
Larunbat honetan, hilaren 5ean, jarriko da martxan Binakako San Fermin pilota torneoa. Inoizko jendetsuena izango da, orotara 32 pilotarik hartuko baitute parte. Izan ere, bi «serie» izango ditu torneoak, aurre-kanporaketa bana izateaz gain.
Serie bakoitza bina multzotan banatuko da. Hala, larunbatean ekingo dio San Fermin Torneoko A serieak Baiko enpresaren aurre-kanporaketarekin: Urrutikoetxea-Albisu eta Larrazabal-Imaz ariko dira. Hilaren 6an, berriz, Ezkurdia-Martija Elordi-Rezustaren aurka lehiatuko dira eta bikote irabazleek Etxeberria-Zabaleta bikoaren aurka osatuko dute A serieko aurreneko multzoa.
Bigarren multzoan, bestalde, Artola-Iztueta, Altuna III.a-Bikuña eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a lehiatuko dira.
B Seriea ere, esan bezala, beste bi multzotan banatuko da. Alde batetik, Zubizarreta III.a-Aranguren, Jaka-Ugartemendia eta Murua-Aldabe ariko dira, eta bestetik, berriz, Zabala-Gabirondo zain izango dira aurre-kanporaketa bietan zein gailenduko. Hala, larunbatean, Agirre-Eskiroz eta Bakaikoa-Lizeaga lehiatuko dira eta domekan, berriz, Dario-Gaskue De la Fuente-Tolosaren aurka.
Finalaurreko ligaxka hilaren 12raino luzatuko da eta hilaren 14an jokatuko dira serie bietako finalak, multzo bakoitzeko aurreneko postuan sailkatzen diren bikoteen artean.
Hilaren 13an ohiko «olioaren erronka» jokatuko da buruz buruz frontoi osoan zein Lau eta Erdian, eta baita binaka ere eta 14an jokatuko dira, azkenik, San Fermin Torneoko bi finalak. Neurketa guztiak –hilaren 7ko Lau eta Erdiko Torneoko finala izan ezik– Labrit pilotalekuan jokatuko dira eta dagoeneko sarrera ia guztiak agortuta daude.
«Lehiakortasuna», batez ere
Asteazken honetan aurkeztu dute San Fermin Torneoko Binakako torneoa, Unai Iglesias Baiko enpresako gerenteak, Inaxio Errandonea Aspe enpresako zuzendari komertzialak eta EPEL pilota enpresen elkartearen izenean, Borja Oses idazkari orokorrak.
Unai Iglesiasen iritziz, Binakako San Fermin Torneoa bi serietan banatzeko arrazoia «lehiakortasuna» da. «Mundu guztiak atsegin du lehia eta hargatik, interes handiagoa sortzen duela irizten diogulako, B serie hau ere antolatzea erabaki dugu».
Jokin Altuna konforme azaldu da, batik bat asteartean Irunen belauneko arazorik gabe jokatu eta gero. «Torneoa oso gogorra izango da baina Iñigorekin [Bikuña] ilusio handiarekin jokatuko dugu», adierazi du Amezketakoak. Aurkezpenean gorriz jantzita azaldu den bakarra izan da, ez bakarrik Buruz Buruko txapelduna delako, baizik eta iaz ere bera izan zelako garaile San Fermin Torneoan.
Ilusio bertsuarekin mintzatu dira Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena ere. Alegiakoaren aburuz, «Martxel Iztuetarekin jokatzea ederra da. Gaztea da eta gose handiarekin ari da jokatzen. Gainera, San Ferminetakoa torneorik berezienetakoa da, txapelketa luzea eta ilusio berezia pizten duena».
«Oporretatik bueltan fresko gaude berriz eta gogotsu feria hau noiz hasiko. Pasa den urtean txepeletik hiru tantora geratu ginen eta pena handiz joan ginen etxera. Ea aurten arantza hori ateratzerik dugun», adierazi du, bere aldetik, Jon Mariezkurrenak.

Repulsa multitudinaria tras la agresión sexual del viernes en sanfermines

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso
