NAIZ

Abian da Beldur Barik lehiaketa, gazteek indarkeria matxistaren aurkako jarrera agertu dezaten

Beldur Barik lehiaketaren 16. edizioa abian da dagoeneko. Ikusentzunezkoak aurkeztuta, gaztetxoek aukera izango dure indarkeria matxistaren aurkako jarrerak adierazteko. Azaroaren 9ra bitarte izango dute lanak aurkezteko epea.

Miren Elgarresta, lehiaketaren aurkezpena egiten.
Miren Elgarresta, lehiaketaren aurkezpena egiten. (IREKIA)

Donostiako Lauaizeta ikastetxean egindako ekimenarekin hasi dute astelehen honetan 2025eko Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa, gazteek indarkeria matxistaren aurrean beren jarrera erakutsi dezaten.

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak sustatzen du lehiaketa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudel Udalen Elkartearekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoko herri erakundeek sustatutako ekimen zabala da Beldur Barik programa eta, gazteen artean indarkeria matxista saihesteko eta haiekin batera hausnarketa eta eztabaidak sustatzeko helburua du.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Donostiako ikastetxean egindako agerraldian gogorarazi duenez, programaren helburua da gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea, «nesken ahalduntzea lagunduz eta mutilei berdintasunaren beharraren inguruan hausnartzen lagunduz». Horretarako, gazteen parte hartzea eta sormena sustatzen dituen proiektuak hausnarketarako espazioa eskaintzen die.

20 urte arteko gazteak

Beldur Barik lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, banaka edo taldeka, bi kategoriatan banatuta: 12-16 urtekoena (2009 eta 2013 artean jaiotakoak) eta 17-20 urtekoena (2005 eta 2008 artean jaiotakoak).

Aurkeztutako ikus-entzunezkoek gazteen jarrera kritiko, eraikitzaile eta konprometitua islatu behar dute indarkeria matxistaren aurrean. Gazteek ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana, edo haien kabuz. Lehiaketaren oinarriak programaren webgunean kontsulta daitezke, baita bideoen sorkuntzarako lagungarria izan daitekeen materiala ere.

Parte hartzea zabalik egongo da azaroaren 9ra bitarte, eta izen-ematea webgunearen bidez egin beharko da. Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro gehi liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 euro) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 euro) ere. Lan sarituak azaroaren 28an egingo den Beldur Barik Topaketan jakinaraziko dituzte.