NAIZ

Gigantek Giroko etapa nagusia irabazi eta Usoa Ostolazak Mendiko maillota berreskuratu du

Soudal taldekoak irabazi du Giroko etapa nagusia, Reusserri (Movistar) maglia arrosa kendu dion Longo Borghiniren aurretik. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) ihesaldian sartu da Mendiko maillota berreskuratzeko eta igandeko azken etapan Giroko eskalatzaile onena den Giganterekin lehiatuko da.

Usoa Ostolaza, berriro ere urdinez jantzita Giroan.
Usoa Ostolaza, berriro ere urdinez jantzita Giroan. (SPRINT CYCLING)

Soudal taldeko Sarah Gigante txirrindulariak irabazi du Giroko etapa nagusia, Fermignano eta Monte Nerone artekoa (150 km), Marlen Reusserri (Movistar) maglia arrosa kendu dion Elisa Longo Borghiniren (UAE) aurretik. Usoa Ostolaza zarauztarra (Laboral Kutxa) ihesaldian sartu da Mendiko maillota berreskuratzeko eta igandeko azken etapan Giroko eskalatzaile onena den Giganterekin lehiatuko da.

Eta egia esateko, albiste bikainak datozkigu Italia aldetik. Bertan Giroa amaitzear dela –igande honetan amaituko da–, Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindulari zarauztarrak Mendiko maillota berreskuratu du. Larunbat honetako ihesaldian parte hartu du –azkenean, 19:45eko denbora galdu du– eta etapa nagusiko irabazle izan den Sarah Giganteri maillot urdina 'ostu' dio. Hala, bien arteko lehia bizi ahal izango da azken etapan.

Azkenean helburua beteko balu, zarauztarrak sekulako denboraldia osatzen ari dela esan genezake. Izan ere, duela aste batzuk Pirinioetako Tourra bigarren aldiz irabazi zuen, eta maillot urdinarekin etxera itzultzea Laboral Kutxaren lan onari esker ere izango litzateke.

Baina lehendabizi azken etapa korritu behar dute. Gigante australiarrak agian beste helburu handiago bat du. Izan ere, gaurko garaipenarekin, sailkapen nagusiko hirugarren postuan da, Marlen Reusserri (Movistar) maglia arrosa kendu dion Elisa Longo Borghinirengandik (UAE) 1:11ra.

Alde nahikoa du italiarrak Giganterekin konparatuta, baina Longo Borghinik 22 segundora besterik ez du bigarren sailkatua, Movistar taldeko Reusser. Beraz, igande honetan Imolako zirkuituan maglia arrosa nork jantziko duen ez dago batere argi.

«Gaur etapa gogorra zen. Helburu nagusiak ihesa hartzea zen, alde batetik, ahal izanez gero nirekin Mendian puntuak lortu ahal izateko, baina helburu nagusia berriro maillot urdina lortzea zen. Zorionez, Bigarren Mailako lehen mendate puntuagarrian eraso egin dut eta bigarren postua lortu dut, Vismako txirrindulari bat zen ihes eginda. Ondoren, hiru txirrindulariko ihesaldia osatu dugu eta hurrengo bi mendateetan puntuak lortzen jarraitu dut. Sarah Gigante izan da garaile Monte Neronen eta puntu bategatik maillot urdinaren helburua lortu dugu, eta saiatuko dugu eusten. Bihar [igandean] azken etapa dugu, Laugarren eta Hirugarren Mailako mendateekin. Ihesaldian egoten saiatuko gara, eta, ezin badugu, tropelatik mugitzen gainetan puntuak lortzeko«, azpimarratu du Ostolazak.

Euskaldunen artean, Ostolazaz gain, Ane Santesteban 69.a izan da, irabazlearengadik 24:20ra. Sailkapen nagusian, Ostolaza 36.a da, 38:38ra, eta Santesteban, 45.a, 47:09ra. Gogoratu behar da Naia Amondarainek ez zuela irteera hartu ostiraleko etapan.

134 kilometroko azken etapa izango da biharkoa, Forli eta Imola artean. Zirkuituaren zati bat Imolako Enzo eta Dino Ferrari autodromoaren barruan doa. Txirrindulariak helmugatik 2,2 km-ra sartuko dira pistara, zirkuituan zehar erlojuaren orratzen noranzkoan lasterka eginez. Azken bihurgunea 550 metro falta direla iritsiko da, eta ondoren, amaierako zuzen luze eta apur bat kurbatua dator, 8 metro zabal, asfalto perfektuki berdinduan.