NAIZ

Lore sortak Morlanseko Tolaretxen, Itziar, Ormaetxea eta Leunda gogoan

Etxe honetan gertatu zen segada, eta gaur honela ageri da ate nagusia.
Etxe honetan gertatu zen segada, eta gaur honela ageri da ate nagusia. (NAIZ)

Igande honetan 34 bete dira Donostiako Morlans auzoan Guardia Zibilak ETAko hiru militante tiroz hil zituenetik: Iñaki Ormaetxea, Patxi Itziar eta Jokin Leunda. Eta egun honetantxe hiru lore sorta agertu dira sarraskia gertatu zen toki berean, Tolaretxen, baita haren omenezko pankarta bat ere, ondoan.

NAIZeko erreportaje honetan nabarmendu zenez, metrailetaz, granadaz eta ke potez lepo aritu zen Guardia Zibila goiz hartan; bene-benetako gerra ekintza izan zen, «hiltzera tiro egin» irizpidearen apoteosia. Datu adierazgarria: 600 bala marka zenbatu zituzten eraikinean.

Ez zen epaiketarik izan, inpunitate osoz aritu ziren guardia zibilak. Eta geroztik urte gehienetan gertatutakoa salatzeko ekimenak jazarriak izan dira. Duela lau urte, 2021ean, lapurtutako memoria hori berpizteko ekitaldia burutu ahal izan zen auzoan.

Debekuak debeku, urtez urte Ormaetxea, Itziar eta Leunda gogoratzeko ekimen xumeak –aurtengoaren antzera– gertatu dira Tolaretxe inguruan, baita beren herrietan ere.

Nortzuk ziren

Hiru hildakoen artetik Iñaki Ormaetxea urbinarra zen gazteena; 24 urte baino ez zituen hil zutenean. Ordurako jada atxiloketa bat zuen bizkarrean, Josu anaiarekin batera. Urte luzez egongo zen kartzelan Josu. Blanca Antepara zuten ama, borrokalari sutsua eta oso ezaguna eta maitatua, 2012an hil zena.

Jokin Leunda 35 urterekin zendu zen. Beasaindarra zen, arte denda batean egiten zuen lan eta lau urte lehenago ihes egitea egokitu zitzaion. «Bizitza bizitzeko dago, ez lokartzeko», esaten zien askotan lagunei, hurrengo egunean “Egin”-ek jaso zuenez.

Bizargina zen Patxi Itziar debarra, ETA erakundean sartu arte. Ekimen askotan hartzen zuen parte, AEK laguntzen esaterako. Bere kasuan, 40 urte zituen Guardia Zibilak Tolaretxen bizia kendu zionean.