Gazatik irteten, Hammad familiaren eskutik
Bilboko Bidebarrieta liburutegia lepo bete zen Kayed Hammad eta Mikel Ayestaranen solasaldian, non Kayedek Gazako eguneroko errealitate gogorra islatu zuen: 17 aldiz etxea aldatu, janaria prezio handian erosi eta semearen heriotza jasan ditu, baina itxaropena eta erresilientzia nabarmendu zituen.

Ilara Bidebarrieta kaleraino iristen zen astearte arratsaldean. Karlistaldietan Bilboren defendatzaileen omenez sortutako El Sitio aisialdi eta kultura elkartearen egoitza izandako liburutegia jendez gainezka zegoen, Mikel Ayestaran berriemailea eta Gazatik berriki ebakuatutako Kayed Hammad interpretea aurrez aurre entzuteko.
Ayestaranen hitzaldi askotan klasiko bihurtu den moduan, droneen burrunbak aretoko txoko guztiak hartu zituen, entzuleak, minutu gutxi batzuetan bada ere, Gazako Zerrendara eramateko saiakeran. Metro gutxi batzuk eginda, protagonistak oholtzara igo ziren, zoruari begiratzeari utzi gabe. Eseri aurretik, areto beteari begiratu zioten harridura ezkutatu gabe, eta elkarrizketa hasi baino lehen Ayestaranek esker oneko hitzak izan zituen: «Asko pozten gaitu hemen zaudeten guztiak ikusteak. Gazak axola du!».
Elkarrizketari hasiera emanez, kazetariak, txantxetan, gogorarazi zuen bertara «sukaldaritza liburu bat aurkeztera» zetozela, “Menu de Gaza” proiektua. Hammad familiak 500 egun baino gehiagoz prestatu zituen plateren bilduma da; Ayestaranek egunerokoan sare sozialetan argitaratu zituen, eta orain Malagan bizitza berria hasteko crowdfunding bihurtu nahi dute.
Duela hilabete Zerrendatik ebakuatu zutenetik, Kayedek eta haren familiak «amets horretatik norbaitek esnatuko dituen beldurrez» jarraitzen dute. Hala ere, interpreteak aitortu zuen ez zuela alde egin nahi izan, baina familiarengatik egin zuela. «Nork utzi nahi du bere etxea?», galdetu zuen behin eta berriz, ikusleen isiltasunaren erdian. Interpretearen zintzotasunak harridurazko erreakzioa eragin zuen aretoan.
Tonu lasaian, baina txantxetan ere bai une batzuetan, Ayestaran eta Hammad irinaren prezioetatik hasi eta ospitaleen bonbardaketara arte aritu ziren, Israelen barruan benetako oposizio faltatik igaroz. Ordubete pasatxoan kazetariak eta interpreteak Gazak egunez egun jasaten duen basakeria islatzea, azaltzea eta karikaturizatzea lortu zuten.
GAZA BARRUTIK
Jabalian jaioa, erresistentzia palestinarraren sorleku nagusian, Kayedek bere burua eta bere bizilagunak «buruko min» gisa definitu zituen. Urte askotan jardun izan du interprete lanetan, kazetarien eta diplomaziaren artean zubi gisa arituz. Bere lana funtsezkoa izan da Gazako gertakari konplexuak eta egoera konplikatuak mundu osora helarazteko, hizkuntza eta kultura oztopoak gaindituz. Erasoaldi israeldarra hasi zenetik, bere egoera eta bere familiarena guztiz aldatu izan da.
«Gerra honetan 17 aldiz aldatu behar izan dut etxea, heriotzatik ihesteko asmoz, heriotzarekin ezkutaketan jolasten», adierazi zuen Hammadek. Droneen soinuak, bonben eztandak eta hurrengoa izateko etengabeko beldurrak ihesaldi amaigabe horretara bultzatu dute.
«Ikusi nuen nola pertsona hura hezur estali bihurtu zen, haren jantziek soilik gogoraratzen zuten norbait bizirik egon zela»
Ayestaranek kazetariek Gazan sartzeko duten ezintasunari buruz egindako galderari erantzunez, Kayedek azaldu zuen «kaleei haragi errearen usaina darie. Badira oraindik hondakinen azpian erabat zanpatuta dauden gorputzak. Panorama katastrofikoa da». Kasurik lazgarrienetako bat gertutik bizi izan zuen eta kontatu zuen: «Gorputz bat deskonposatzen egon zen asteetan gure etxetik gertu. Egun bakoitza pasatu ahala usaina okerragoa zen. Ikusi nuen nola pertsona hura hezur estali bihurtu zen, eta haren jantziek soilik gogorarazten zuten noizbait bizirik egon zela».
Israelek ez du kazetariek dokumentatzerik nahi heriotza eta basakeria bakarrik. Orain arteko genozidiorik telebistatuena eta dokumentatuena izanik, gutxiago erakusten dena da egunerokoa, sare sozialetan eta titularretan ia lekurik ez duena. «Gure egunerokoa, horrela deitzerik badago, erraza da: esnatu, janaria bilatu edo erosi ahal bada, prestatu eta beste egun batez bizirik iraun», azaldu zuen. Energia iturririk gabe, egurra izan zen Hammad familiaren aliatu nagusia sukalde inprobisatuan. Baina erronka handiena janaria lortzea zen. «Irin kilo batek 40 euro balio izan zuen, ekilore olio litroak 50 inguru, eta azukrea, preziatuena, kiloa 150 eurora iritsi zen», zehaztu zuen, tonu neutroan, neurriz kanpoko prezioak jada ezustekoak ez balira bezala.
Txantxetan, entzuleei gomendatu zien liburuko errezetak ez egiteko: «Bakoitzaren atzean maitasuna eta meritua dago, baina ez dira jan ditzakezuen platerik onenak». Iluntasunak kaleak eta bizitzak bereganatu ditu, eta umore ukitu batekin Kayedek «Zerrendako argi-iturri bakarra» bezala identifikatu zituen bonbak.
BIZITZAREN BALIO ESKASA
Genozidioa hasi zenetik, ospitaleetan eta zaintza zentroetan bizitzaren eta heriotzaren arteko muga gero eta gehiago lausotu dela esan zuen. «Ikusi dut medikuek nola eskatzen zieten senideei haurrei ahal zuten moduan heltzeko, hanka bat anestesiarik gabe moztu ahal izateko».
Egoeraren larritasuna erretratatu nahian, Gabon gaueko esperientzia pertsonal batek egoeraren gordintasunaren isla gisa erabili zuen: bihotzeko bat izan zuenean, medikuek ez zioten arretarik eman, aretoak gorputzez beteta zeudelako. Egun hartan, seme-alabek lagunduta, etxera itzultzeko eskatu zien, ez zuela itxaron nahi, eta gogoratu zuen «azkenean hiltzen banintzen, hilerria etxetik gertuago zegoen ospitaletik baino». Bonbardaketek hilerriak ere jo dituzte. Umore beltzaren ukitu batekin, amaren nitxoa suntsitu zutela kontatu zuen: «Ama gauez esnatzen zela eta Hamasen izenean misilak jaurtitzen zituela esan zuten, eta horregatik bonbardatu zuten haren nitxoa».
Une batean interpreteak ezin izan zuen ekidin Gazaren inguruko elkarrizketa guztietan nagusi den dramatismoa. Arrazoia ez zen txikia: «Nire seme Omar duela hilabete batzuk hil zen Israelgo armadaren bonbardaketa batean. Badakit zer den gehien maite dudana galtzea Zerrendatik ezin irteteagatik», adierazi zuen Kayedek. Aitaren tristura gela osora zabaldu zen, hori baitzen entzule askok antzeman zuten min sakona.
«Nire seme Omar duela hilabete batzuk hil zen bonbardaketa batean»; Kayeden tristura gela osora zabaldu zen
Hala ere, eta oraindik pentsakor, erresilientziaren eta itxaropenaren aldeko mezua bidali zuen: «Itxaropena nire aitarengandik jaso nuen, eta geroago seme-alabei pasatuko diet».
Israelen oposizio desegin eta atomizatuarekin itxaropen handirik gabe, eta Netanyahuren gobernuaren konbinazio nazionalista eta erlijiosoa «koktel hilgarri» gisa definitu eta gaitzetsi zuen Kayedek. «Palestinarrek mendebaldeko edozein hiritako kale txakurrek baino eskubide gutxiago dituzte. Haiek ere ez dira gosez hiltzen, baina gu bai», kritikatu zuen interpreteak.
Solasaldiaren amaieran, Kayedek hitz sakon eta hunkigarriak eskaini zituen, bere esperientzia pertsonala eta herri oso baten egoera gordina eta mingarria uztartuz. Adierazi zuenez, «zorionekoak gara orain hemen egoteagatik, baina aldi berean, gure bihotzak astindu egiten dira, izan ere, gure etxea, gure familia, lagunak eta egunero infernu batean bizi diren bi milioi palestinar baino gehiago utzi ditugu urruti».
Haren hitzak ez ziren soilik hurbilagoko errealitatearen isla; poz eta tristuraren arteko nahasketaz betetako sentimendu konplexua islatzen zuten.
«Pozik zein triste egoteko arrazoiak ditugu», esan zuen. «Ez dugu aberririk bizitzeko; gure aberria da geure barruan bizi dena».
Areto osoak isiltasun sakonean hartu zituen azken esaldi horiek, eta une horretan sortu zen giroak kontakizunak ekarri zuen pisua eta distantzia, bai fisikoa baita emozionala ere, nabariak izan ziren.
Iragan asteartean Bilboko Bidebarrietako liburutegia Gazatik zertxobait hurbilago egon zen ordubetez, ez fisikoki, baina bai mentalki.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

