
Donostiako Zinemaldian alfonbra gorriak, photocallek, sariek eta glamour usainak hartu ohi du fokua, baina astearte goiz honetan aldarri argi bat egiteko bete dute prentsa aretoa zinema industriako hamarnaka emakumek. Indarkeria sexualik ez dutela onartuko eta ez direla isilik geratuko nabarmendu dute, ‘Gure Ahotsak: indarkeria sexualen aurkako ekintza kolektiboa’ ekimenean.
Emozioa, indarra, txaloak eta malkoak, guztiak elkartu dira aretoan, hasierako sarreraren ostean, 30 emakume inguruk indarkeria matxista pairatu duten kideen testigantzak irakurri baitituzte, isiltzera behartzen dituen sistemaren aurrean, ahotsa altxatzeko saretzeak duen garrantzia ekarri dute lehen planora.
Lehendabizi Ignasi Camos ICAAko zuzendari nagusiak hartu du hitza. Zinema munduan ematen den indarkeria ez dela «arazo indibidual bat» adierazi du, egiturazkoa baizik, eta instituzio kulturalei dei egin die ematen ari diren urratsei beren baliabideekin laguntzeko.
Rakel Ezpeleta aktore eta kantariak hartu du hitza jarrian, ‘(h)emen’ elkartearen eta Euskal Aktoreen Batasuna elkartearen izenean, eta bertan aurreratu du indarkeria matxisten aurkako protokolo bat prestatzen ari direla arte eszeniko eta ikus-entzunezkoetarako. Sarrera horretan Palestinari ere keinua egin nahi izan dio: «Feministok jazarpenaren eta boterearen abusuaren aurka gaude beti, horregatik kolonialismoaren eta genozidioaren aurka gaude, horregatik diogu: Palestina askatu». Txaloek hautsi dute isiltasuna.
%58 ez da seguru sentitzen lanean
Euskal Herri osoan aplikatu nahi duten protokoloa urrirako aurkeztea aurreikusten badute ere, protokoloa egiteko ikerketa bat egin dutela azaldu du, eta zenbait datu bota ditu. Inkesta erantzun duten pertsonen %58k adierazi du ez dela seguru sentitzen bere laneko inguruan, %43k erantzun zuen indarkeria kasuren bat bizi izan duela lehen pertsonan, eta %60k indarkeria kasuren bat ikusi du.
Era berean, biktimen %65,5ek norbaiti adierazi diote jasandako indarkeria, baina salaketen zenbakietara jo eta askoz gutxiago direla onartu du Ezpeletak, eta hor badagoela zer hausnartua.
CIMAren izenean Almudena Carracedok hartu du hitza. Estatu espainoleko datuak lantzen dituen txostena argitaratu dute duela gutxi: «Indarkeria hauen dimentsioa datuekin ikusi nahi genuen, instituzioei esku hartzea exijitzeko beharrezkoak direlako datuak».
Ikus-entzunezkoen alorrean lan egiten duen %60,3k onartu du nolabaiteko indarkeria sexuala jasan duela, horietatik %92k ez du salatu eta %94k norbaiti kontatu dio baina ez du salatu. Nabarmendu du egun «kantzelazioaren kulturaz» asko hitz egiten dela, baina emakumeek pairatzen dutela: «Gu gara lana galtzen dugunak, berriro deitzen ez gaituztenak, salatzen badugu gure izenak daude lehen planoan eta ez beraienak».
Praktika onen bidean
Blanca Reyk kontatu du ikus-entzunetan dabiltzan emakumeen Andaluziako elkarteak CIMAk egindako ikerketaren datuak hartu eta «praktika onen» gida bat prestatu dutela. Pare bat nabarmendu ditu bere hitzartzean: inguru seguruak eraikitzea, protokoloak sortzea eta ekoiztetxeek benetan sinestea bertan, eta formazioa lantalde osoan.
Datuak eta testigantzak, guztiak dira beharrezkoak indarkeriaren dimentsioak ulertzeko. Eta prentsaurrekoaren bigarren zatian testigantza gogorrak entzun ditugu, malkoei ezin eutsi batzuk, eta besteak sabela trikututa.
Amaitzeko, Estatu espainoleko zazpi elkarteek batera idatziriko manifestua irakurri dute, eta hainbat eskakizun zehatz egin dituzte: «Sektoreko erakundeei, ekoiztetxeei, banatzaileei, jaialdiei eta akademiei eskatzen diegu salaketarako eta berdintasun protokoloak martxan jartzea, sexu-jazarpenari aurre egiteko konpromiso publikoak hartzea, gizonek soilik osatutako espazioak saihestea, errodajeetan puntu moreak jartzea eta intimitate koordinatzailea egotea».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

