NAIZ

Hiru gizon atxilotu dituzte asteburuan Gasteizen emakumeei erasotzeagatik

Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon, 31 urteko bi eta 47 urtekoa hirugarrena, atxilotu ditu asteburuan, bikotekideei eta bikotekide ohiari erasotzeagatik. Bestetik, Donostian joan den astean izandako eraso matxista gaitzesteko elkarretaratzean parte hartu dute udal talde guztiek.

Eraso matxisten aurkako elkarretaratze baten artxiboko irudia.
Eraso matxisten aurkako elkarretaratze baten artxiboko irudia. (DONOSTIAKO UDALA)

Lehen atxiloketa larunbat arratsaldean izan zen, 18.30ean, Gasteizko San Martin auzoko etxebizitza batean. Bertan gizonezko batek bikotekide ohiari eraso egin zion eta honen egungo mutil-laguna labanaz mehatxatu zuen.

Ustezko erasotzaileak etxebizitzatik alde egin zuen, baina udaltzainek Bustinzuri kalean aurkitu eta atxilotu egin zuten.

Egun horretako gaueko hamaika eta erdiak aldera, Udaltzaingoak 31 urteko gazte bat atzeman zuen. Patruila bati Koroatze kaleko taberna batera joateko eskatu zioten; bertan bikotekideak eraso egin zion emakume bat zegoen. 

Biktimak azaldu zuenez, eztabaida izan zuten etxean, eta eztabaidan ari zirela gizonak eraso egin zion. Emakumeak aurpegian zituen markak eta, kontatu zuenez, erasoak ohikoak ziren.  Erasotzailea gertu topatu eta atxilotu zuten. 

31 urteko hirugarren gizona igande goizaldeko hirurak aldera atxilotu zuten Nafarroako Errege-erreginen kalean. Bertan, emakume batek bikotekideak eraso egin ziola salatu zuen.

Poliziek gizona eta emakumea metro gutxira aurkitu zituzten, eta ustezko erasotzailea atzeman zuten, emakumearen markak ikusita.

Gainera, Udaltzaingoak 21 urteko emakume bat atxilotu zuen joan den larunbatean, etxeko indarkeriaren arloko lesio delitu baten ustezko egile gisa.

Gertaera 7.30ean izan zen, Arabako hiriburuko La Paloma kalean; bertan poliziek bikote bat aurkitu zuten. Antza denez, eztabaida baten erdian, emakumeak eraso egin zion gizonari eta zauriak eragin zizkion sudurrean eta belarri batean. Ondorioz, atxilotu egin zuten. 

Elkarretaratzea Donostian

Bestetik, Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideek astelehen honetan izan den elkarretaratzean parte hartu dute, emakume batek joan den astean jasandako eraso matxista gaitzesteko.

Erasoa joan den ostegunean izan zen. Mutil-lagun ohiak jo egin zuen, leiho batetik bere etxebizitzara sartu ostean, urruntze agindua urratuz.

Gertaera horien berri izan ondoren, Donostiako Udalak adierazpen bat onartu zuen gertakaria gaitzesteko, kaltetuari elkartasuna adierazi zion eta elkarretaratzea deitu zuen.

Ekitaldiaren amaieran, Eneko Goia alkateek deitoratu egin du horrelako gertaerak «zoritxarrez gertatzen jarraitzea»; izan ere, «erakusten dute, denok nahi dugun berdintasunaren bidean, oraindik gainditu ez dugun lehen mailetako bat segurtasuna dela».