Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Marrazoak eta serieko hiltzaileak

‘DANGEROUS ANIMALS’
Australia, 2025. 93’. Zuzend.: Sean Byrne. Gidoia: Nick Lepard. Akt.: Hassie Harrison, Josh Heuston, Jai Courtney, Rob Carlton. Argaz.: Shelley Farthing-Dawe. 

'Dangerous Animals' filmeko eszena
'Dangerous Animals' filmeko eszena (Range Media Partners)

Steven Spielbergen ‘Jaws’ (‘Tiburón’) filmak 50 urte bete berri dituen honetan –bide batez, ‘Jaws @ 50’ dokumentala ikustea biziki gomendatzen dizuet–, ez da kasualitatea ia astero marrazoak protagonista dituen ikus-entzunezko bat estreinatzea. Animalia horiek istorioan zeharka azaltzen badira ere, ‘Dangerous Animals’ horietako bat da. 

Sean Byrne zinegileak (‘The Devil's Candy’, ‘The Loved Ones’) zuzendutako beldurrezko thriller honek serieko hiltzaileen generoa eta marrazoak uztartzen dituen apustu berria da, eta Jai Courtney, Hassie Harrison eta Josh Heuston ditu protagonista.

Zuzendariak beldur biziko bere estilo bereizgarriari helduko dio berriro, ‘Jaws’ eta ‘The Silence of the Lambs’-en filmetako elementuak uztartzen dituen premisa bitxi batekin, oraingoan itsaso gainean eta biziraupen gordinaren ikuspegitik. 

Premisa nahiko bitxia du Zephyr da filmeko protagonista: surfa maite duen emakume azkarra. Marrazoekin itsututa dagoen serieko hiltzaile batek bahitu du, eta haren ontzian dago gatibu. Marrazoei oturuntza eskaintzeko erritual bat egin aurretik, nola ihes egin asmatu beharko du. 

Sean Byrne

Beldurrezko zineman espezializatutako zuzendari australiar nabarmena da, suspentse psikologikoa eta indarkeria esplizitua uztartzeagatik ezaguna. 

Tasmanian jaioa, Zuzenbide ikasketak utzi eta zinema ekoizpenean murgildu zen, film labur independenteak zuzenduz industriako bidea egiten hasi zen. Bere lehen film luzea ‘The Loved Ones’ (2009) izan zen, eta arrakasta handia lortu zuen: Torontoko Zinemaldiko Midnight Madness sailean People's Choice Award saria eta Lund International Film Festivaleko Siren saria irabazi zituen. 2015ean, ‘The Devil's Candy’ estreinatu zuen, generoaren barruan bere estilo pertsonala sendotuz. Hamar urteko etenaldiaren ostean, ‘Dangerous Animals’ filmarekin itzuliko da.