NAIZ

Lorezainek, pentsiodunek eta LABek Gasteizko Legebiltzarraren atarira eraman dituzte aldarriak

Politika orokorreko osoko bilkura izan da ostegun honetan Gasteizko Parlamentuan. Horren harira, martxotik greban dauden Gasteizko lorezainek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta LAB sindikatuak mobilizazio bana egin ditu legebiltzarraren atarian.

Gasteizko lorezainen ostegun honetako protesta.
Gasteizko lorezainen ostegun honetako protesta. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko lorezainek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta LAB sindikatuak, ikasturteko lehendabiziko osoko bilkura aitzaki, beraien aldarrikapenak entzunarazi dituzte Gasteizko Legebiltzarraren atarian.

Mobilizatzen lehenengoak Enviser enpresako langileak izan dira, gutxi barru greban sei hilabete beteko dituztenak, lan baldintzen hobekuntzak eskatzen. Ostegun honetakoan «Gobernu Autonomikoak ezarritako neurrigabeko zerbitzu minimoak» salatu dituzte 30 bat langilek.

Ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak prentsaurrekoa eman du legebiltzarraren kanpoaldean, pentsioen osagarri bat izateko Herri Ekimen Legegilea eztabaidatzeko Gasteizko Parlamentuak ezarritako «blokeoa» salatzeko.

EAJ eta PSE «Jaurlaritzaren txostenari lotu ez daitezen eta Legebiltzarrean HEL aintzat hartzearen alde bozka dezaten» eskatzeko gobernukideekin bilera eskatu dute, ostegun honetan azaldu dutenez. Hilaren 25eko, gaur zortziko, osoko bilkuraren aurretik bildu nahi dira beraiekin.

Osoko bilkura horretako gai zerrendan HEL-aren gaia sartu dutenez, «eztabaida saihestu nahi dutela susmatzen dugu», deitoratu dute, «ez dutela pisuzko argudiorik HEL blokeatzeko, eta lehenbailehen likidatu nahi dutela».

Horren harira, larunbatean manifestazio bana egingo dute Bilbon (Jesusen Bihotzetik), Donostian (Bulebarretik) eta Gasteizen (Artium museotik). Bilbokoa izan ezik, 18.00etan deitu dutela, 12.00etan egingo dituzte.

Pentsiodunen prentsaurrekoaren ordu berean, LAB sindikatuak «euskara esparru publikoan jasaten ari den atzerakada eta larrialdi egoera» salatu du. Funtsean, «euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi den eta lan egiten duen langile ororen lan eskubidea» dela aldarrikatu du.

Larrialdiaren adibide gisa, EAEko Udal Legearen kontrako epaiak eta aldundi eta udal ugaritako lanpostu deialdietan euskararen eskakizunak jaitsi dituztenak aipatu ditu. Honen aurrean zerbitzu publikoak
euskalduntzeko lege bermeak exijitu dituzte ostegun honetako mobilizazioan.

«Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko, epe ertain eta luzeko estrategiekin batera, epe motzeko neurri eta erabakiak behar ditugu, premiaz, euskararen normalizazio-prozesuari segurtasun juridikoa emango diotenak eta epaitegien etengabeko injerentzien aurrean euste-horma izango direnak», adierazi du sindikatuak.