Ilargi Avila
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Adingabeekin kalean bizi diren sei familien egoera zaurgarria salatu dute Iruñean

Zenbait elkartek adingabeak dituzten sei familien egoera zaurgarria salatu dute. Bizitza duina izan dezaten, etxegabetzeak gelditzeaz gain, alokairu sozialeko etxebizitza eskatu diete erakunde arduradunei.

Iruñean ostiral honetan egin duten agerraldia.
Iruñean ostiral honetan egin duten agerraldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ostiral honetan zenbait elkartek batu dira Nafarroako hiriburuan migratutako sei familien egoera zaurgarria salatzeko asmoarekin. Elkarteek azaldu dutenez, jasotzen ari diren diskriminazioaren ondorioz, familiek ez dute etxebizitzak alokatzeko aukerarik izan eta kalean bizirauten ari dira, beraien kideen artean adingabeak dituztela. 

Elkarteetako kideek arrazakeriarekin lotura zuzena duen egiturazko arazo bat dela ziurtatzen dute eta jatorria edozein izanda pertsona guztiek oinarrizko giza eskubideak eskuratzeko bermea izan beharko luketela nabarmendu dute. 

Migratzeagatik familia eta pertsonak kriminalilzatzen dituzten diskurtsoak kritikatu dituzte, migratzea duintasun eta ausardiaren ekintza dela azpimarratuz. Migratzearen erabakia maiz indarkeria, desberdintasuna eta jazarpena ezaugarri gisa dituen testuingurutik ihes egiteko hartzen dela gogoratu dute, bizirauteko ikusten duten irtenbide bakarra.

Arazoa ibilibide luzea duela adierazi du Andoni Burgetek, Nafarroako SOS Arrazakeriko kideak, izan ere, pasaden otsailean, negu gorrian, lau familiak kale egoera berdinean ikusi ziren. Azaldu duenez, auzotarrek hartu zuten laguntzeko ardura eta herri-sare solidarioari esker irtenbidea eman zioten egoerari. Hurrengo urriak 9an, Burlatan, beste etxegabetze bat gertatu daitekela jakinarazi du Burgetek, izan ere, adingabeak dituen familia batek iruzurra pairatu du.

Elkarteetako kideek Iruñeko Udalari, Gizarte Eskubideen Departamenturari eta erakunde arduradun guztiei etxegabetzeak gelditzeaz gain, alokairu sozialeko etxebizitzak eskatu dizkiete, egoera zaurgarrian bizi diren familiak bizitza duina izan dezaten. Era berean, arrazakeria eta bazterketa sozialaren aurkako konpromiso argia erakustea eta kalean dauden pertsonentzat harrera egitura duin eta iraunkorra bermatzea garrantzitsua dela gehitu dute. 

Salhaketa Nafarroa, Dar Etxea, MIG, Elkarri Laguntza, Paris 365, Haritu, Nafarroako SOS Arrazakeria eta Oxfam Intermon elkarteek parte hartu dute.