
Luze itxaron ondoren, uda honetan lehen aldiz aritu dira makinak Ondarretako hondartzan harriak kentzen. Astelehen honetan gauean, marea biziak baliatuta eta bainularien jarduera ez oztopatzeko, ekin diote lanari. Antzeko operazioa asteartean eta asteazkenean ere errepikatuko dute, gauez ere eta marea behera baliatuz.
Lehenengo gau honetan begibistan gelditu da arazoaren dimentsioa. Guztira 17 kamioi bete dituztela jakitera eman du Udalak, 220 tona harri batuz.
Egoera berezi honek bi arrazoi nagusi izan ditu. Batetik, uda hasieran harriak agertu arren ez da garaiz esku hartu, bainulariek salatu dutenez. Eta bestetik, hondakinak modu intentsiboan kentzeko urte anitzeko kontraturik ez dago eta honek ere atzeratu omen du lana. Horrek erabiltzaileen kexak eragin ditu uda osoan zehar.
Ondarretako hondartzaren erdiko marearteko gunea harriz beteta egon da uda osoan. Harri horiek, iraganeko eraikuntzen hondakinak dira, eta zona arriskutsuenetako bat Tenis Klubaren pareko eremua da, hondartzako arrapalatik hurbilen dagoelako.
Oinaren hezurrak hautsita
Itsasoaren eraginak hondarra eraman du eta harri handiak azalera utzi, lagun bati baino gehiagori lesioak eraginez. Radio Euskadik jasotako lekukotasun baten arabera, iaz bainulari bati oinaren zenbait hezur hautsi zitzaizkion, harri bati nahigabeko ostikoa eman ondoren.
Ondarretako hondartzaren erabiltzaileek nabarmentzen dutenez, aurten azalera atera diren harriak aurreko urtetakoak baino handiagoak dira, kasu batzuetan benetako harkaitzak.
Hondeamakinek atzo gaueko itsasbeheran jardun dute, itsasbeheraren eta itsasgoraren artean aldea oso handia hasi baita izaten: 3,6 metroko altuera tartea izan zen atzo. Itsasbehera baino 3 ordu lehenago eta 3 ordu geroago ekin zioten lanari, gailuari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.
Operazioan Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek ere parte hartu dute. Izan ere, XV. mendeko ontzi-hondar bat aurkitu zen gune hartan eta ondorioz lanak kontu handiz burutu behar dira, ondasun honi kalterik ez eragiteko.
Aurreikusita dago irailaren 8an eta 9an berriro esku hartzea, marea bizi berriak baliatuta.
Aranzadik iazko abenduan egindako txostenaren arabera, hamarkada bat lehenago hondarraren azpian zeuden hondakinen bolumena 14.600 metro kubikoa zen. 2016tik gaurdaino 10.170 metro kubiko (13.711 tona) harri kendu dituzte, hau da, ustez dagoenaren %69 inguru. Hala ere, ia heren bat oraindik hondartzan dago.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko
