Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Kartzela barruko gatazka moral konplexuak

VOGTER (CONDENADOS)
Danimarka 2024. 100’. Zuzend: Gustav Möller. Gidoia: Emil Nygaard Albertsen, Gustav Möller. Akt.: Sidse Babett Knudsen, Sebastian Bull Sarning, Dar Salim, Marina Bouras. Musika: Jon Ekstrand. Arg.: Jasper Spanning. 

Sidse Babett Knudsen aktorea ‘Vogter’ filmean.
Sidse Babett Knudsen aktorea ‘Vogter’ filmean. (laaventuracine)

Kartzelako dramen azpigenero zirraragarriaren zaleek proposamen ezin hobea izango dute aste honetan: Danimarkako ‘Vogter’ (‘Condenados’, gazteleraz) filma. Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen estreinaldia eta orain iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.

‘Borgen’ telesailari esker ezagun egin zen Sidse Babett Knudsen aktorea Eva izeneko espetxe-funtzionarioaren azalean sartuko da, presoekiko jarrera adeitsu eta arduratsua duen emakumea. Egun batean, ordea, iritsi berri diren presoen artean bere semearen hiltzailea dagoela konturatuko da; gertaera horrek dena aldatuko du. 

Kartzelako drama gisa aurkezten den arren, tentsioa ez da akzio-eszenetan ageri, baizik eta protagonistaren bilakaera sendoan. Zentzu horretan gehiago du drama psikologikotik.

Gustav Möller da zuzendaria. 2018an, ‘The Guilty’ filma zuzendu zuen eta, Sundance Jaialdian Publikoaren Saria irabazteaz gain, nazioarteko kritikarien eta ikusleen txaloak ere jaso zituen. Larrialdi-zerbitzuko telefono-operadore batek gaueko txanda batean jasotzen duen dei batek gidatzen du kontakizuna. Filma osorik lokalizazio bakarrean gertatzen da. Hiru urte geroago, izen bereko remake bat egin zen AEBetan; kasu horretan, Jake Gyllenhaal izan zen protagonista. 

Zuzendariak aipatu du: «Filmaren abiapuntua espetxeekiko sentitzen dudan lilura izan da. Lehenik eta behin, uste dut espetxeak oso eszenatoki zinematografiko indartsua direla. Muturreko pertsonaiak daude, arau zorrotzak eta botere dinamika indartsuak. Gainera, lekua bera sinbolismoz eta arketipoz beteta dago. Funtsean, espetxea oso mihise sendoa da istorioak kontatzeko».

Gatazka moral konplexuek eta antzezpen sakonek erakartzen bazaituzte, bereziki giro itxi eta zapaltzaileetan, Gustav Möllerren estreinaldi honek zure arreta merezi du. 

Sidse Babett Knudsen 

Bereziki Danimarkan eta Estatu frantsesean saritu dute zineman eta telebistan egindako lanengatik, baina gainerako herrialdeetan ere aktore entzutetsua da. Ibilbidea Danimarkako zineman hasi zuen, baina AEBtako telesailetan ere parte hartu du (‘Westworld’), eta sona handiko sarietan izendatua izan da.

Telebistako paperengatik nabarmendu da bereziki —batez ere ‘Borgen’ telesailean Birgitte Nyborg-en azalean sartzeagatik—, baina diziplina askotan arituz osatu du bere ibilbidea.