NAIZ

Subflubiala EZ!-ek Bizkaiko Diputazioak lanen adjudikazioa abuztuan abiatu izana deitoratu du

Bizkaiko Foru Aldundiak abuztuaren hasieran zabaldu zuen urpeko tunelaren adjudikazio prozesua eta Subflubialari EZ! plataformak aldi hori aukeratu izana kritikatu du, uste baitute Diputazioak jendearen erreakzioa ekiditeko egin duela.

Duela hilabete batzuk giza katea egin zuten lanen aurka.
Duela hilabete batzuk giza katea egin zuten lanen aurka. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Subflubiala EZ! plataformak hilaren hasieran Bizkaiko Foru Aldundiak lanen lehen adjudikazio prozesua zabaldu izana deitoratu du. Adjudikazioa Artaza parkearen zulaketari eta sarrerei dagozkie eta 147 milioi eurokoa da eta plataformak gogor kritikatu du prozedura abuztuan abiatu izana, uste baitute opor aldia baliatu nahi izan dutela jendartearen arreta horrenbeste ez erakartzeko.

Berretsi dute oso proiektu kaltegarria iruditzen zaiela urpeko tunelarena. Batetik, sustatzen duen garraio ereduagatik: «Milaka kotxe gehiago ipiniko ditu errepideetan, kotxeen aldeko dei efektua egingo baitu, ingurumen inpaktu txostenak dioen moduan». Horrek kutsadura eta berotegi efektuko gasen areagotzea ekarriko duela azpimarratu dute. Bestetik, gastu publiko «ikaragarria» izango dela uste dute, 500 milioi eurotik gora bideratuko dituztelako lanetara. Plataformaren aburuz, hobe litzateke diru hori beste zerbitzu publiko batzuetan, hala nola, garraio publikoan, zaintza sisteman eta osasungintzan.

Halaber, plataformak urpeko tunela eraikitzeko lanek eragingo dituzten albo kalteak «oso larriak» direla deritzo. Haiekin bat egin zuten Artaza inguruko lau ikastetxek, hots, Artaza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak eta Romo eta Artaza eskolek, eta elkarrekin komunikatua argitaratu zuten ekainean, giza katea egin eta hilabete geroago, hain zuzen ere.

Subflubiala EZ! plataformak gaineratu duenez, lanek ikastetxeak ez ezik Artaza parkea eta Galindo erreka ere kaltetuko dituzte, ibaiaren ekosisteman eragin negatiboak izango baititu, babestuta dagoen arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) arriskuan jarriz.

Hori dela eta, Bilbon urriaren 18an egitekoak diren manifestazioarekin bat egiteko deia zabaldu dute.