Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Maddi Isasi Azkagarraga
LABeko Idazkari Feminista

«Kultura patriarkalak ahanztura elikatzen du, genealogia egitea erresistentzia ariketa bat da»

Eraldaketa prozesuak feminismotik egiten direla sinesten du Maddi Isasik. Horretan dabil LAB sindikatuan, Idazkaritza Feministaren buru. Kolektiboki atzera begiratu eta genealogia feminista liburu bilakatzeko tartea hartu dute. Egindako bidea zein kideak aitortuz eta aurrera begira indarrak bilduz.

Egindako bidea gogoratzearen garrantzia azpimarratzen du Isasik.
Egindako bidea gogoratzearen garrantzia azpimarratzen du Isasik. (Jagoba Manterola | FOKU)

‘Izena duen oro bere izenaren jabe’ liburua aurkeztu zenuten LABen 50. urteurrenean. Garrantzitsua izan da memoria ariketa hori?

Urteurrena ospatzeko testuinguruan, ezinbesteko tresna iruditzen zitzaigun atzera begiratu eta sindikatua nola aldatu den ikusteko feminismotik egindako ibilbidea gogoratzea. Horregatik da erdi genealogia eta erdi glosarioa, bildu nahi genituelako ibilbide horretan sortzen joan diren kontzeptu, proposamen ideologiko, borroka molde eta hausnarketa ezberdinak. Esanahi propio bat ematen joan gara kontzeptu horiei; ez da berdina egun soldata arrakala nola ulertzen dugun LABen, edo patronalak zein instituzioek.

Genealogia ariketa bat egiteak potentzial handia du; hegemonikoa kultura patriarkala eta indibidualizazioa den garaiotan, beti elikatuko dute ahanztura, eta genealogia bat egitea beti izango da erresistentzia ariketa bat egitea.

Historikoki industrian oinarritutako sindikatua izatetik ikuspegia zabaldu duen sindikatua izatera igaro zarete.

Batzuetan badirudi erraza izan dela, baina ez da gatazkarik gabea izan. 1996an sortu zen Emakumeen Idazkaritza; LAB nahiko aitzindaria izan zen feminismoa sindikatura ekartzeko apustuan. Hori izan da, apustu bat eta etengabeko tentsionamendua. Bi gako nabarmendu genituen liburuaren prozesuan: batetik, paradigma aldaketa bat egin izana; lanaren ulerkera bera kuestionatu da eta ‘lana vs kapitala’ ulerkeratik ‘lana vs bizitza’ paradigmara igarotzean aldaketak daude. Sindikatuek historikoki eremu produktiboari lotutako lan baldintzen borrokan ibili den tresna izatetik beste zerbait izatera pasatu behar dute. LAB industriari lotutako sindikatu bat izatetik dator; buzo urdineko gizon langilearen iruditik ‘rider’-ak, etxeko langileak, sexu langileak... ere langile klasea direla ulertzera igaro gara.

Eta bigarrena, ekintza sindikala; hau da, borroka eskaintza bera kuestionatzea. Ez da diskurtsoa aldatzea, pankartan nor egon behar den aldatzea... Etengabe kuestionatzeak praktikaren bidez eredu berriak eraikitzea esan nahi du. Sektore feminizatuetan egon diren borroka horiek izan dira inspirazio iturri; sindikalismo feminista bat egiteko kolektiboki eraikitzen joan behar dugu.

Etxeko langileen esperientzia, adibidez?

2022. urtean sortu zen etxeko langileen sail sindikala; ez da hutsetik eman den jauzi bat, etxeko langile afiliatuak historikoki egon izan dira sindikatuan. Benetako apustua ‘Birpentsatze’ prozesuan egiten da, langile klasea osatzen duten beste subjektu batzuetara (sistemak beti bazterrean utzitakoetara) zabaltzean. Eta ez da kasualitatea mugimendu feministaren ekarpena ere momentu horretan greba feministen eskaintzarekin lotuta egotea.

Autoantolakuntza prozesu baterako apustua izan da. Etxeko langileak asanblada propioak sortzen hasi ziren larunbat eta igandeetan. Sindikalismoa beste modu batean egin behar dela erakusten duen adibide ikusgarria da. Gure eskaintza ezin da izan egoitzako ateak irekita egotea 09.00etatik 18.00etara kontsultak egiteko. Pentsatu behar da nola joan baldintzak sortzen, eta ez da bakarrik ateak ireki eta giltzak ematea, baizik eta egoitzetara joatea, aliantzak egitea, hitz egitea… Prozesu inspiratzaile edo historikoa izan da.

«Buzo urdineko gizon langilearen iruditik ‘rider’-ak, etxeko langileak, sexu langileak... horiek ere langile klasea direla ulertzera igaro gara sindikatuan»

Negoziazio kolektibo bat proposatzea ere lortu zen.

Bai, eta blokeatuta dagoen arren, hitzarmen propio bat adostu zen. Bere horretan urrats handia da hori. Sindikatuaren agendan ez zegoen gai bat izatetik egunerokoan patronalarekin tirabiran zaudenean mahai gainean duzun gai bat izatera pasa da.

Orain paper aktiboago bat hartzea dagokigula uste dut; badirudi beraientzako espazioak direla, eta ez, espazio irekiak dira, baina “kasualitatez” ez gara joaten.

Zapalkuntza hirukoitzetik intersekzionalitatearen ikuspegira jo zuen LABek. Idazkaritza Antirrazista ere hortik sortu da?

Uste dut Euskal Herriko testuinguru politikoarekin lotuta dagoela, baita mugimendu feministak egiten dituen hausnarketekin ere. Azken kongresuan erabaki zen Idazkaritza Antirrazista propioa sortzea, baina ez da hori bakarrik. Subjektuaren berrosaketaz ari garenean sindikatu osoarentzat  lehentasun nola bihurtu pentsatu behar da. Ez da leihatila bat sortzea; estrategia sindikalean apustu bat egitea da eta ikuspegi horiek transbertsalak izateko tresnak sortzea, galdera isolatuak egiten baditugu zapalkuntza batzuk erreproduzitzen ditugulako.

Idazkaritza Antirrazistak sindikatua bera interpelatzen du eta hor badago pribilegio zuriaren ariketa bat, egiten hasi garena. Super urgentzietara dagoen egitura batean horrelako gauzak planteatzeak lana dakar, denbora inbertitzea eta pribilegioak galtzearen beldurra. Tentsio bat sortzen da, baina jakin behar dugu fokua aldatzen, bestela profil oso zehatzentzako sindikalismo bat erreproduzitzen dugu.

Lehentasunak aldatzea dakar horrek?

Sindikatuaren dinamika patronal edo instituzio bati etengabe pultsua botatzea izan ohi da, negoziazio kolektiboan puntu konkretu batzuk sartzen dira, eta batzuk sartzeko beste batzuk atera behar dira. Parekidetasuna ez da emakume gehiago sartzea bakarrik, gizon batzuk kendu behar direla ere esan nahi du, eta horrek tentsioa sortzen du. Negoziazio kolektiboan gauza bera gertatzen da: Apustu bat egin zen zaintzaren aldarriak modu transbertsalean lantzeko; ez bakarrik zaintza sektorean, eremu maskulinizatuetan ere aldarrikapen batzuk sartu ziren. Horrek esan nahi du agian diruaren inguruan hitz egin beharrean denboraren inguruan hitz egin behar dugula.

Eztabaidak ireki behar dira eta oso zaila da, kulturalki oso barneratuta ditugulako zenbait kontu. Agian Tubacexeko kontziliazio neurriek ez dute balio kaleratzeak daudenean zaintza baimenekin daudenak kaleratzen dituztelako, eta emakumeak izan ohi dira horiek. Hortik harago ere kuestionatu behar dugu ea kontziliazio neurriak zaintzarako erabiltzen ari diren; gaur egun ez da estrategia eraginkor bat zaintza lanak banatzeko. Sindikatuak kultura politiko eta ideologikoan eragiteko agente bat izan behar du.

«Zaintzaren aldarria transbertsala bada, agian diruaren inguruan hitz egin beharrean denboraz hitz egin behar dugu»

Euskal Herriko mugimendu feministarekin zein harreman izan behar luke LABek?

Honaino iritsi bagara, Euskal Herrian mugimendu feminista autonomo bat dagoelako da, agenda propio bat markatzeko gaitasuna duena. Definitzen joan den aliantza bat izan da; mugimendu feministarekin dugun elkarrizketan joango gara definitzen momentu bakoitzean sindikatuok zein paper izan behar dugun. Baina, nire ustez, gure funtzio nagusia mugimendu feministatik elikatzea eta gure egiteko propioetara eramatea da. Elkarren aitortzan urratsak egiten joan gara, eta LABen kasuan Euskal Herriko Bilgune Feministarekin aliantza estrategikoa izatea ezinbestekoa da.

Sindikatuaren tripetara begiratzen badugu, beharrezkoa izan da espazio propioak sortzea; egitura propio bat dugu eskualdeetako dinamizatzaile feministekin, adibidez. Ezin da ulertu LABek zaintza sistema publiko-komunitarioaren alde egin duen apustua espazio horiek gabe. Inbertsioak dira azken batean, zertara bideratzen duzun sindikatu bezala zure denbora eta lana.

Nire ustez, sindikalismoa autodefentsa feministarako tresna bat izan behar da. Mugimendu transfeministatik egiten diren interpelazioak eta proposamenak jaso behar ditu, iazko Maiatzaren 1ean “Zutik emakumeak, transak eta bollerak” kantatzea ez da ausaz gertatu zen zerbait, adibidez; elkarren aitortza bat da.

Militantzia ereduan ere eragiten du horrek guztiak?

Badira urte batzuk sindikatua tresna bezala nola antolatu behar dugun hausnartzen gabiltzala, zein zirkuitu dauden, zein baldintza, bileren dinamika… hori guztia autokuestionatu behar dugu. Beti da zaila prozesu feminista bat egitea, baina jada IV. Plan Feministan gaude, urrats asko egin dira, orain kultura patriarkalaren baitan dauden sinesmen eta balio batzuen inguruan hitz egitea tokatzen da. Zailagoak dira detektatzeko eta proposamen berriak egiteko, baina apustu bat dago eta ari gara. Adibidez, baimenak hartzeko orduan zeintzuk diren erreferentziak eztabaidatu genuen barne araudian; familia nuklearra izan behar da? Edo irekiko dugu aukera beste lotura batzuetara? Esaten dugunean zaintzeko ardura eta eskubidea izan  behar dugula, nortzuk zaintzeko esaten dugu? Egun sindikatuko kidegoaren gehiengoak izendatuta du binkulograma horretan jende konkretu bat baimen horiek erabili ahal izateko. Negoziazio kolektiboetara eraman dugu; enpresa batzuetan sartzen ari da, besteetan ez.

Egun badago prestasun bat bidea egiteko eta beste garai batzuetan ezinezkoak izango ziren proposamenak egiteko. Praktika hauek irradiatzaileak izan behar dute; LABen profila beste mugimendu batzuetan inplikatuta dagoen kidegoarena da, eta zabaldu daitezke zenbait proposamen beste leku batzuetara ere.