Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Izkutaketan jolasten ari den familia baten maitasuna, Joachim Lafossen azken lanean

«Six jourd ce printemps-là» udaberriko oporraldi bat ekartzen digu pantailara. Ama bat Saint-Tropez ingurura eramaten ditu semeak, haiek proposatuta. Sei egun horiek nolabait idilikoak diren arren, izkutuka ibili behar dira, amak bere sentimendu eta beldurrak ere izkutatu behar dituen bitartean.

Jules Waring, Teodor eta Leonis Pinero Müller, Eye Haïdara eta Joachim Lafosse.
Jules Waring, Teodor eta Leonis Pinero Müller, Eye Haïdara eta Joachim Lafosse. (Jon URBE | FOKU)

Hunkituta hartu du ‘Six jours ce printemps-là’  filmeko lantaldeak Kursaaleko publikoaren txalo zaparrada. Ikusteko atsegina da Joachim Lafosse zinemagile belgiarraren azken lana, Sail Ofizialean lehiatzen dena. Bere hirugarren aldia da Zinemaldian, eta jada saritua izan da zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorrarekin (‘Les chevaliers blancs’, 2015).

Oraingoan istorio autobiografiko baten aldeko apustua egin du. Bere oroimenak ekarri ditu banandu berri den ama bat protagonista duen pelikulan. «30 urte eman ditut film hau egin nahian», aitortu du Lafossek. Azkenean izan du aukera, eta bere amarekin duen oroimenik ederrenetako batera egin du salto. «Nire amak oporretan eraman nahi gintuen banandu zenean. Oso dibortzio gogorra izan zen eta zailtasun ekonomikoak zituen. Gauerdian, nire anaiak eta nik esan genion, ‘zergatik ez goaz aitaren gurasoen opor-etxera?’ Amak sentitzen zuen ezin zuela joan, baina tematu egin ginen eta azkenean konbentzitu egin genuen. Niretzat aste hori zoragarria izan zen», kontatu du. Zuzendaria pozik dago film hau bere amarentzako omenaldi bat delako eta berak ikusi ahal izango duelako.

Hala, ‘Six jours ce printemps-là’-ko protagonista Sana da, bi mutikoren ama. Haiek dira bere lehentasuna eta oporrak iristean beraiekin gozatu nahi ditu. Trabak gora behera, Saint-Tropez ingurura doaz, senarraren familiako etxera, bertan daudela inork jakin ezin duen arren. Eta hor dago suspentse puntua.

Zuzendariarentzat soziologia ariketa bat egitea da zinema, gertatzen ari den zerbait kolektiboan aztertu daitekelako. Lan honen kasuan, izkutatzeko beharra duten istorioen izugarritasuna azaleratu nahi izan du. «Zergatik ez galdetu aiton-amonei? ba beldur delako. Bikote bat banantzen denean, haurrak badituzte, guraso izaten jarraitzen dugu. Zenbat gatazka daude bikotean? eta zenbatetan ordaintzen dituzte umeek? hori gertu sentitzen dut. Osagai politikoa hori da, politika familian bertan hasten delako. Amak transmititzen die gure nahiak betetzen saiatu behar garela. Akatsak ere egiten ditu, eta barkamena eskatzen du», aipatu du.

Argiaren magia

Kontraste handiak daude argiztapenean, hondartzako egun eguzkitsuak badaudelako, baina etxe barruko kandelapeko plano ugari ere bai. Izan ere, horiek dute garrantzi gehien, izkutuka ari direlaren seinale. Argiztapena erronka handia izan da, baita filmaren gakoa ere. «Nire miresmen osoa dauka Jean-François-ek– esan du Lafossek Jean-François Hensgens argazkilaritza zuzendariaz– ohore bat da berarekin lana egin ahal izatea». Kontatu duenez, beti Europako iparraldean egin izan du, eta oraingoan osorik hegoaldeko argiarekin grabatu du, eta desberdina izan da.

Eszena ilunak grabatzerakoan lan berezia egin behar izan dute pertsonaien aurpegiak ikusteko. Zuzendariaren esanetan, Hensgensek arriskuak hartu ditu eta hori egin izana eskertu dio, filmaren emaitzan eragin zuzena izan duelako. Argiztapen eskasaren arazo teknikoak gainditzeko, trikimailuak erabili zituen argazkilaritza zuzendariak: «Kanpoaldean argi asko zegoen, eta barruan oso gutxi. Iluntasunean diafragmarekin jolastu dugu argiaren sakontasuna mantentzeko. Horrez gain, makillajearekin azalaren dizdira lortu dugu, aurpegiek beti argia izan dezaten», adierazi du Hensgensek.

Musikak ere filma osatzen duela uste du Lafossek, berak nahi zuen beldur sentsazioa, baina baita ere opor eta nostalgia sentsatzioa transmitizten laguntzen duelako.

Aktoreen hautaketa

Lafossek azpimarratu du aktore «bikainak» izan behar zutela, eta horretarako froga ugari egiten dituztela. Eye Haïdararen kasuan, berarekin izan zuen konexioak eman zion papera, amaren istorioa kontatu zionean hunkitu egin baitzen.

«Zuzendariaren amaren papera egitea erantzunkizun handia da. Joachimek esan zidan ‘bizitu’, besterik gabe. Horrelako paper bati heltzeko gogoa nuen. Askatasun handia sentitu nuen zentzu horretan, baina asko hitz egin genuen pertsonaien inguruan. Amaren pasadizoak kontatzen zizkidan eta horietaz baliatu nintzen. Hala ere, indarra haurrengandik jaso nuen», baieztatu du Haïdarak.

Leonis eta Teodor Pinero Müller dira Sanaren semeen papera egiten dutenak. Esan dutenez, beraiek izan ziren aktore lanetan hasi nahi izan zutenak, ez zen gurasoen kontua izan. Hala, gurasoen kezkak lasaitzeko, haiekin serio lanetan ari zirela ziurtatu zien lantaldeak. Era berean, Lafossek esan du bere antsietatea gaztetxoei ez transmititzeko, pertsona berezi bat zegoela beraiek zuzentzen.

Jules Waring ere ageri da filmean, Sanaren bikote berriaren paperean. Filmaren lantaldeari buruz esan du «unean lana zehaztearen aldekoak» direla, eta horri esker «atsegina» izan dela. Aktoreen artean dagoen giro lasaia eta konfidantza pantailaren beste aldean nabari da.