
1936ko gerrak eragindako suntsipenaren lekuko izan zen Kateriñe Letamendi tolosarra. Tropa frankisten bonbetatik eta mehatxuetatik ihes egin behar izan zuen. Kaosaren erdian, egunerokoa izan zuen babesleku; sufrimenduz eta oroitzapenez betetako bitakora bat.
Haren bilobak, Maitena Illarramendik, eta Iñigo Sarasola ilustratzaileak haren ihesaldiaren eta biziraupenaren testigantza komiki batean jaso dute, eta astelehen honetan aurkeztu dute Erein argitaletxeak Donostian antolatutako prentsaurrekoan.
Bertan Uxue Razquin editoreak azaldu duenez, Letamendik idatzitako bitakora izan da duela urtebete martxan jarritako proiektu honen hazia. «Emozioz beteriko istorioa da, batzuetan agonia izango da nagusi, baina besteetan tristura, frustrazioa eragingo gu», adierazi du, istorio gogorra izan arren erraz eta ongi barneratuko den liburua dela azpimarratuz.
Illarramendik gogoratu duenez, gerra garaian idatzitako testuak suntsitu egin behar izan zituen bere amonak beldurragatik eta «laurogei urte pasata idatzi zituen berriro». «Esaten zuen ezin genuela ulertu zer zen gerra bat, gerra bat zer den jakiteko gerra bizi behar delako. Eta komiki honekin hurbiltzen gara gehiago gerra bat sentitzera zer den», gaineratu du.
Zentzu honetan, ohartarazi du liburua «bake irrintzia» dela. «Ez da komiki bat soilik, baizik eta amamaren oihua», esan du.
Izan ere, «mundu mailan tentsio politiko-beliko handia dago, gerrak hemen eta han». «Goikoek fitxak mugitzen dituzte eta behekoek odola jartzen dute, herri xeheak oradaindu egiten du. Eta komiki honetan ikusten da zer suposatzen duen gerra batek, ez dira bonbak edo metraila bakarrik, ihes egin behar izatea da, errepidean jendea hiltzea…», azaldu du. «Ematen dituzte 30 minutu eraikin bat husteko eta gero bonbardatzen dute. Hori ere liburuan ikusten da, badagoelako patroi bat gerretan errepikatzen dena», dio.
Talde lana
Illarramendik goraipatu egin du Sarasolak egindako lana, dokumentazio lan sakona egin duelako komikia marrazteko, baita senideen parte-hartzea ere. «Bere bizitzaren zentroa, gehien inporta zitzaiona familia zen. Gurekin bizi izan da beti, etxean bizi izan da beti, izan da gurentzat bigarren ama bat bezala, eta beti entzun dugu gerraren historia», aitortu du.
Sarasolak, bere aldetik, gogoratu du iraganean jendeak ez zuela gerrari buruz hitz egiten: «Nire familian adibidez jakin nuen 30 urterekin nire aitona Ondarretan egon zela fusilatua izateko zain». Liburu honekin isilune hori apurtu nahi dute, gerraren aurkako aldarria eginez.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

