NAIZ

Uribarri Ganboako urtegian urperatutako herriei eta bertako biztanleei omenaldia egin diete

Urtegia egiteko urpean geratutako herriei eta bertako biztanle izandako 600 lagunei omenaldia egin die Arabako Aldundiak astelehen honetan, beraien bizimoduak alde batera utzi eta alde egin behar izan zutelako. EH Bilduren ustez, «espedientea betetzeko» egindako ekitaldia izan da eta ez da nahikoa.

Uribarri Ganboan urpean geratutako herriei egindako omenaldia.
Uribarri Ganboan urpean geratutako herriei egindako omenaldia. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

1950eko hamarkadan, diktadura frankista betean, Uribarri Ganboako urtegia eraikitzen hasi zenean 600 pertsonak baino gehiagok beren etxeak, lurrak eta bizimoduak utzi behar izan zituzten. Izan ere, Mendizabal eta Orenin herriak guztiz urpean geratu ziren eta Garaioren eta Zuhatzu Ganboaren morfologiak guztiz aldatu ziren.

Herriak atzean uztera behartuta, batzuk Gasteizera eta beste batzuk are urrunago joan ziren. Astelehen honetan pertsona eta familia hauei omenaldia egin die Arabako Foru Aldundiak urtegiko begiratokian egindako omenaldi batean. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak azaldu duenez, «pertsonen oroitzapenak, tradizioak eta esentzia desagertu ziren» eta «bizitza berri bati ekitera behartu zituzten, kasu askotan oso baldintza gogorretan».

Ekitaldian izan dira desagertutako herri haietako bizilagunak, jada ez daudenen ondorengoak, ingurune horren memoria bildu duten pertsonak, urtegiaren inguruko egungo toki erakundeetako ordezkariak eta beste agintari batzuk. Gaur egun urtegiaren aldamenean daudenak Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Barrundiako udalerriak eta Mendixur, Marieta-Larrintzar eta Uribarri Ganboa herriak dira.

Arabako Aldundiko Txistularien Bandak ‘Agur jaunak’ jo eta Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuarekin batera egindako lore eskaintza egin ondoren, Ramiro Gonzalezek memoriaren totema desestali du, zeina urtegiaren begiratokian geratuko baita, aitortza horren ikur iraunkor gisa.

«Omenaldi honek gogora ekar diezagula zein garrantzitsua den gure sustraiak baloratzea, gure herrien memoria eta gure memoria kolektiboa babestea eta garapena eta pertsonen duintasuna uztartuko dituen etorkizuna eraikitzea», adierazi du Gonzalezek. «Gertatu zen guztia Arabako memoriaren parte izan dadila eta, ondorioz, gogoan izan dezagula», gaineratu du.

«Espedientea betetzera mugatuta»

EH Bilduk, bestalde, ekitaldi honekin Arabako Aldundia «espedientea betetzera mugatu» dela salatu du. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak gogora ekarri duenez, Gonzalezen Gobernuak «sei urte baino gehiago behar izan ditu omenaldia egiteko eta 2019ko urtarrilean aho batez onartutako mozioa betetzeko». Gainera, familiak eta inguruko udalak kontuan hartu ez dituela deitoratu du.

Gogorarazi duenez, 2019an foru gobernuak udalekin batera herriei eta garai hartan bertan bizi zirenei «merezi zuten aitortza» emango zien ekitaldi bat egingo zuela jakinarazi zuen. Gainera, EH Bilduk esan duenez ekimenean erakunde arteko lantalde bat sortzea planteatzen zen, garai bateko biztanleei eta haien ondorengoei aitortza emateko eta, aldi berean, erreparazioa eskaintzeko.

«Baina sei urte luze geroago, eta EH Bilduk foru Gobernuari hainbat galdera eta interpelazio egin ondoren, presaka eta korrika prestatutako ekitaldia egin da, eta antolaketan ez dute parte hartu ez udalek, ez familiek. Gainera, uztailaren amaieran egin da, eta horrek eragotzi egin du eragindako pertsonen parte-hartzea. EH Bilduk ekimena aurkeztu zuenean ez zuen pentsatu Foru Gobernuak hain gogo gutxirekin jorratuko zuenik merezitako omenaldi hau», nabarmendu du Lopez de Arroyabek.

«Herri haiek urpean desagertu ziren, baina ezin da gauza bera gertatu haien oroimenarekin. Uste dugu zorretan gaudela euren etxeetatik erbesteratuak izan zirenekin, urtegia eraikitzeko etxea eta lanbidea uztera behartuak izan ziren horiekin guztiekin», gaineratu du.