NAIZ

Euskararen biziberritzea landuko dute TMeLabeko udako eskoletan, irailaren 9 eta 12an

Herrigintzako ildo estrategikoen inguruan kolektiboki hausnartzeko sortu zuen Telesforo Monzon Laborategiak Udako Eskola Irekiak egitasmoa, aurtengoa izango da lehen edizioa eta euskararen eraberritzea izango dute hizpide, irailaren 9an eta 12an.

Egitarau oparoa antolatu dute hausnarketarako.
Egitarau oparoa antolatu dute hausnarketarako. (TMeLab)

Euskararen biziberritzea landuko da TMeLabeko Udako eskola irekietan, irailaren 9an eta 12an. Laborategiaren plan estrategikoan euskal herrigintzaren gai zentralen inguruko udako eskolak antolatzeko egitasmoa mamitu zuten, eta urtero, gai zehatz bat hautatu eta horren inguruko hausnarketa kolektiboak egitea.

Aurtengo irailean egingo da Udako Eskola irekien lehen edizioa, «euskararen normalizazioak eta biziberritzeak eskatzen duen hizkuntza politika berriaren inguruko gogoeta» izango da ardatz nagusia. Antolatzaileen esanetan, azken urteetan asko hitz egin da euskararen biziberritzeak bizi duen «agortze edo geldotze prozesuaz, bai eta etorkizun motzean dituen arrisku estruktural eta politikoaz ere». TMeLabeko webgunean eman daiteke izena.

Horretarako egitarau oparoa antolatu dute, irailaren 9an Bilboko Bizkaia Aretoan ‘Administrazio bat, bi hizkuntza. Berdintasuna eta aukera’ mintzaldia izango da, Eva Pons, Alba Nogueira, Iñigo Urrutiak eta Josu Aztiriak hartuko dute parte.

Irailaren 12an ‘Euskararentzako Hizkuntza Politika berri baten beharraz’ mahaingurua izango da, zazpi ikuspegitatik landuko dute gaia bidelagunn Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Iosu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta harturik. Bergarako Olaso Dorrean egingo dute jardunaldi hau, goizeko bederatzietan abiatuta.

UIKn ere gaia aztergai

Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan ere izango da gaia lantzeko aukera; izan ere, irailaren 15ean Miramar Jauregian ‘Euskal Botere Judiziala irudikatzen’ mintegia egingo dute. Emilio Olabarria, Roldan Jimeno, Elisenda Casanas, Mireia Grau, Joan Ridao, Xabier Arzoz, Urko Aiartza, Rafael Sainz de Rozas, Nekane San Miguel eta Iñigo Urrutia izango dira bertan. Euskal Herrian berezko botere judiziala izateko aukerak aztertuko dituzte bertan, begirada historiko bat eskainiz eta Europako eredu deszentralizatuak konparatuz.

«Gogoeta hau premiazkoa bihurtzen da egungo hizkuntza politiken oinarriak pairatzen ari diren erasoaldi juridiko sistematikoaren testuinguruan. Beraz, ezinbestekoa da hau ere aztergai hartzea: nola berritu gure esparru juridiko eta politikoak euskararen biziberritzearen alde egiteko», azaldu dute.