NAIZ

Gipuzkoako Aldundiko zaintzaileei euskararen ezagutza eskatzea baztertu du Auzitegi Nagusiak

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako Auzitegiaren 2024ko sententzia bat eta errefusatu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko zaintzaile lanpostuen egonkortze prozesuan hautagaiek euskararen ezagutza izateko beharra. 

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia.
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko zaintzaile lanpostuen egonkortze prozesu batean hautagaiei euskararen ezagutzaren eskakizuna atzera botatzea. Zehazki, euskararen ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» dela iritzi zuen Donostiako Auzitegiaren 2024ko sententzia baten alde egin du du.

Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, «euskaldunon herritarren borondatearen eta eskubideen kontra doan oldarraldiaren beste eskuhartze baten aurrean gaude. Izan ere, ebazpen hauen bidez botere judiziala, hizkuntza eskubideak mespretxatzeaz gain, hizkuntza politika baldintzatzeko eskumena bereganatzen ari da».

«Ondorioz, auzitegiak egungo araudia eta ofizialtasuna berrinterpretatzen ari dira, euskara gaztelaniaren azpitik mantenduz eta euskaldunak bigarren mailako herritar gisa betikotuz», gaineratu du, eta gogorarazi du udazken honetan Gasteizko Legebiltzarrean eztabaida emango dela, Lan Eskaintza Publikoetan euskararen ezagutza eskatzea ahalbidetu eta oldarraldi judizialak eragindako ziurgabetasunari konponbidea jarri asmoz.

Nabarmendu duenez, «lege ekinbide hau azken urteetan euskalgintzak, euskal gehiengo sindikalarekin batera, administrazioa euskalduntzearen alde egindako presio eta mobilizazio sozialaren ondorio ere bada». Eta Kontseiluak, ildo horretan, aurrera jarraitzeko asmoa adierazi du, «oldarraldiari horma jarriko dion arkitektura juridiko berri bat lortzeko ez ezik, euskararen normalizazioak dituen erronkei erantzungo dien jauzia emateko».

Langile batzordearen elkarretaratzearekin bat

Azkenik, Kontseiluak elkartasuna adierazi die sententziaren ondorioz kaltetutako langile eta herritarrei. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen batzordeko gehiengoa osatzen duten LAB eta ELA sindikatuek deitutako elkarretaratzearekin bat egiten duela iragarri du.

Mobilizazioa ostiral honetan, irailak 5, eguerdiko 12.00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan egingo da, Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Euskararen normalizazioaren eta hizkuntza eskubideen alde dauden eragile sozial, arduradun politiko eta norbanako euskaltzale guztiei elkarretaratzean parte hartzera deitu die Kontseiluak. 

Uztailean, UEMAk deituta ia ehun udal eta milaka herritar atera ziren kalera, euskararen aurkako oldarraldia salatzeko. Zehazki, EAEko udal legearen aurkako espainiar Auzitegi Gorenaren epaia kritikatu zuten, eta euskara «benetan babestea» eskatzen duela nabarmendu zuten.