
Ipar Euskal Herriko hamarnaka eragile sozial eta kulturalek babesa helarazi diote larunbat honetan Euskal Kultur Erakundeari (EKE), Uztaritzen egindako elkarretaratze batean. Mobilizazioan salatu dute Estatu frantsesak %15 murriztu dituela erakundeari bideratzen dizkion laguntzak.
Iragan den bilkura aitzin erakundearen administrazio kontseilua zegoen deitua gaurko, baina Baionako suprefetak eta DRAC Kultur Gaietarako Eskualdeko Zuzendaritzak ez dute parte hartu
«Estatuko ordezkariei EKEk zer ordezkatzen duen erakutsi nahi zitzaien», azaldu du Katixa Dolhare-Zaldunbide presidenteak. Berrehun kultur elkarte kide, 120 proiektu lagunduak eta 12 lanpostu, zenbakiez gaindi, EKEk «eginkizun estrategikoa du kultur ekosistema osoa sostengatzeko», azpimarratu dute Uztaritzen.
«Zergatik ez da Estatua azaltzera etorri? Jarrera arriskutsua da, elkarrizketatik urruntzen garela erran nahi du», adierazi du Antton Kurutxarri EKEko ordezkariak.
Akitania Berria Eskualdeko ordezkariek baliabide gehiago eskatu dituzte tokiko erakundeentzako. Euskal Hirigune Elkargoak kenduta, finantziazioa mantenduko duela iragarri duena, gainontzeko erakundeek adierazi dute ezin dutela 2026an egoera zein izango den ziurtatu.
Ondorioekin kezkatuta
EKEk kulturaren alde egiten duen lana goratu dute elkarretaratzean parte hartu duten eragileek. Kezka zabaldu da eragile ezberdinen artean, irekitako bideak epe ertain zein luzean izan ditzakeen ondorioekiko.
Dantzak, musikak eta bertsoek lagunduta, kultura bizi dagoela erakutsi eta hala jarrai dezan lan egiteko nahia agertu dute EKEren egoitza den Lota jauregiaren aurreko protestan.
Erakundeak berak jakitera eman duenez, 30.000 eurokoa da murrizketa, eta horrek eragin zuzena du epe laburrean zein ertainean. «Epe laburrean, proiektu gehienak engaiatuak eta finantzatuak izan diren heinean, erabaki horrek gure elkartearen finantza oreka larriki arriskuan jartzen du», adierazi zuen.
Epai ertainean, murrizketek zalantzan jartzen dute erakundeko diru-partaide guztiek lau urterako ezarritako bide-orria, eta ondorioak izan ditzake lanpostu batzuen galeran.
«Lanpostu batzuk mehatxatuak eta elkartekideei ematen zaien dirulaguntza apaldua» izango direla adierazi zuen NAIZ Irratiko mikrofonoetan Johañe Etchebest EKEko zuzendariak. Urtea nola amaituko duten ere ez dakitela ziurtatu zuen.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
