«Igerian naturarekin konexio oso handia dago; txikia zara, eta aldi berean handitasunaren zati»
Ur hotza, marmokak, eguraldi ezegonkorra; gauez igeri egitearen beldurrak, animaliak, Estatu Batuetan eta Ipar Irlandan bidaia... dena hilabete eta erdi baino gutxiagoan. Iskander Sagarminagak, Eider Eibar bikoteaz, ur irekietako zeharkaldietan aurkitu du mundua ezagutu eta naturaz bat egiteko era.
«Igerian naturarekin konexio oso handia dago; txikia zara, eta aldi berean handitasunaren zati»

Manhattaneko irlari buelta ematea Kaliforniako Santa Katalina uhartetik Los Angelesera gaueko zeharkaldia osatzea eta Ipar Kanala zeharkatzea lortu ditu, orotara 120 kilometrotik gorako zeharkaldia hilabete eta erdiren buruan, urtebeteko prestakuntza fisiko eta psikologiko gogorraren ostean erdietsitakoa eta kokoak.eus webgunean aurkitu daitekeena, Eider Eibar bikote eta marrazkilariaren bitartez Zazpi Itsasoen Erronkaren barruan beti ere.
Zorionak eta hartu atseden, hasteko eta behin, hilabete hau zure bizitzako intentsuena izango zelako!
Eskerrikasko! Egia esan, zoramena izan da. Bidaia, leku batetik bestera joan beharra, herrialde desberdinetan barrena ibiltzea... baina abentura polita izan da. Iaz ezin izan genuen Ipar Kanaleko erronka bete eta aurten hirutik hiru betetzea ondo egindako lanaren ondorio ez ezik, zortea ere alde izan dugu, beti gaudelako eguraldiaren menpe eta inoiz ezin da lortuko denik ziurtatu.
Prestaketa fisikoa, psikologikoa... holistikoa, alor guztiak elkarlotuta izan beharko zen?
Noski. Azkenean kapitain bakoitzarekin hitzegin behar duzu, elkarte bakoitzarekin adostu behar duzu noiz eta nola joan, kayakerra bilatu, hegazkinak hartu, non lo egin aurkitu... Gauza asko daude antolatzeko eta denbora behar delako, urte mugitua izan da benetan.
Iaz Ipar Kanalean aurreneko ahalegina egin zenuen, baina itsasoak ez zizun laga. Nolatan buru-gogortu zinen «baten faltan, hiru erronka» esan eta betetzeko?
Ez da horrela izan zehazki. Ideia geneukan iaz Ipar Kanalaren trabesia egitea eta aurten Los Angeleseko Santa Catalina kanala egiteko ideia geneukan, baina iaz Ipar Kanalaren erronka ez zitzaigunez atera, aurtengora pasa dugu eta Estatu Batuetara bestela ere joan behar ginenez, "New Yorketik pasako gara" esan zuen Eiderrek, eta nik orduan, ba handik pasatu behar baginen, "20 Bridges" delakoa egin zitekeela erantzun nion. Hala, Manhattaneko itzulia betetzen bagenuen, Mantxako Kanalarekin batera "koroa hirukoitza" lortuko nukeen, "triple crown" originala. Eiderrek halakoetan beti animatzen nau eta horrela erabaki genuen erronka hirukoitz honi ekitea.
Gauzak egiten hasita, dena ekinaldi baten.
Bai, baina batzuetan gertatzen da hainbesteko zama hartu eta ito egiten dela bat. (barrez).
Noski, baina kasu honetan prestakuntza ez zen hiru bider hobea izango, baina bai oso fina zeharkaldi guztiak egin ahal izateko prest egoteko.
Hala da. Bestela zeharkaldi bat bukatu dezakezu, baina bat bakarrik. New Yorkeko erronkatik Santa Catalinakora zazpi edo zortzi egun baino ez ziren pasa eta orduan, sasoiko ez bazaude, aurreneko zeharkaldia lehertuta amaitzen duzu eta ez diozu bueltarik ematen gorputzari. Forma oso onean joan behar duzu aurreneko trabesia fresko amaitzeko –nahiz eta zortzi ordu eman igerian– eta hurrengorako prest izateko. Gogorragoa da prestakuntza bera ere, bai, hiru erronka oso tarte txikian direlako.

Zelakoa da trabesia bakoitza?
Oso ezberdinak. Manhattangoan errekan do, baina zati bat itsasoa da, oso handia delako eta ur emari oso handia dauka. Beraz, korrontea ere handia da eta erreka batetik bestera uraren kolorea, zaporea, flotagarritasuna... aldatu egiten da eta tarte bakoitzean errekari egokitu behar zara: korrontea alde, kontra... nola dagoen eta gainera hiritik zoaz, ez zaude itsaso zabalean galduta.
Santa Catalina, berriz, oihanean gauez sartzea bezalakoa da. Gauez abiatzen zara, dena dago ilun, natura da nagusi eta handiena, animalia pila batekin... eta psikologikoki beldur horiek kudeatu behar dituzu. Bi ordu eta pikuren ostean irlarantz zoaz eta "zertan ari naiz hemen", galdetzen diozu zure buruari. Santa Catalina eta New York bata bestearekiko guztiz kontrakoak dira.
Ipar Kanala hotzak definitzen du. Hotza, haizea, eguraldi ezegonkorra, marmokak... egon litekeen gauzarik txarrenak batuta daude Ipar Kanalean.
"Zertan ari naiz hemen"? askotan galdetu diozu zure buruari zeharkaldien erdian?
Zeharkaldietan martxan nabilela, sekula ez. Santa Catalinan uretan sartu aurretik itsasontzian nengoela, hor bai, baina sartu nintzenean plankton bioluminizentzia hasi zen eta igerian hasi nintzenean, berriz, "hauxe da nire lekua!" hasi nintzen pentsatzen, poz-pozik. Gauez. Txiki-txikia nintzen. Esku biak argituta neuzkan, naturarekin sekulako harremanean nengoen eta nire "txikitasun" horretan, oso eroso sentitzen nintzen eta pila bat gozatu nuen gaueko beldur horiekin. Beste mundu baten egongo banintz bezala izan zen; oso esperientzia polita.
Baina noski, nik izan nuen esperientzia izan dezakezun bezala, beldurra sartu eta uretatik atera zaitezke ere. Nik banuen beldur hori nire baitan, ea nola erantzungo zuen nire buruak, banekielako jende asko uretatik atera dela, beldur horrek jota.
Prestakuntza fisikoa handia izan dela bistan dago. Baina itsasoaren handitasunari, nekeari, beldurrari... aurre egiteko prestakuntza psikologiko berezirik burutu duzu?
Egunero pila bat entrenatu dut, bai, baina entrenamendu psikologikoa ezberdina da. Itsasora gauez sartu naiz Santa Catalinara abiatu aurretik, Mantxako Kanala gauez egin nuen, baina ez da gauza bera. Mantxako Kanalean, edo Mediterraneoan edo Euskal Herrian gauez itsasoan murgiltzea, baina itsasertzetik hurbil; edo Ipar Kanalean itsasontzia inguruan zela, gauza bat da. Baina nolabait esatearren, batean basamortuan ari zara ibiltzen, eta bestean, berriz, oihanean sartzen zara gauez; zarata guztiekin, animalia guztiekin... oso ezberdina da eta, noski, ezin duzu entrenatu. Badakizu egoera ez dela erosoa izango, irudikatu dezakezu eta entrenatu dezakezu "tira, goazen aurrera, ez da ezer gertatuko-eta" zure buruari esanez; "animaliak ez dira zugana hurbilduko. Beraientzat ez duzu inolako interesik eta egon lasai" eta abar esanez, baina han bertan egon arte ez dakizu, eta buruak "ezin dut, ezin dut" esaten badizu... Beldur hori baneukan.
Eiderrek zer-nolako garrantzia izan du erronka hirukoitz honek arrakasta izateko orduan?
Ba erdia. Eider gabe ezingo nukeen parte hartu, beti izan behar delako laguntzaile bat. Berak ematen dit jaten, laguntza guztia berak ematen dit; kapitainekin, epaileekin edo kayakerrik bada, haiekin, berak hitzegiten du, nik ezin dudalako; berak ikusten du nola nagoen osasunez... Eta horrez gain marraztu egiten du, edukiak sare sozialetara igotzen ditu zuzenean jarraitzeko... Azkenean Eiderrek nik baino lan handiagoa egiten duela nik baino. Nik igerian bakarrik egiten du eta Eiderrek beste guztia kudeatu behar du.
Eta horri guztiari berak pasatzen duen beldurra. Ni ondo noa agian, baina berak ez daki eta "nola egongo ote da?" pentsatzen du, edo animaliak. Nik batzuek ikusten ditut, baina Eiderrek guztiak ikusten ditu. Balea irten zenean, Santa Catalinan balea gris bat nire atzean ipini zen, Eiderrek bere hegala ikusi zuen eta hasieran ez zekien marrazoa edo zer ote zen. Nik nire azpian dena ilundu zela ikusi nuen, eta azpian zeozer handia neramala ikusi nuen, baina ez nekien zer zen. Hori bai, banekien marrazoa ez zela, oso handia zelako. "Bai arraroa baleak igerilariari jarraitzea", esaten zuen Eiderrek, baina ia balearen gainean ari nintzen.

Baina geroago hor bai, zeozer zuria ikusi nuen, hozkailu baten modukoa eta mugitzen ari zela. Orduan bai pentsatu nuen "Buf! Hau (marrazo) zuria da! Marrazo zuria!" Eiderrek ere ikusi zuen eta izutu zen, baina tira, marrazoa bere kontuetara joan zen eta tira. Baina egia da Santa Catalinan Eiderrek beldurra pasa zuela. Gaua, inguruko txoriak, izurdeak, pelikanoak... natura leku guztietan zen hura. Zoramena!
Paradoxikoa da: batetik oso txiki sentitzen zarela diozu, eta bestetik, naturaren handitasunarekin nahasi zoaz.
Bai. izan ere, iluntasunean murgiltzen zara, plankton bioluminizentziaz argituta, animaliak dituzu inguruan, zerura begiratu eta izarrak eta ilargi betea ikusten zenuen... Azpian, berriz, dena ilun... "Non nago ni?", esaten duzu, baina igerian konexio oso handia nabari duzu eta aldi berean pentsatzen duzu "ez naiz inor, baina aldi berean honen guztiaren zati naiz". Eta egia esateko, oso eroso nengoen; lasai.

Baita marrazo zuri bat azpian zebilela ere?
Marrazoek ez dizute jaramonik egiten! (barrez) Beren kontuetan daude eta berehala antzematen dute "hau ez dela jatekoa" eta badoa. (barrez)
Umore horrekin hartzea ez da beti erraza izango!
Noski ematen duela beldurra. (serio) Ikusten duzu hain zabala eta hain handia eta zure buruari "ez pentsatu!" esaten diozu. Azkenean Spielbergen pelikulako beldurrak dira horiek. Besterik gabe ez dute erasorik egiten eta halakoetan gainera, beste jarrera bat hartzen dute.
Egia da oso arraroa dela, baina bi tona pisatzen dituen haragijale bat inguruan dabilela jakitea...
Bai, baina beste haragi bat! (barrez) Halakoetan norberaren inguruan bueltaka hasten dira, begira hasten dira... jarrera oso bestelakoa dute. Ez da ikusten dudan lehenengo marrazoa, baina (marrazo) zuria, bai, aurrenekoa zen.
Ipar Kanaleko erronkara pasata, bereziki hotza nabarmendu duzu, eta hamar ordu eta erditik behera amaitzea, kirol arlotik ere nahikoa meritu badauka.
Zazpi Itsasoen Erronkatik, Ipar Kanala da jendeari beldur handiena ematen duena. Ura oso hotz dago –eta neoprenorik gabe– 13-14 gradu bitartean. Eguraldia oso ezegonkorra da, gainera. Eta kasu honetan 11 orduko tartea neukan bakarrik zeharkaldia osatzeko.
Seietan –6.00– hasi ginen eta bostetan –17.00– haizeak altxa behar zuen eta ezinezkoa izango zen irtetea. Hala, kapitainak esan zigun goizeko 5-45etarako portura azaltzeko eta han erabakiko genuela atera edo ez. Iazko beldur guztiekin joan ginen; iaz hilabete inguru egon ginen, tartean bi leiho ireki ziren igerian egiteko, baina ez zen egun onik irten. Gogorrena, niretzat, oroitzapen hori eta ezinegon hori kudeatzea izan da.
Beldur horrekin guztiarekin abiatu ginen eta zer da kontua, eta milaka marmoka aurkitu genituen. Marmoken familien artean, munduan dauden handienak, gainera. Marmoka horiei "lehoi buru" esaten zaie, eta garro zuri batzuek dituzte, oso-oso luzeak, hamar metroraino iritsi daitezkeenak, eta marmoka ikusten ez baduzu ere, garroa bai ikusi dezakezu, baina soilik garroa gainean duzunean, hari bat bezalakoa delako. Orduan uneoro aurrera begira joan behar nuen, ea marmokak non zeuden, garroak norantz zihoazen, eta ondotik nola pasa ikusteko. Batzuetan hormak bezalakoak ziren, eta gelditu beharra izan nuen, nondik pasa ikusteko. Eta hala ere baditut hainbat ziztada. Gauez saiatu behar izan banu, ezinezkoa izango zatekeen eta ziztada gehiegi izango nituzkeen. "Horrela ibili behar al dut zeharkaldi guztia?", pentsatzen nuen.
Lau bat ordu egon nintzen horrela. Baina erditik aurrera «lehoi buru» marmoka gehiagorik ez zen agertu. Beste batzuek zeuden, baina handi-handi horiek ez dute ziztadarik ematen, norberak ukituta ere.
Eta bitartean erritmoa bizitzeko esaten zidaten. «Sakatu, behin puntu batera iritsi ezean korrontea aldatuko da», esaten zidaten. Ipar Kanaleko zeharkaldia erlojuaren aurkako lasterketa izan zen. Trabesia hau egiteko oro har 13 bat ordu behar izaten dira eta nik 11 orduan egin behar nuen. "Sakatu!" esaten zidaten azken hiru orduak egiteko, aurrez zazpi ordu igerian pasa eta gero. Noski, hori kudeatu egin behar da, indartsuegi bazoaz noiznahi gorputzak pott egiten dizulako, lepoko mina eta bizkarrekoa hasten zaizu, eta ez zara heltzen. Beraz, arin joan behar duzu, baina neurritik pasa gabe... hori kudeatzea lan nahiko gogorra izan zen.
Hamar urte pasa daramatzazu ur irekietan igerian, eta zuk ezagutuko duzu ondoen noiz zoazen ondo edo ez, eta noiz sakatu dezakezun edo ez.
Bai, baina ez da gauza bera zeharkaldi edo erronka bat, edo lasterketa bat. Lasterketa baten beti zoan topera, baina hemen heltzea da kontua, eta are gehiago azkenengo zatian normalean korrontea kontrara izaten duzula eta amaierarako indarra gorde behar duzula. Denbora oso ona egin dut, bai –hamazazpigarren denbora onena Ipar Kanaleko zeharkaldia bete duten 176en artean–, baina kontua heltzea zen. Eskerrak aurrez eskarmentua nuen. Horri esker, indarrak ondo neurtu nituen. Txarto eginez gero, baliteke arintxoago amaitu nahiagatik azkenean amaitu ezinik geratzea.
Zure buruarekin gustura amaitzeko moduan egon zaitezke, ezta? Batez ere baldintza oso ezberdinak –erreka, itsasoa, hotza, korronteak, animaliak...– probatu dituzulako.
Horrez gain, jendeak egunero egiten zuen jarraipenarekin, beti galdetzen zuen herrialdea nolakoa zen, bidaia nolakoa izan zen... Azken baten, erronka hauek ez dira bakarrik kirolari lotutakoak, baizik eta Eiderrek eta biok egiten dugun bidaia, bertoko kultura ezagutzea, bertoko jendea ezagutzea, bertoko animaliak grabatzea, Eiderrek horren guztiaren marrazkiak egitea, eta gero Euskal Herriko umeei eta jende osoari erakustea. Ondorioz, jendearen "feedback"-a oso ona izan da, asko gustatu zaielako gure abentura.
Bidaiatu eta mundua ezagutzeko beste aitzakia bat da orduan zeharkaldi hauen erronka.
Bai, aitzakia da (barrez). Ipar Kanala egiteko, aduanara iristean "zertara zatoz?" galdetu zidaten, eta nik "Ipar Kanala igerian egin behar dut" esan nuenean, harritu ziren eta "pase toreroa" eginda utzi zidaten pasatzen. Zertara zatozen esaten duzunean, jendea hurbiltzen zaizu; zurekin hitzegin nahi du, harreman hurbilagoko bat sortzen duzu eta herrian bertan egon behar duzunez itxaroten ea itsasoratu zaitezkeen, azkenerako harremanak egiten dituzu. Donaghadee, Ipar Irlandan, herria oso txikia da: bi mila biztanle, hiru mila... bost mila asko jota izango dira. Gainera, itsasgora dagoenean baino ezin duzu egin igerian portuan, eta beraz, denak ordu berean geratzen gara, "Chunky Dunkers" deitzen den talde batekin; herrikoak geratzen dira, eta mundu osotik zeharkaldi hau egiten saiatzen diren gainontzekoak ere... Orduan hurbileko harremanak egiten dituzu eta egunero zaudenez, herriko kontuetaz jakiten amaitzen duzu. Gaur –abuztuaren 5a–, adibidez, iaz ezagutu genuen lagun baten etxera goaz eta beste irlandar batzuek ere badatoz hona, eta bere etxean egingo dugu afaria eta elkarrekin egongo gara. oso gustura gainera.
Mundua handia da eta gehiena urez betea. Non bilatu ez zaizu faltako.
Baina askorik ezin naiz urrundu (barrez). Material pila bat geureganatu dugu eta hori guztia argitaratu behar dugu lehenengo: dena txukundu, bideoak egin, kokoak.eus webgunera igo... baina datozen abenturak ere hasi gara prestatzen. Zazpi itsasoak egin gura ditugu eta ez dakit hurrengoa non izango den, baina Zeelanda Berrian, Hawaiin edo Japonian izan liteke. Badauzkagu leku politak gehiago ere bidaiatzeko.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz


