NAIZ

Deustuko Erribera jasaten ari den «gentrifikazioa» salatu dute auzokideek

‘Erribera ez dago salgai’ lelopean, Deustuibarrako auzokideek manifestazioa eign dute Zorrotzaurre makrohirigintza plana dela eta azken hamarkadan auzoak bizi duen «gentrifikazio» eta ««Manhattanizazio» prozesua salatzeko.

Deustuko Erribera «bizirik» dagoela aldarrikatu dute ostiral honetan.
Deustuko Erribera «bizirik» dagoela aldarrikatu dute ostiral honetan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Zorrotzaurre makrohirigintza plana dela eta azken hamarkadan Deustuibarrak jasandako «Manhattanizazioak» auzoan era duin batean bizitzeko eskubidea kolokan jarri duela salatu dute hamarnaka auzokideek ostiral arratsalde honetan manifestaizo baten bitartez.

Etxebizitzaren prezioaren igoera, espekulazioa, turistifikazioa, auzo identitatearen galera... hainbat dira salatu dituzten arazoak.

Azaldu dutenez, etxebizitza salmenta eta alokairuak historiako garestienak bilakatu dira, «%55 eta %140 igoz, hurrenez hurren». «Baina nork ordain dezake 4.500 €/m2 bakoitzeko? Banketxearekin ezkondu eta lanpostu bat izanez gero, zure soldataren %30 baino askoz gehiago hipotekatu beharra dago horretarako, eta hori ez dago auzokide guztion esku», adierazi dute.

Deustuibarra eta Zorrotzaurre «gentrifikazio prozesu basati batean» murgilduta daudela ohartarazi dute: «Jatorriz diru-sarrera apaleko gunea izanda, baliabide ekonomiko gehiago duten pertsona eta erakundeek higiezinak erosten dituztenean gertatzen den desplazamendu soziokulturala».

Honen arduradunak ere seinalatu dituzte: «Bilboko Udala eta Portu Agintaritza, Eusko Jaurlaritza, Acciona, Vicinay eta Loiola Gestion Inmobiliaria S.L.»

Gentrifikazio prozesu honen ondorioak zeintzuk diren azaldu dituzte auzokideek: batetik, belaunaldien errelebo falta: «Auzoan bizi izateko ezintasunak gazteak kanpora joatera behartzen ditu, familia harremanak eta belaunaldien arteko loturak hautsiz. Gainera, seme-alabak izateko beharrezko oreka ekonomikorik gabe, jaiotze tasa jaitsi eta emantzipazioa asko atzeratzea dakar».

Auzo identitatearen galera ere aipatu dute: «Luxuzko irla berriaren iruditegia zabaldu eta auzoari izaera lapurtu ere egin diote, ‘Zorrozaurre’ edo ‘Manhattan txikia’ bezala izendatuz. Gainera, etxebizitzen salneurrien igoerak eta «maila altuko» pisu berrien eraikitzeak komunitatearen eraldaketa bortxatua eragiten du, errenta zein behar ekonomikoen polarizazioa sortuz, eta amankomuneko identitatea disolbatuz».

Espekulazioa eta Turistifikazioa da beste ondorioetako bat, auzokideek diotenez. «Aipatutako irudi berria eta marketing kanpainak hainbat ugazabaren desira ekonomikoa piztu eta bulkada turistikora eraman ditu. Bigarren etxebizitzen salneurriak biderkatu dira, kasu askotan alokairu turistikora bideratuz». Auzokideen datuen arabera, gaur egun, Erriberako etxebizitzen %15 inguru turistikoak dira.

Bizitza sozialaren kaltetzea, azkenik: «Guzti honek jatorrizko komunitatea eta berrien arteko kontrastea eta talka sortzen du, maila pertsonalen arteko harremanak apurtuz, herritar sareak deseginez eta giro soziala kaskartuz. Horrekin batera, herri mugimendua eta kritikotasuna ahuldu egin da, egoeraren handitasunak gainditurik eta ezintasunean etsita». Ondorioz, auzoa tenkatutako eremutzat hartzen dute, eta premiazko neurriak aldarrikatu dituzte, «prezioen esku-hartzea egin eta egungo bizilagunen errenten araberako etxebizitza duinak eskuragarri jarriz».

Egoera hau plazaratu asmoz ‘Erribera ez dago salgai’ lelopean kanpaina abiatu dute.