NAIZ

Lizarrako 2024ko "Bajadican" salatutako 27 gazteren kontrako auzia ere artxibatu du epaileak

Raimundo el Canastero taldeko kideen absoluzioaren ostean, epaile berak artxibatu du 2024ko "Bajadican" protesta egiteagatik salatutako 27 gazteren aurkako auzia. Protesta eskubidea nagusitu da ikuspegi juridikotik.

Lizarrako udaletxea.
Lizarrako udaletxea. (LIZARRAKO UDALA)

Raimundo el Canastero taldekideen absoluzioaren ondoren, 2024ko "Bajadican" salatu zituzten Lizarrako 27 pertsonaren kontrako auzia ere artxibatu eta behin-behinean itxi da asteazken honetan. Bi kasuetan, epaile berak erabaki du kasuak artxibatzea.

27 gazte horiek identifikatu eta salatu zituzten, ustez protesta lerroetan aurrean egoteagatik eta alkatearen aurkako jarreragatik. Fiskaltzak «desordena publikoen delitua» leporatu zien, baina epailearen arabera, gertakariek ez dute delitu hori osatzen, ezta bestelako zigorgarri diren ekintzak ere.

Autoan jasotzen denez, 2024ko abuztuaren 2an, Lizarrako jaien hasieran, Marta Ruiz de Alda alkateak "Bajadica del Puy" bertan behera uztea erabaki zuen, txosnen debekuak sortutako tentsioaren ondorioz. Alkatearen erabakiek herritarren haserrea piztu zuten, eta horren adierazgarri izan ziren protestak: pankartak, pintadak, panfletoak, sare sozialen mezuak, kamisetak, eta Raimundo el Canasteroren ‘Beef de Alda’ abestia.

Epailearen iritziz, ez dago frogatuta protestak indarkeriazkoak izan zirenik. Beraz, auzia artxibatu da eta gazteek ez dute auziperatze arriskurik izango. Erabaki hau sinatu duen epailea bera da aste honetan bertan Raimundo el Canastero taldeko kideak absolbitu dituena, taldearen abestian alkatearen aurka adierazitako esamoldeak ez zirela delitutzat har daitezkeenik iritzita.