Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Zarauzko errekor guztiak birrinduta, Arraun Lagunakek urrezko hizkiz borobildu du asteburua

Aurrenekoz 10 minutu eta 30 segundoko langa bota du ‘Lugañene’ ontziak eta 21 segundotan hobetu du bi jardunaldietako marka. Azken postua saihesteko lehian, Donostiarrak Hondarribiari beste puntu bat atera dio. Eusko Label Ligan, Oriok beste erakustaldi bat eman du.

Emakumeen kategoriako errekor guztiak hautsi ditu Arraun lagunakek Zarautzen.
Emakumeen kategoriako errekor guztiak hautsi ditu Arraun lagunakek Zarautzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zarautzen itsaso handia egon izan da behin baino sarriago, baina igande honetan ez da arrasto handirik izan. Laino laino, olatuak patroien irudimenean gehiago azaldu dira itsas azalean baino. Haizea ere, bai baina ez enbarazurako. Zentzu horretan, Arraun Lagunak Zarauzko XVII. Ikurrina arraunean egin baino lehen irabazita duela jakinaren gainean uretaratu da. 

Baina hori baino gehiago egin du ‘Lugañene’ ontziak. Juan Mari Etxabek entrenaturiko kuadrillak egun bakarreko marka birrintzea ez ezik, 10:29.80, bi egunetako errekorra ere 21 segundoan hautsi du: 21:05.94. Are gehiago, bigarren postuan sailkatu den Tolosaldeak berak ere ‘Batelerak’ mitikoak ezarritako 21 minutu eta 26 segundoko langa ere hautsi du. Nolanahi, Arraun Lagunak hain aritu da fin, mark hautsi baino birrindu egin duela eta Zarautzen hirugarrenez bere izena palmaresean jartzeaz gain, emakumeen traineru estropaden historian oso altu jarri du ‘Lugañene’-ren izena, lehen altu ez baldin bazegoen.

«Sufrimenduari zentzua ematen badiozu, gozamen bihurtzen da», esan ohi du sarritan Dusko Ivanovic saskibaloi entrenatzaile eta jokalari ohiak. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak eta Joana Halsouet patroiak hamaika aldiz errepikatu dute Montenegroko entrenatzailearen lelo hori ere: «gozatu sufritzen». Hasi eta buka, Arraun lagunak nagusi izan da, eta halako kasuetan zailena den ariketa bikain burutu du: erlaxatu gabe azken paladaraino jo eta jo etengabe aritu da.

Atzetik Tolosaldea ahalegindu da Arraun Lagunaki kilimak egiten, eta lortu ez badu ere, Nerea Perez patroiaren aginduetara lan bikaina burutu du. Orioren sailkapen nagusiko bigarren postua hiru puntura geratu zaio Tolosaldeari eta motibazio horrekin ekin diote lanari gogotik.

Era berean, Oriok nahikoa lan izan du estropadako hirugarren lekua mantentzen, segundo hamarren bat baizik ez dio atera-eta igo berri lanetan oso lan duina egiten ari den zumaiari. ‘Saregileak’ ontzi gaztea da eta eskarmentua falta zaio, besteak beste, baina Euskotren Liga honi duintasuna eta erregulartasuna eman dio ere Zumaiako traineruak.

Aurreneko txanda, bestalde, Astillerok eraman du, Hibaika azken aldera asko hurbildu zaion arren. Nolanahi, aurreneko txanda honetan Donostiarraren «garaipena» izan da Hondarribiarekiko. ‘Bantxa’ ontziak atzetik aurrerako lana egin behar izan du eta bai ederki egin ere, Hondarribia atzean. laga baitu ziabogaz geroztik.

Ondorioz, hiru puntuko aldearekin zazpigarren postu hori sendotu du Kaiarribak, zuzeneko jaitsiera saihestuz. Ondarroan eta Getarian azken bi hitzorduak izango ditu Euskotren Ligak eta Arraun Lagunakek orain arte irabazitakoa ez galtzearekin nahikoa izango badu beste behin liga txapeldun ateratzeko, Hondarribiak direnak eta ez direnak jo beharko ditu baldin eta datorren urtean ‘Ama Guadalupekoa’ trainerua emakumeen arraun munduko elitean mantenduko bada.

Zarauzko XVII. Ikurrina

1- Arraun Lagunak 10.29.80 (21:05.94)

2- Tolosaldea 10:38.84 (21:25.50)

3- Orio 10:40.86 (21:39.74)

4- Zumaia 10:40.96 (21:42.00)

5- Astillero 10:47.66 (21:51-80)

6- Hibaika 10:48.71 (21.54.58)

7- Donostiarra 10:52.76 (21:54.24)

8- Hondarribia 10:58.14 (22:02.46)

Euskotren Liga

1- Arraun Lagunak 105 puntu.

2- Orio 93 p.

3- Tolosaldea 90 p.

4- Zumaia 58 p.

5- Astillero 45 p.

6- Hibaika 44 p.

7- Doniostiarra 36 p.

8- Hondarribia 33 p.

Orio, haizearekin hegan

Haizea, askorik ez bada ere, altxa egin da Eusko Label Ligako estropada hasi denerako. Ondorioz, emakumeen artean izan diren markak ezin izan dira errepikatu gizonezkoen artean. Alabaina, hori ez da oztopo izan Oriorentzat, denboraldiko hamaikagarren trapua bildu baitu, eta hamabigarren aldiz Zarautzen irabaztea erdietsi du ere. Haizeak, bere aldetik, hauspo eman dio herriko semea zen Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Otaegi frankismoaren biktimen omenez jarritako pankarta bati ere.

Larunbatean ez bezala, igande honetan ez da atzetik aurrerako lanik izan mirotzentzat, aurreneko luzetik Gorka Aranberri patroiaren mutilek branka sartu dutelako. Handik aurrera, hainbesteko nagusitasuna dagoenean gertatzen den bezala, bigarren posturako lehia hasi da. Kasu honetan Zierbenak bigarren postu horri duintasunez eutsi dio eta sailkapen nagusian ere bigarren postu hori finkatzea lortu du, Donostiarra laugarren sailkatu baita ohorezko txandan ere lan oso ona egin duen Getariaren atzetik.

Oriok hiru ontziko aldea bikain kudeatu du, azken baten mirotzak eta ‘galipoak’ izan baitira 20 minutuko langa bota ahal izan duten bakarrak. Sorpresarik jasotzeko aukerarik emateke, pozik eta harro azaldu da Iker Zabala entrenatzailea bera ere estropada ondorenean, gauza nahikoa arraroa egia esan, bere buruari eta bere arraunlariei asko eskatzen dien entrenatzailea baita. Baina Gorka Aranberri bezala –Zarautzen jaioa izanik, Orioko patroiak beti esan izan du etxean irabaztea gehien kosta zaion balentrietako bat izan dela eta hargatik gerorako gorde gabe ospatu du garaipena–, Zabala entrenatzailea ere oso gustura joan da bere arraunlariak zoriontzera.

Haizearen gorabeherek zenbait sorpresa ekarri dituzte. Esaterako, Urdaibaik nahikoa lan izan du bosgarren postua salbatzeko, segundo bat baino gutxiagora sartu baitzaizkio atzetik Ondarroa eta Isuntza. Hauen bien arteko lehiak erabaki du aurreneko txanda eta ‘Antiguako Ama’ Lekittarrari 32 ehunenekoren alde eskasaz nagusitu zaio. Nolanahi, hurrengo txandetako ontziek galtzak bete lan izan dute Ondarroak ezarritako erreferentzia gainditzen.

Atzetik, berriz, egun erabat makurra Kaikurena izan da. Zarauzko XLVIII. Ikurrinari dagokion sailkapen nagusian Cabo atzetik geratu bazaio ere, igande honetan ‘Bizkaitarra’ azkena izan da, aurreneko ziaboga emateko sekulako arazoak eta trabak izan baititu. Horren ostean, kontzentrazioa galdu eta kareletik joan zaio estropada. Nolanahi, sailkapen nagusian nahikoa tarte dauka Caborekiko eta ez du maila zuzenean galtzeko beldurrik zertan izan.

XLVIII. Zarauzko Ikurrina

1- Orio 19:47.10 (39:48.92)

2- Zierbena 19:57.98 (40:12.34)

3- Getaria 20:06.52 (40:24.06)

4- Donostiarra 20:08.78 (40:33.00)

5- Urdaibai 20:10.88 (40:24.74)

6-  Ondarroa 20:11.10 (41:02.22)

7- Lekittarra 20:11.42 (40:59.06)

8- Hondarribia 20:14.80 (40:40.98)

9- San Juan 20:30.18 (41:02.64)

10- Ares 20:37.74 (41:30.58)

11- Cabo 20:57.94 (41:52.02)

12- Kaiku 20:59.54 (41:46.08)

Eusko Label Liga

1- Orio 164 puntu.

2- Zierbena 136 p.

3- Donostiarra 133 p.

4- Urdaibai 121 p.

5- Hondarribia 113 p.

6- Getaria 103 p.

7- San Juan 72 p.

8- Lekittarra 71 p.

9- Ares 59 p.

10- Ondarroa 58 p.

11- Kaiku 38 p.

12- Cabo 25 p.

KAE 2 Liga

Azkenik, KAE 2 Ligari dagokion estropada jokatu da Colindresen eta beste askotan gertatu den bezala, Orio B ontziak irabazi du, bigarren sailkatu den Hibaikari ia zazpi segundoko aldea sartuta. Sailkapen nagusian ere Orioko B ontzia da liderra, 68 puntu pilatu ostean, eta bere atzetik doan Hibaikari 9 puntu ateratzen dizkio.