NAIZ

Donostiako Aste Nagusian indarkeria sexistak artatzeko zerbitzua 24 orduz egongo da

Donostiako jaien bezperetan aurkeztu du Udalbatzak indarkeria sexistako kasuak prebenitu eta artatzeko zerbitzua. Larunbat honetatik aurrera, Boulevardean egongo da puntu morea 13.00etatik 05.00etara; 24 orduko arreta eskainiko da Emakumeen Etxearen zein Bedintasnu Sailaren telefonoaren bidez.

Donostiako Udalbatzak indarkeria sexisten aurkako kanpaina aurkeztu du, Aste Nagusiaren atarian.
Donostiako Udalbatzak indarkeria sexisten aurkako kanpaina aurkeztu du, Aste Nagusiaren atarian. (Donostiako Udala)

Azken urteetan bezala, Donostiako Aste Nagusia heltzearekin bat Boulevardeko puntu morea berriz zabaldu da «indarkeria sexistako kasuak prebenitu eta artatzeko». Ostegun goiz honetan aurkeztu dituzte protokoloa eta baliabideak Udalbatzako kideek, talde guztietatakoak.

Donostiako hiriak «mota guztietako indarkeriazko jokabideak gaitzesten» dituela gogorazi dute, eta jaietako eraso sexistak eta sexu erasoak prebenitu eta horiei aurre egiteko uda hasieran abiatutako kanpaina nabarmendu dute. Larunbat honetatik hasi eta hilaren 17ra bitarte arreta zerbitzua indartuko dute, eta horrela, 24 orduz egongo da erabilgarri zerbitzua, «indarkeria sexistako kasuak gertatzen badira, erantzuteko».

Boulevardean puntu more bat egongo da, kiosko zaharrean, eta bertan profesionalek aurrez aurreko arreta emango dute 13.00etatik 05.00etara. Emakumeen etxea ere erabilgarri egongo da Okendi kalearen 9.zenbakian 05.00etatik 10.00etara arreta ematen. Eta azkenik, urte osoan bezalaxe, Berdintasun Sailaren telefono zenbakira deitu ahalko da edozein ordutan: 6309334994.

Eneko Goia alkateak adierazi du Donostia «guztiz konprometituta» dagoela herritarrek festaz gozatu dezaten: «Pertsona guztiek, emakume zein gizon izan, gure jaien programazio zabalaz askatasunez eta segurtasunez gozatu ahal izatea garrantzitsua da. Donostia guztiz konprometituta dago zentzu horretan, eta, beraz, gaur gure batasuna ikusarazi nahi dugu askatasun hori bortxatzen duen edozein ekintza edo jarreraren aurrean».

Uda osoko kanpaina

Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak uda hasieran aurkeztutako kanpaina gogoratu du. Ekainaren 23an abiatu zuten ‘Festetan ere aske! Indarkeria sexistarik ez!’ lelopean. Prebentziorako informazioa eta eraso sexisten eta sexu erasoan aurrean jokatzeko gomendioak biltzen dira kanpainaren baitako bitartekoetan.

«Kanpainaren helburua da jaietako eraso sexisten aurkako mezuak zabaltzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ezagutza sustatzea eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera proaktiboak bultzatzea», azaldu du Oyarbidek. Eta gehitu du tabernetan ere banatu eta aurkeztu direla «sentsibilizatzeko materiala eta jarduteko protokoloa».