Nora Unanue Aldazabal

F Ligak FVS sistema abian jarriko du, VARaren bertsio merkeagoa eta saskibaloia eredu hartuta

Larunbat honetan hasiko da F Liga eta berritasun gisa FVS tresna abian jarriko du, VARaren bertsio merkea izenez ezagunagoa, baliabide murritzagoak dituzten lehiketetarako alternatiba gisa sortua.

Epaileen jarduna aldaraziko du VAR berriak.
Epaileen jarduna aldaraziko du VAR berriak. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

FVS (Football Video Support) sistemarekin kontatuko du aurten lehenengoz F Ligak,  VARaren bertsio sinplifikatu eta eskuragarriagoa. IFABek (International Football Association Board) proposatu eta onartutakoa, VAR tradizionala ezartzeko baliabiderik ez duten lehiaketetarako alternatiba gisa.

Ofizialki onartu zen IFABen 2023ko martxoan egin zen bileran, eta 2024an zein 2025ean aurrera egiten jarraitzen du. Larunbat honetan bertan estreinatuko dira emakumezkoak aurtengo ligako sasoiean eta baita FVS tresna bera ere Europako emakumezkoen maila goreneko lehiaketa batean.

Ezarpen honek entrenatzaileek berrikuspenetan zuzenean esku hartzea barne hartzen du, aukera emanez teknikariei topaketa bakoitzeko bi berrikuspen –bi txartelen bidez– eskatzeko. Hala ere, aukeretako bat galduko lukete erreklamazioa arrakastatsua ez izatekotan. Saskibalioan erabiltzen denaren antzerakoa da, beraz.

VARarekin ez bezala, hemen arbitroa behartuta egongo da teknikariek eskatuta jokaldia berrikustera, eta ez du iniziatibarik izango bere erabakiz pantailara jotzeko. Epaile nagusiak errepikapenak behatuko ditu zelai ondoko monitore batean, eta bideo-ekipoarekiko komunikazioa berehalakoa eta zuzena izango da, konexio honetan funtsezko eginkizuna izango du laugarren epaileak.

Maila teknikoan, FVS ez da hain konplexua. Laupabost kamera baino ez ditu behar, eta bideoarbitroaren irudia ezabatzen du. Baliabide gutxiagoko txapelketetarako pentsatutako sistema minimalista honek kostuak murrizten ditu, arbitro nagusiaren azterketarako irudiak doitzen dituen operadore baten laguntza bakarrik eskatzen baitu. 

FVSk ondorengo funtsezko lau egoeratan esku hartu dezake: golak, penaltiak, txartel gorri zuzenak eta nortasun okerreko egoerak. Hala ere, baliteke tokian tokiko egokitzapenak egotea, lehiaketaren mailaren arabera.

Bilakaera ikusteke

Tresna dagoeneko proban jarri zen Blue Stars/FIFA Youth Cup eta 20 urtez azpiko eta 17 urtez azpiko Emakumezkoen Munduko Txapelketak bezalako lehiaketetan, non onarpen positiboa jaso zuen entrenatzaileen artean. Pierluigi Collina, FIFAko Arbitroen Batzordeko presidentea, ados agertu zen emaitzekin, «ebaluazioaren hasiera besterik ez da, orain arte ez dugu ezustekorik izan», esan zuen italiarrak. 

F Ligako epaileak joan den astean prestatu ziren gailu berri honen formakuntzarako Murtziako San Pedro del Pinatar herrian egin zen denboraldiaurreko mintegian, lehiaketan ahalik eta finen ibiltzeko asmoz. 

Teoriak dena oso polita margotzen du, baino ikustekoa da nola egokitzen diren teknikari zein jokalariak gailu berri honetara eta ea ez duen benetako ikuskizuna zapuzten.