Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA PERLAK

Zinemari idatzitako maitasun gutuna

‘NOUVELLE VAGUE’
Estatu frantsesa, 2025. 105’. Zuzendaria: Richard Linklater. Gidoia: Holly Gent Palmo, Richard Linklater, Laetitia Masson, Vincent Palmo Jr., Michele Petin. Aktoreak: Guillaume Marbeck, Zoey Deutch, Aubry Dullin, Bruno Dreyfurst. Argazkia: David Chambille.

Richard Linklaterrek, bere ibilbide zinematografikoan, etengabe josi ditu gai eta estilo jakin batzuk, hari fin baten moduan film batetik bestera eramanez. Bere obra osoaren gainetik dantzan ari den gai nagusiena denboraren igarotzea da: denborak pertsonaiengan uzten duen arrastoa eta eragina.

Zuri-beltzean filmatutako ‘Nouvelle Vague’ proiektuak, Linklaterren ohiko filmografiatik zertxobait urruntzen bada ere, ikuslea beste lurralde interesgarri batera eramaten du: zinemaren historiaren bihotzera. Oraingoan denbora ez da gai nagusia, eta pertsonaien bizitza pribatuarekiko ikuspegia ez da aurreko lanetan bezain intimoa; hala ere, filma oso intimoa da zinemarekiko erakusten duen maitasunean.

Hitzaurre baten ondoren, ‘Cahiers du Cinéma’ aldizkariaren erredakzioa ikusiko dugu, Parisko zinemazaletasunaren epizentroa, eta bertan Jean-Luc Godard (Guillaume Marbeck) agertzen da. Nouvelle Vague mugimendu frantziarraren kide bakoitza aurkezteko ukitu umoretsua eta arina erabiltzen da. Zalantzarik gabe, casting-a da arrakasta handienetako bat: karikaturatik urrun, aktore guztiek lan aparta egiten dute.

Hortik aurrera, Linklaterrek 1959ko Parisera garamatza, Godardek zuzendu zuen ‘À bout de souffle’ ( gaztelaniaz ‘Al final de la escapada’) mitikoaren errodajera. Aldi berean, Nouvelle Vague mugimendu frantziarraren jaiotzaren atzean gordetzen den istorioa aletzen du, sormenaren eta ausardiaren une erabakigarri hura berriz piztuz. Hogei egunetan egituratuta dago kontakizuna, errodajeak iraun zuen egunetan.

Linklaterrek bere filma «making of historiko» gisa mozorrotu du. Han pizten da sormenaren eferbeszentzia, ekoizleekin izandako tentsioak eta zinemaren muina astintzeko ausardia; teknika eta estetika berrien erronka horietan, mugimendu baten jaiotza marrazten da.

Bisualki, zuri-beltzak berehala bereganatzen du protagonismo osoa: vintage lenteen bidez filmatua, irudiak formatu zaharreko esentzia darama, 50eko hamarkadako pelikulena, eta Parisko kaleak jatorrizko pelikularen oihartzunez betetzen dira; Godardek berak erabili zituen espazio berbereak.

Xehetasun horiek guztiek erakusten dute helburua ez dela soilik gertaera historiko baten berreraikuntza egitea, baizik eta Nouvelle Vagueko atmosfera formalean erabat murgiltzea: jarraikortasunik gabeko muntaia, argiaren erabilera, mugimendu etengabea, kaleak berak sortzen duen dinamika berezia, berezkotasuna eta abar.

‘Nouvelle Vague’ zinemari idatzitako maitasun gutun ederra da.

‘Nouvelle Vague’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)