
Esku pilotaren balizko entziklopedia batean, Donostiako Atano III.a pilotalekuak aparteko leku bat izango luke, bertan jokatu baitira historiako finalik handienetako batzuk. Bada, liburu horretan kapitulu berri bat idatzi nahi du igande honetan, urriaren 12an, Hiru Hiriburuak txapelketak. Nafarroa Arena, Labrit, Bizkaia eta Ogeta bezalako gainerako pilotaleku industrial guztiak goraino bete ostean, historian lehendabiziko aldiz, emakumeen esku pilota final batek Donostiako kantxa historikoko harmailak goraino betetzeko erronka ipini dio antolakuntzak bere buruari.
Gasteizen jokatutako 35 partidatako maratoiaren eta Bilboko finalerdi ikusgarrien ostean, Euskal Herriko pilotalekurik mitikoenetako batean emango zaio amaiera denboraldiko txapelketarik trinkoenari. Hiru jardunalditan eta hiru mailatan, Euskal Herriko klub guztietako 70 emakume pilotari aritu dira lehian eta igande honetan maila bakoitzeko bikoterik onenak zeintzuk diren jakiteko ordua heldu da.
Elite mailako finala igande eguerdian jokatuko da eta final handi guztietan bezala, ETB-1eko kamerak bertan izango dira. Bilboko Esperantza pilotalekuan jokatutako finalerdien ondoren, gainera, lehen mailako final jokatuko da Atano III.a pilotalekuan. Zabaleta-Mendizabal, iazko garaileek, txapelaren defentsa egingo dute Etxegarai-Gaminderen aurka.
Hau da, egungo Lau eta Erdiko txapelduna eta Binakako txapelduna elkarren aurka arituko dira finalean. Hortik harago, Goiuri Zabaleta eta Enara Gaminde aurreko eta atzeko koadroetako erreferentzia nagusiak izan dira azkenaldian eta elkarren aurkako demek ikuskizun handia sortu ohi dute, Donostiako final honekin gertatu den bezala.
Faborito garbirik ez
Finalaren atarian, Goiuri Zabaletak partida gogorra espero du iganderako eta lehia oso irekia ikusten du goizuetarrak. «Finala oso gogorra aurreikusten da, azken finean nik uste atzelari onenetako baten aurka, Enara Gaminderen aurka, jokatu behar dugu eta zer esanik ez Maddalen Etxegarairen aurka. Iruditzen zait Hiru Hiriburuak txapelketa oso on bat egiten ari dela oñatiarra, txisparekin dago eta elkarrekin partidak aurrera ateratzen ari dira bikote sendo bat osatuz. Faborito garbirik ez dut ikusten, egia da Nora eta ni lehengo urteko txapeldunak garela baina iruditzen zait, final guztiak bezala, igandekoa oso irekia izan daitekeela, egun guztiak ez dira berdinak eta edozer gauza gerta daiteke», adierazi du Zabletak.
Maddalen Etxegarai ere uste berekoa da, baina partida Donostiakoa bezalako kantxa historiko batean jokatzeak sortzen dion zirraran egin du azpimarra: «Atano III.ean jokatzea beti da berezia, bai gipuzkoarra izateagatik eta baita azkenean frontoi mitiko bat delako. Iaz beste final bat jokatzeko aukera izan nuen eta Atano bezalako pilotaleku historiko bat beteta ikustea final batean, partida berezia da berez eta bereziagoa egiten du jendearen animoak».

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
