
Irene Cara abeslari eta emakumezko aktoreak ‘Fame’ filmean bere izena gogoan hartzeko abesten zuen eta antzekorik esan lezake Leo Bisiaux Decathlon taldeko txirrindulari gazteak. Burgosko Itzuliko hirugarren etapan maila txundigarria eskaini du, berdin Orduñako mendatean gora eta baita Valpuestako helmugarako azken metroetan Donostiako Klasikoa irabazi berri duen Giulio Ciccone (Lidl Trek), Giulio Pelizzari (red Bull), Isaac Del Toro (UAE) eta Lorenzo Fortunato (Astana) iheskideak atzean utzita. Ondorioz, Fontainebleaun 2005eko otsailaren 14an jaiotako mutilak bere profesional ibilbideko palmaresa estreinatu du eta gainera liderraren elastikoa jantzi du, Urduñako mendatean Roger Adria katalanak pot egin eta gero.
Ez da edozein Leo Bisiaux. Profesionaletara jauzi egin bezperetan ’Girinoa’ aurreneko hamarren artean amaitu zuen, eta Etorkizunekoen Tourrean podiuma bertan izan zuen, laugarren amaitu bazuen ere. Are gehiago, Burgosko Itzuli honetan aurreneko etapan laugarren amaitu zuen Burgosen amaitu zen etapan. Ostegun honetan duela bi egun oso gertu izan zuen balentria erdietsi du, eta Isaac Del Toro edo Giulio Ciccone bezalako maila itzeleko aurkariak nabarmen menpean hartuta. Euskaldunen artean Kern Pharma taldeko Urko Berrade izan da hobekien sailkatu dena. Valpuestako helmugara bigarren multzoan iritsi da eta zortzigarren amaitu badu etapa, Bisiauxengandik 22 segundora, aurreneko hamarren artean kokatu da sailkapen nagusian ere.
San Pedro de Cardeñako abade-etxetik abiatu den etapak makina bat ihesaldi saiakera izan ditu. Halakoren baten talde batek aurrea hartu duen arte: Sander de Pestel (Decathlon), Gorka Sorrain (Caja Rural), Hugo Aznar (Kern Pharma), Iker Mintegi (Euskaltel), Mario Silva (Illes Balears) eta Daniel Cavia (Burgos BH).
Ocekako mendatea igotzen Sorarrain eta De Pestelek aurrera jo dute, baina une horretan berririk garrantzitsuena tropelean izan da. Mikel Landa bere burua probatzen ahalegindu da eta Orduñarako tartean tropeletik ihes egin eta aurretik ihes eginda zihoan bikotea harrapatzeko jazarpen probari ekin dio. Ez du askorik behar ‘Landismoak’ berriz ere hauspoa hartzeko, baina egia esanda, harrigarria eta pozgarria izan da Murgiakoaren ahalegina.
Nolanahi, tropelak ez die abenturetan abiatu direnei aukerarik eman eta Urduñako malda gogorrak hasi direnerako irentsi ditu aurretik zihoazen guztiak, Landa barne. Une horretan etsi du Roger Adria liderrak, tropelekoen martxa biziegi iritzita.
Giulio Cicconek erasoa jo izan balu, inor ere ez zatekeen harrituko, baina Leo Bisiauxen erasoari erantzuten nahikoa lan izan du Lidl Trek taldeko italiarrak. Aldiz, Fortunato eta Pelizzarik pixkanaka lortu dute aurrenekoekin bat egitea. isaac Del Torok, berriz, Valpuestara bideko jaitsieran eta lautadan harrapatu du lasterketa burua.
Bide estua eta hautsia izan dute azken kilometroetan, Euskal Herritik atera eta Burgosen berriz ere sartzeko tartean. Bere burua indartsu ikusi du nonbait Leo Bisiaux gazteak eta bitan pentsatu gabe erritmoa aldatu eta ospa egin die arerioei, etorkizunean kontuan hartzeko izena dela erakutsiz munduari eta bere palmaresa estreinatuz.
Polonian, dena antzera
Ez da lider aldaketarik egon Poloniako Tourreko laugarren etapan. Beraz, Decathlon taldeko Paul Lapeirak jarraitzen du liderraren elastikoarekin. Rybnik hirian abiatu eta Cieszyn-emn amaitu den etapa esprintean amaitu da azkenean eta Soudal taldeko Paul Magnier izan da nagusi.
Liderra etapa irabazlearen taldean iritsi da helmugara eta baita Pello Bilbao ere. Bahrain taldeko gernikarrak sailkapen nagusiko bosgarren postuan jarraitzen du Paul Lapeirarengandik 19 segundora.
Ostiraleko etapan gauzak aldatu daitezke. Batetik, 206 kilometroko etapa izango baitute aurrean txirrindulariek, Katowice eta Zakopane artean. Horrez gain, lehen mailako bi mendate gainditu beharko dituzte: Kocierz (4,1 kilometro batez beste %7,3ko aldaparekin) eta Przelecz Krowiarki (8,6 ilometro batez beste %4,9ko aldaparekin).
Portugaleko Itzulia
Bestalde, Portugaleko Itzuliak aurreneko etapa jokatu du ostegun honetan, Viana de Castelo eta Braga artean. Azken metroetan Sameiroko gainera iristeko esprintean Nicolas Tivani Aviludo-Louletano-Loulé taldeko txirrindulari argentinarra nagusitu da, Jesus David Peña kolonbiarraren eta Brady Gilmore australiarraren aurretik. Julen Arriola-Bengoa Caja Rural taldeko euskalduna zazpigarren sailkatu da.
Rafael Reis (Anicolor-Tien21), aitzin etapan garaile izan zen portugaldarrak mantentzen du liderraren elastikoa, Nicolas Tivani gainsariei esker bi segundora hurbildu bazaio ere.

Mutualistas vizcainos percibirán mayor importe en su pensión al ajustarse sus retenciones

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas
