
A-15etik N-Iera konexio zuzena egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren LAZO proiektuaren lizitazioaren aurkako errekurtsoa jarri du ‘Errespetatu Andoain’ plataformak Gipuzkoako Foru Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Auzitegian.
Izan ere, ekainaren 17an Foru Aldundiak hartutako erabakiaren bidez, proiektua idazteko zerbitzuen kontratua adjudikatu zaio FHECOR Ingenieros Consultores SA eta SESTRA Ingeniería y Arquitectura SL enpresek osatzen duten ABEEari.
Astearte arratsaldean plataformak Andoaingo Goikoplazan egindako agerraldian azaldu zuenez, LAZO konexio proiektuak indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) «oztopatzen» du.
«Ez du ahalbidetzen A-15 eta N-I artean dauden 3 kilometroko tartea lekuz aldatzea. Tarte honek Gipuzkoako trafikorik handiena jasotzen du (egunean 71.000 ibilgailu), eta kutsadura akustiko zein atmosferiko maila onartezinak sortzen ditu Andoaingo bizilagunen osasunaren kalterako», dio plataformak.
Gainera, Aldundiak jatorrizko 3 kilometroko C-II (Elkarbizitza) proiektua zatikatu eta soilik 700 metroko zatia (Bazkardoko LAZO konexioa) lizitatu duela gogoratu du plataformak. «Zatiketa horren ondorioz, ingurumen ebaluazio sinplifikatua aplikatzen zaio eta horrek herritarren alegazioak aurkezteko aukera galarazten du. Proiektua oso-osorik aurkeztuz gero, ingurumen ebaluazio arrunta egin beharko litzateke, herritarren parte-hartzea ahalbidetuz», azaldu du.
Kontratazioa araudien «urraketa»
Bestalde, kontratazio araudiaren «urraketa» egon dela uste du Errespetatu Andoiainek. «SESTRA Ingeniería y Arquitectura SL enpresak lizitazioaren zehaztapen teknikoen prestaketan parte hartu zuen, eta berak diseinatu zuen LAZO alternatiba.
Hori dela eta, Kontratu Publikoen Legearen arabera, ezingo luke parte hartu lehiaketa berean, plataformak dioenez. Enpresa honek Andoaingo Udalari eta Foru Aldundiari aurkeztutako dokumentazioak eta irudiak «argi eta garbi frogatzen dute LAZO soluzioa beraiek garatu zutela aurretik» dio.
Hori dela eta, errekurtsoaren bidez, esleipena bertan behera uztea eta prozedura atzera botatzea, «gardentasuna, inpartzialtasuna eta herritarren parte-hartzea bermatuz», eskatu du plataformak.
«Andoaingo bizilagunen osasuna eta ingurumenaren babesa lehenetsiz», N-I eta A-15 arteko lotura zatiaren konponbide «egokiago» baten alde egin du plataformak.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
