NAIZ

Aste Nagusian «legez kanpoko» pankartak baino ez dituztela kenduko dio Bilboko zinegotziak

Bilboko Aste Nagusia «legez kanpoko pankartak» baino ez dituztela kenduko esan du Amaia Arregi zinegotziak. Gasteizen ere horrela egin zutela esan du Segurtasun arloko arduradunak, presoen eskubideen aldekoak eta Txiki eta Otaegi gogoratzekoak ere eraman zituztela ahaztuz.

Amaia Arregi Bilboko Segurtasun arloko zinegotzia (erdian) Aste Nagusirako plangintza aurkezteko agerraldian.
Amaia Arregi Bilboko Segurtasun arloko zinegotzia (erdian) Aste Nagusirako plangintza aurkezteko agerraldian. (BILBOKO UDALA | EUROPA PRESS)

Larunbatean hasiko den Aste Nagusian «legez kanpoko pankartak» baino ez dituztela kenduko adierazi du Bilbo Segurtasun arloko zinegotzi Amaia Arregik. Honekin batera, «modu proportzionalean eta beti legearen baitan» artituko direla gaineratu du.

Arregik horrela erantzun du Aste Nagusiko segurtasun neurrien aurkepenean, Udalak pankertei buruzko zein jarrera izango duen galdetu diotenean. Kazetariek Gasteizen presoen aldeko pankarta ugari kendu zituztela gogoratu diote.

«Bilbon, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean modu proportzionalean arituko dira, aurreko urteotan egin den bezala, eta, beti ere, legea errespetatuz», erantzun du Arregik.

«Gasteizen ere horrela aritu izan dira»

«Gasteizen ere horrela aritu izan dira», gaineratu du zinegotzia. Arabako hiriburuan «pankartak kendu dituzte, baina beti unerik egokiena bilatuz. Jarduera poliziala proportzionalitatez egin da, arazo larriagoak ekiditeko», esan du ere.

Gauzak horrela, Arregiren arabera «legearen aurkako mezuak dituzten pankartak kendu behar badira kenduko ditugu». «Legea betearazteko gaude gu eta horrela egingo dugu», erantsi du.

Gasteizen presoen eskubideen aldeko eta Txiki eta Otaegi gogoratzeko pankartak kendu zituzten txosnagunetik Buesa fundazioak hauek salatu ondoren. Sarerenak ere bai, nahiz ‘Etxera’ zioten leloak baino ez ziren, guztiz legalak. Aldarrikapen hori berretsi zuen sareak igandean, jaiak amaitu ondoren.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, berriz, presoen aldeko pankartak biktimentzako iraingarriak direla bota zuen, PP eta Voxen mezua bereganatuz. 2017an Ertzaintza Gasteizko txosnagunean sartu zen ere presoen argazkiak kentzeko. Bilboren kasuan Covite taldeak txosnetan presoen aldeko pankartak daudela salatu du sare sozialetan.