NAIZ

Lehen koaderno meteorologikoetako bat topatu dute, 1830ean Balmasedan egindakoa

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek 1830eko meteorologia koaderno bat aurkeztu dute. Manuel Llagunok idatzi zuen zehaztasun zientifiko handiz. Bere erregistroen bidez XIX. mendean, Izotz Aro Txikiaren amaieran eta Industria Iraultzaren aurretik zegoen klima ezagutzen ahal dugu.

Manuel Llagunok idatzitako koadernoaren zati bat.
Manuel Llagunok idatzitako koadernoaren zati bat. (ENKARTERRIETAKO MUSEOA)

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aparteko aurkikuntza dokumentala aurkeztu dute: Manuel Llagunok 1830ean Balmasedan egindako koaderno meteorologikoa. Euskal Herriko klimaren lehenengo erregistro sistematikoetako bat da, eguneroko tenperaturak, haizearen norabidea, eguzki-orduak eta baldintza atmosferikoei buruzko iruzkinak zehaztasun handiz jasoten dituen materiala.

Garai haretan Europan ere erabilten zen Fahrenheit eskala erabilita, Llagunok 1830eko urtarrilaren 1etik abenduaren 8ra arteko bertako klima dokumentatu zuen. Balio historiko eta zientifiko handia du, datu kuantitatiboak ez ezik, muturreko tenperaturek markatutako aldiaren klimaren behaketa kualitatiboak ere eskaintzen dituelako. Kontuan izan behar da Euskal Herrian lehen estazio meteorologikoak XIX. mendearen amaieran hasi zirela lanean.

Balmasedako litografia bat. (ENKARTERRIETAKO MUSEOA)

Neurketak klimak interes berezia duen une batean daude eginda: industrializazino orokorraren aurreko urteetan, Izotz Aro Txikiaren (Europako hotzaldia) amaieran, eta Lehen Gerra Karlistaren (1833-1840) eztandaren aurretik. Dakigunez, klima zorrotzak asko gogortu zituen Bizkaiko gerra-aldiak. Neguko minimoak oso baxuak izan ziren: otsailaren 2an eta 3an -7 gradurainoko tenperaturak erregistrau ziren. Aldiz, udek ez zuten bero handirik eskaini: ekainaren 27an, egunik beroenean, 28,8 gradu baino ez ziren hartu, eta udako batez bestekoa 20 gradu ingurukoa izan zen.

Urtarrileko elurteak

Datu deigarrienen artean gaur egun Bizkaian ia pentsaezinak diren urtarrileko elurteak daude. Elur asteen ondoren, otsailak behe-laino iraunkorrak eta martxoak haize handiak, euriteak eta txingorra ekarri zituen. Apirilaren 23an, adibidez, Llagunok bere koadernoan «euri-jasa jarraitu oparoak eta txingor bat edo beste» idatzi zuen.

Udan ere, eguraldia ezegonkorra izan zen, zerua estalita eta euria noizbehinka.

Tresna baliotsua

«Koaderno hau, Balmasedako herritar batek XIX. mendean izan zuen jakinmin zientifikoaren lekukotza ez ezik, gure klimak izan duen bilakaera ulertzeko oso tresna baliotsua ere bada», adierazi du Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendariak.

«Balioan jartzen ditu behaketa zehatza eta idatzizko memoria ingurumenaren eta gizartearen ezagutzaren iturri bezala gordetzearen garrantzia».

Jatorrizko testuaz gain, Enkarterrietako Museoak Fahrenheit eta Celsius graduen arteko tenperaturen baliokidetasuna alderatzen dituen koadroa egin du, garai hartatik gaur egunera arteko klimaren bilakaera testuinguruan argi eta garbi jartzeko.

Dokumentu hori, zalantzarik gabe, funtsezko iturria da klima-aldaketari buruzko azterlanetarako, industrializazioaren eraginaren aurreko klimaren zuzeneko ikuspegia ematen duelako. Enkarterriko museoaren webguneko ‘Dokumentu funtsa’ atalean kontsultatu daiteke (www.enkarterrimuseoa.eus).