Maider IANTZI - Xole ARAMENDI

Leire Bilbaok eskuratu du Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazional espainiarra

Leire Bilbao Barruetabeñak aurtengo Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazional espainiarra jaso du, ‘Klera’ lanagatik. Gerra batean harrapatutako haur baten kontakizun poetikoa da. Adinari tokatzen zaiona baino lehenago, umeak heriotza izango du aurrez aurre eta berekin elkarrizketa bat izango du.

Leire Bilbao 2022ko irudian, Haur eta Gazte Euskadi Saria sariemate ekitaldian.
Leire Bilbao 2022ko irudian, Haur eta Gazte Euskadi Saria sariemate ekitaldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Leire Bilbao Barruetabeñak (Bizkaia, 1978) 2025eko Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso du ostegun honetan, ‘Klera’ lanagatik. Madrilgo Kultura Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, epaimahaiak ‘Klera’ aukeratu du «edertasun poetikoagatik» eta «kulturaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko konpromiso inplizitua duen proposamen bat» delako. «Gatazka, gerra eta heriotza bezalako gai gordinei heltzen die, haurrentzat ulergarriak izan daitezen».

Epaimahaiak nabarmendu duenez, ‘Klera’ «etiketarik gabeko literaturan, diziplinarteko literaturan, edertasunean» eta «giza izaeraren alderdi sakonenean errotutako pieza delikatu eta beharrezkoa» da.

Proiektu kolektiboa da ‘Klera’, diziplina anitzekoa, baina testua da saritu dutena. Hala ere, pozik hartu dute guztiek, Jon Maya bultzatzaile eta zuzendariak, June San Sebastian ilustratzaileak, Maite Larburu musikariak, Kukaik Dantzak, David Bernues bideogileak eta Kukai Dantzarekin batera iaz obra argitaratu zuen Elkarrek.

Perutik erantzun dio NAIZen deiari Bilbaok. Telefonoa bero-bero du ondarroarrak. Oroitu duenez, Maya berarekin harremanetan jarri zen 2023an eta elkarrekin zerbait egiteaz solastatu ziren. «Gerra baten erdian dagoen ume batez idatzi nahi dut. Animatzen zara?», bota zion galdera idazleak. «Bai, aurrera, horretarako dago arte sorkuntza», dantzariaren erantzuna. Hala, Bilbaok testua bidali zion, gerran harrapatuta dagoen haur baten kontakizun fikzionatua.

Testu poetikoa

Eskuz esku egitasmo bat osatzeko ideia bazuten ere, askatasun osoa izan zuen Bilbaok testua idazteko. «Album bat da. Testua oso laburra da. Ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esatea izan da erronka, baita gerraren testuinguruan zerbait literarioa sortzea ere. Une batean denok edukiko dugu heriotzarekin elkarrizketa bat, lehenago edo geroago. Zoritxarrez, albumaren protagonista gaztetxo bat da, eta bere adinari tokatzen zaiona baino lehenago heriotzarekin elkarrizketa bat izango du aurrez aurre. Hori da muina», azaldu digu.

Testu poetikoa da, gogorra bezain ederra. «Poesia oso instrumentu garrantzitsua da edozein gairi buruz hitz egiteko: gatazka, heriotza, biolentzia mota asko... Beti defendatu dut poesia, baliabidea ematen du gaiak plazaratzeko eta irakurle bakoitzak bere irakurketa egiteko», adierazi du.

‘Klera’-ren ibilbideaz galdetuta, erantzun du badakiela Kukaik emanaldiren bat egin duela eta ikastetxeetan ere egon dela, baina behin liburu bat argitaratzen duenean bere bidea egiten uzten dio eta beste liburu bat sortzea izaten du buruan.

Ibilbide oparoa eta saritua

Leire Bilbao Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. 2006an, ‘Ezkatak’ lehen poema-liburua argitaratu zuen, 2011n ‘Scanner’, 2018an ‘Entre escamas’ poema-liburu elebiduna eta 2020an ‘Etxeko urak’.

Haurrentzako liburu ugari argitaratu ditu, hala nola ‘Xomorropoemak’ 2017ko Euskadi Literatura Saria, ‘Bichopoemas y otras bestias’, 2019ko Kirico Saria eta 2021eko Lauaxeta Saria eta 2022ko Euskadi Saria ‘Barruko hotsak’ lanarekin.

Helduentzako bere lana hainbat hizkuntzatara itzuli da, antologia ugariren parte da eta bere konposizio batzuk musikalizatuak izan dira.

Madrilgo Kultura Ministerioak Estatuko egile baten lan bat goraipatzeko ematen duen sariaren epaimahaiburua Maria Jose Galvez Salvador izan da, Liburuaren, Komikiaren eta Irakurketaren zuzendari nagusia. Estatuko hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzitako eta Estatu espainolean argitaratutako lanak baloratu dituzte kontuan, lehen edizioa joan den urtean izan zutenak.

Epaimahaikide izan dira, halaber, Fermin Erbiti Zabalza, Euskaltzaindiako kidea; Almudena Hernandez de la Torre Chicote, Liburua, Irakurketa eta Espainiar Letrak Sustatzeko Zuzendariordetza Nagusiko zuzendariorde ondokoa; Jose Manuel Sanchez Ron, Errege Akademiakoa; Xosefa Casalderrey Fraga, Galizako Errege Akademiakoa eta Monica Rodriguez, aurreko deialdiko sariduna.