NAIZ

Kontseiluak arkitektura juridiko baten beharra nabarmendu du Legebiltzarreko eztabaidari begira

Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldia epaitegietatik Legebiltzarrera eramateko pausoa baikortasunez hartu du. Horren harira, LAB eta ELA sindikatuekin adostutako proposamena defendatu du eta alderdi euskaltzaleei arkitektura juridiko berri bat adostea eta gauzatzea eskatu die.

Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak egindako elkarretaratzea
Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak egindako elkarretaratzea (EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA)

Euskalgintzaren Kontseiluak baikortasunez hartu du Gasteizko Legebiltzarrean euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko ostegunean eman daitekeen pausoa eta euskara bermatzeko arkitektura juridiko berria sortu eta gauzatu behar dela gehitu du. Izan ere, EAJ eta EH Bilduren proposamenak aztertu eta bozkatu behar dira osoko bilkuran, prozesuari bidea emanez. PSEk ez dituela babestuko aurreratu du.

Oldarraldia hasi zenetik guxtienez 34 sententzia eman direla oroitarazi du Kontseiluak. Botere judizialak Lakuako Gobernuaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta dozenaka udalerriren hizkuntza-politika erabakitzeko eskumena mugatu duela salatu du zenbait alditan. Ohar baten bidez ziurtatu dutenez, 700 lanpostu publikori baino gehiagori eragin izan die euskararen normalizazioari oztopoak jarri izanak, EAEko herritar eta langileei «euskaraz bizitzeko eskubideak urratuz».

Euskalgintzaren Kontseiluak larrialdi linguistikoaren barnean gertatzea kezkagarritzat jo du, izan ere, euskararen desofizializazio prozesu bat gertatzen ari dela adierazi du, «40 urte atzera egiteko arriskua dagoela» ondorioztatuz. Kontseiluko kideek administrazioan euskara bigarren mailako hizkuntza minorizatua dela azaldu dute, euskarari ez baitzaio ematen gaztelaniak arlo publikoan duen balio bera. 

Egoera honi aurre egiteko, Legebiltzarrean abiatuko den eztabaidaz gain, arkitektura juridiko berria behar dela gogorarazi nahi izan die alderdi euskaltzaleei. Kontseiluaren arabera, ezinbestekoa da gaur egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditzeko eta etorkizunean langile publiko guztiek euskara menperatuko dutela bermatzeko. Horrela, LAB eta ELA sindikatuekin batera adostu zuen proposamena defendatu eta gogoratu du, auzia Legebiltzarrera eramateko aukeraz administrazioa euskalduntzeko baliatu behar direla gehituz. 

Bi hizkuntza ofizial

Kontseiluak oharrean aipatu duenez, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %75ak administrazio publikoko langileak bi hizkuntza ofizialak ezagutu beharko lituzketela babestu du.

Datu hauek biztanleriak arlo publikoa euskalduntzeko duen nahia mahai gainean jarri dute eta Kontseiluak euskararen normalizazioa oztopatzen ari diren sententziak salatzeko mobilizazio soziala bultzatuz erantzun egin du.