NAIZ

Udako Ikastaroen 44. edizioan 14.000 parte-hartzailetik gora, «hausnarketa kiritikoa» hauspotuz

Udako Ikastaroen 44. edizioa amaitu berritan balorazioa egin dute antolatzaileek. Jendetsua izan dela adierazi dute eta «ezagutzaren trukerako» espazio baliagarria izan dela gehitu. Hurrengo ikastaroetarako gaiak proposatzeko epea azaroaren 1ean irekitzen dela gogorarazi dute.

UIKren antolatzaileek 44. edizioaren balantzea egin dute.
UIKren antolatzaileek 44. edizioaren balantzea egin dute. (UIK)

EHUko Udako Ikastaroen 44. edizioa amaitu berritan, «balantza oso positiboa» egin dute antolatzaileek. «Ezagutzaren trukerako eta gizartearen erronka nagusiei buruzko hausnarketa kritikorako topagunea» izan dela adierazi dute Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako errektoreordeak eta Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko zuzendari akademikoak. Astelehen honetan eman dituzten datuen arabera, 170 jarduera antolatu dira aurtengoan, eta 14.330 parte-hartzaile izan dira. 

Eduki akademikoari dagokionez, «interes sozial handiko gaietan» jarri dutela arreta kontatu dute: «Bizikidetza, demokrazia, iraunkortasuna eta adimen artifiziala bezalako gaiek ikasgeletan eman diren eztabaidak zeharkatu dituzte». 

Udako Ikastaro gehienak Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Baionan izan badira ere, ezagutza «lurraldean zehar barreiatuz», herritar guztiengana hurbiltzeko helburuari erantzunez, eskaintza beste hainbat herritara ere zabaldu dela azaldu dute. Ikasleen profilari lotuta, aldiz, egun bakoitzeko parte-hartzaileen batez bestekoa 72 lagunekoa izan dela argitu dute, «ikasleen profila askotarikoa» izan dela zehaztuz. 

«Aurten ere sendotu egin da Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza Sailarekin eta Hezkuntza Sailarekin lankidetza. Elkarlan horren fruitu gisa irakasleei zuzendutako programa bereziak eskaini dira, hala nola ‘Irakasteko Ikasten’ eta ‘Ikasiz Hezi’», esan dute antolatzaileek. 

Bestalde, metodologia berrien inplementaziorako instituzioekin lankidetzan ari direla nabarmendu dute, eta horren adibide dela aurtengo edizioan 5 TopaGuneikastaro egin izana. 

«Konpromiso instituzionalarekin» jarraituz, Euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin «Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen 4. edizio arrakastatsua ospatu da Baionan. Bost egunez, 800 parte-hartzailetik gora elkartu dira», gehitu dute. Eta hurrengo urteetan, bide horretan lanean jarraituko dutela adierazi. 

2026ko edizioari begira

UIK 2026ko edizioari begira dago jada, antolatzen hasi baita. Azaroaren 1etik 30era bitarte izango da Uda Ikastaroetarako gaiak proposatzeko epea, eta ikastaroren bat antolatu nahi duen orori proposamenak bidaltzeko gonbidapena egin die Otaeguik.