NAIZ

Estropezuka, baina lortu du azkenean Ordiziako Klasikoak 102. ekitaldia jokatzea

Aurrekontu falta zela-eta bertan behera geratzen zela adierazi zuten antolatzaileek martxoaren hasieran, baina handik gutxira Rural Kutxaren babesarekin hurrengo lau urteetan jokatzeko bermea lortu zuten. Iazko irabazlea, UAEko Jan Christen falta dela, Isaac Del Toro edo Simon Carr dira faboritoak.

Jan Christen suitzarra izan zen iazko Ordiziako Klasikoko garailea.
Jan Christen suitzarra izan zen iazko Ordiziako Klasikoko garailea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ez da gutxi ostiral honetan Ordiziako Klasikoaren 102. ekitaldia jokatzea. Ez da gutxi, martxoaren 5ean aurrekontua osatzeko arazoak argudiatuz bertan behera geratzen zela adierazi zuen-eta. Estropezuka, baina kinka larri horri buelta ematea lortu zuen hurrengo egunetan antolakuntza komiteak, bereziki Rural Kutxarekin lau urterako babesa lortu ostean.

«Ez dugu lasterketa erortzen utziko». «Etena iragarri bagenuen, eskura genituen bide guztiak agortu genituelako da. Ez genuen probaren aurrekontuari aurre egiteko modurik ikusten, eta ezin genuen eta ez genuen sartu behar urte batetik bestera galerak metatzeko dinamika batean. Erabaki zorrotz bat hartzera behartuta geunden. Dei horrek eta pertsona horrek dena aldatzen du eta uztailaren 25ean egingo dugu proba», azaldu zuen Ketxus Sanz antolatzaileak ‘Diario Vasco’ egunkarian.

Bada, UAE taldeko Jan Christen iazko irabazleak izango du oinordekorik aurten, suitzarrak ez baitu Ordiziako Klasikoan aurten parte hartuko. Orotara 19 taldek hartuko dute parte, tartean lau World Tourrekoak –UAE, Movistar, Cofidis eta Astana–, beste zortzi Pro Team talde, tartean Burgos-BH, Caja Rural, Euskaltel Euskadi edo Kern Pharma, eta osterantzean, beste zazpi talde kontinental kategoriakoak.

Hautagai garbi bat, eta besteak

Hautagai bat baino gehiago egonagatik, UAE taldeko Isaac Del Toro mexikar gaztea argitzen dute pronostiko guztiek. Giroa irabaztear izan zen pasa den maiatzean eta horrez gain, Austriako Itzulia eta Milano-Torino lasterketak irabazi ditu, besteak beste.

Isaac Del Toroz gain, Education First taldeko Simon Carr, 2020an Ordizian garaile izan zena ere hautagaien artean sartu behar da, besterik ezean palmaresean lekua eginda duelako. Ez bakarrik, Jon Barrenetxea –Movistar–, Diego Ulissi –Astana–, Antonio Morgado –UAE–, Jesus Herrada –Cofidis– edota Christian Scaroni –Astana– ere Ordiziako helmugan garaile izateko borrokan egon beharko luketen hautagaiak dira.

Ordiziako Klasikoaren Antolakuntzak jakinarazi du aurtengo edizioan ibilbide aldaketa bat egingo dutela. Bost itzuliak berdinak izango dira, Abaltzisketako igoera tradizionalarekin, baina jaitsieraren erdian, Zaldibiarako bidean, Gaintzara igoko dira txirrindulariak itzuli guztietan. Ez dute Altzo igoko. Tartean %19ko aldapatzarrak ditu Gaintzak eta ibilbideko 167 kilometroak luze eta gogorrak egingo dira azkenerako.