dutenak, trauma dela eta. Egoera bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta generikoegia da sistema haiei erantzuteko.

Gainera, azaldu du Atzerritarren Lege berria dela eta, asiloa lortzeko zailtasun gehiago dituztela migranteek, eta hori, ezinbestean, haiekin lanean ari diren profesionalen lanarentzako oztopoa ere badela.

Koldo Usubiaga ere hezitzailea da eta Peñsacal Kooperatibak egiten duen lanaz ez ezik, ‘Trapezistak’ programaz ere aritu da. Enpleagarritasunaren bueltan gazteen integrazioa eta autonomia bilatzen dute eta azaldu du gero eta gehiago direla artatzen dituzten gazte migratuak. Hala ere, arreta integrala ematen saiatzen direla adierazi du.

Pandemiaren ondoriozko konfinamenduaren ostean jarri zuten martxan programa eta pertsonarengan zentratutako perspektibatik burutzen dute haien jarduna. Besteak beste, saiatzen dira gazteak beste programa batzuetako gazteekin nahasten, baita beste adin tarte batzuetako jendearekin ere, aberasgarriagoa izan dadin. Programa eboluzionatzen doala ere azaldu du eta beste erakunde batzuekin elkarlana burutzen dutela.

Nork bere lan eremutik, antzekoak izan dira identifikatu dituzten erronkak: ikuspegi antiarrazista errotzea eta beharrei erantzuteko baliabideak eskura izatea.